Céline Mounole: “Huts ohikoenak biltzen eta azaltzen dituen eskuliburua da DUDAKEN”

UEUk eta IKAS pedagogia zentroak elkarlanean antolatu dute “Euskaraz beti eta hobeki, DUDAKEN hizkuntza tresnaren oinarri”  formazioa Baionako Udako Ikastaroen baitan. Céline Mounole Baionako fakultateko Euskal Ikasketan Saileko irakasle eta IKER zentroko ikertzailea da ikastaro honen irakaslea.

Zer da DUDAKEN?
Ikas pedagogia zentroak sortu duen estilo liburu bat da. Azken aldian euskaraz hitz egiterakoan edo idazterakoan hedatzen ari diren hutsak zuzentzeko asmoarekin. Huts ohikoenak biltzen eta azaltzen dituen eskuliburua da.

Nondik dator DUDAKEN sortzeko beharra?
IKAS pedagogia zentroa ohartu zen iristen zitzaizkion testu eta eskuliburuetan ainitzetan zenbait huts errepikatzen zirela behin eta berriz. Orduan duda horiek argitzeko tresna baten sortzea izan zen ideia. Ikas zentroko burua, Aines Dufau etorri zen unibertsitateko irakasle eta ikertzaileengana eta elkarrekin lan bat abiatu genuen. Genituen duda ohikoenak zerrendatu genituen eta fitxa gramatikal laburrak idazten hasi ginen. Ondoren ilustratu eta entseatu gara material atsegin eta argia sortzen.

Frantsesez geroz eta kalko gehiago erabiltzen dira. Zein dira kalko horiek?
Adibidez, –rentzat atzizkia frango erabiltzen da azken aldian. Frantsesak duen pour preposizioa izugarri zabaldua delako. Eredu gramatikal gehiagotan erabiltzen baita euskararen -rentzat hori baino.

Zertan eragin nahi du DUDAKENek?
Ikusmiran ditu irakasleak eta irakaskuntzaren arloa, baina euskalgintzako gainerako arloei ez dizkie ateak ixten. Alderantziz, denentzako tresna izateko asmoa du, beharrezkoa ikusten baitugu horrelako tresnen sortzea. Ipar Euskal Herrian, Hegoaldearekin alderatuta berantago gabiltza, bertan aspalditik badira eskuliburua eta erabiltzen diren kalkoak deskribatuak. Hemen oraindik lan hori egiteko dugu.

Zein dira ikastaroaren helburuak?
Alde batetik DUDAKEN ikas tresna ezagutaraztea izango litzateke eta gero tresna horretan agertzen diren zenbait puntu gramatikal lantzea ariketen bitartez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude