Pandemia eta zuzenbidea lotu dituen ikastaroarekin hasi dira besteak beste UEUren 49. Baionako ikastaroak. Pandemiak gogoeta hori ekarri du zuzenbidera eta Joana Falxa Zuzenbide pribatu eta zientzia kriminaletan doktorea aritu da ikastaroaren antolaketa lanetan.
Nondik dator ikastaroaren ideia?
Ikastaroen proposamenak igortzeko garaia ireki zenean etorri zen ideia. Gogora etorri zitzaizkidan zuzenbidearen ikuspuntutik, azken urtean bizi izan ditugun aldaketa guztiak. Jendea nola zegoen galduta eta Euskal Herrian, bi estatuen arteko muga hori zeharkatzeko izan genituen eta ditugun zailtasunak. Gogoeta eragin zidan zuzenbidearen eta pandemiaren inguruan, inguruan galdetu nuen ea jendeak bazuen interesik ikastaro hau nirekin emateko eta pixkanaka zabaldu da gogoeta, ikastaroa osatu arte.
Nola sortu da ezohiko zuzenbidea?
Bai Frantzian eta baita Espainian ere marko orokor baten barnean sortu da. Hori da ikastaroan aztertu duguna, ezohiko marko juridiko horiek zeintzuk diren. Alarma egoera Espainian eta emergentziazko estatua Frantzian. Egunerokotasunean eta egunerokotasuneko ohiko zuzenbidean izan duen itzulpena aztertu dugu, modu desberdinetan garatu baita.
Nola hartu dio gaina ezohiko zuzenbideak ohiko arauei pandemia garaian?
Ezohiko zuzenbidearen mekanismo eta dispositiboak barneratu ditu zuzenbideak. Espainiaren kasuan adibidez normaltasun berriaren espresioa horretan, normaltasun berri horrek ezohiko zuzenbidearen aztarna batzuk barneratzen ditu. Frantziaren kasuan gauza bera gertatzen ari da alarma egoeraren bukaera aurreikusiarekin. Eta badakigu lege batzuen bidez barneratuta geratuko direla ezohiko garai horretan izan diren arau batzuk. Prefetak leku batzuetan neurri berezi batzuk hartzea baimentzea adibidez. Birusari aurre egiteko, orain arte ikusita ez zeuden neurriak hartu dira eta denboran jarraituko dute ezohiko egoeratik kanpo ere.
Jendea pandemia garaian hurbildu al da zuzenbidera?
Elur jauzi bat bezala erori da zuzenbidea jendearen gainera. Bat-batean ulergarriak ez ziren neurri anitz hartu dira. Nahiz eta arau batzuk barneratu ditugula seguru izan. Baina ez ditugu ulertu zuzenbidearen sorrera ulertuz eta zilegitasunari buruzko argumentuak barneratuz. Ez dakit pentsatu dugun zuzenbide hori nola sortu den, zerk ematen dion zilegitasuna eta zein momentutan galtzen duen. Gure gaurko helburua ez da izan dena kritikatzea, bistan delako pandemia garai batean gaudela.
Ikastaro honetatik zer sortzea gustatuko litzaizuke?
Ez ohiko zuzenbidearen inguruko elkarrizketa, gogoeta haratago eramatea gustatuko litzaidake. Ez soilik pandemiaren ingurukoa. Etxera ideiak pixka bat argiago ditugula joatea, zuzenbidea zer eta nola aldatu den. Etorkizunari begira zuzenbideaz zer espero daitekeen ikusteko.