Susi Rodriguez: “Ikasleei ikasteko era ezberdin bat eskaintzen die H5Pk; interesgarriagoa, dibertigarriagoa eta praktikoagoa”

“Eduki Interaktiboa sortu H5P erabiliz” ikastaroa ere izan da Eibarren, UEUren Udako Ikastaroen barruan. Susi Rodriguez Fernandez Informatikan ingeniaria izan da irakasle. E-learning zein irakaskuntzarako teknologietan espezializatuta da eta Elurnet enpresaren sortzailea.

Eduki interaktiboa noiz erabili eta zertarako?
Eduki interaktiboa oso egokia da e-learning ikastaroretan, baina baita ere osagarri bezala irakaskuntzan presentzialean.

Normalean eduki interaktiboa bi helburuekin erabiltzen da nagusiki. Batetik ezagutza eta gaitasun zehatz batzuk lantzeko; hau da, kontzeptu berriak lantzeko eta ingurune birtual batean kontzeptu horiek praktikan jartzeko.

Bestetik ebaluatzeko; bai jarduera baten feedback-a jasotzeko ikaskuntza prozesuaren barruan, bai ikaslearen jarduera kalifikatzeko.

Horregatik garrantzitsua da eduki interaktiboa sortzerakoan honi ematen zaion interaktibitatea aktiboa izatea, hau da, ikasleari bere gaitasunak edota ezagutzak praktikan jartzea eskatzen dion interaktibitatea.

Ikastaroan H5P tresna landu duzue. Zein ezaugarri ditu H5P tresnak? Zein aukera eskaintzen ditu?
H5P Software libreko tresna bat da, eta mota ezberdinetako eduki interaktiboa sortzen laguntzen digu, oso era errazean, programatzen jakin barik.

Berarekin 46 mota ezberdinetako edukia sortu daiteke, besteak beste; bideo eta aurkezpen interaktiboak, mota ezberdinetako galdetegiak, irakaskuntzarako eszenatoki interaktiboak, etab.

Gero eduki hori bai webgunetan, zein blogetan edo ikaskuntza plataformetan erabili dezakezu.

Hainbat plataformekin integratzeko aukera ematen du; Moodle, WordPress, Drupal, Canvas, blackboard eta brightspace rekin.

Berrabilpenerako aukera ere eskaintzen du. Zer dakar horrek?
Bai, berrerabiltzeko aukera eta baita lizentzia ezberdinak ezartzeko aukerak ere; eta hau izugarri interesgarria da arrazoi askoengatik. Alde batetik, eduki berdina ingurune ezberdinetan berrerabili dezakezulako edo integratu dezakezulako oso era errazean.

Lizentzien eta berrerabiltzeko ezaugarri horri esker, edukia era errazean zabaldu dezakezu beste pertsona batzuentzako eskuragarri jartzerakoan.

Berrerabiltzeko ezaugarri horri esker, aurretik eratutako proiektuak, proiektu berrien abiapuntu bezala har ditzakezu, eta horrela eduki berria azkarrago garatu, ez zarelako zerotik hasten. Gainera, eduki ezberdinak konbinatu ditzakezu eduki berria sortzeko.

Malgutasun handia ematen digun tresna bat da eta sorkuntza pixka batekin oso gauza politak egin daitezke.

Zer eskaintzen die irakasleei? Eta ikasleei?
Irakasleei eduki interesgarriagoa eta eraginkorragoa sortzeko aukera ematen die, baita e-learningeko estrategia aktiboak erabiltzeko aukera ere.

Honi esker ikastaro esanguratsuagoak sortu ditzakete.

Ikasleei ikasteko era ezberdin bat eskaintzen die, interesgarriagoa, dibertigarriagoa eta praktikoagoa; normalean aktibitate interaktiboak praktikan zentratzen direlako.

Zer da ikastaroan landu duzuena?
Ikastaroan H5Pk ematen dizkigun aukerak aztertu ditugu, eduki mota ezberdinak eta bakoitza zertarako erabili. Honekin, ikastaroan parte hartu dutenei ikuspegi orokor bat ematen saiatu naiz.

Eta gero praktikan aritu gara, hori baita mota honetako tresnak ikasteko modurik hoberena.

Eduki interaktibo mota ezberdinak zelan sortu ikusi dugu. Lehenengo h5p.org demo plataforma erabili dugu, eta gero sortutakoa esportatu egin dugu eta beste leku batzuetan zelan txertatu eta erabili aztertu dugu.

Azkenik Moodle plataforman zentratu gara, eta bertan hainbat eduki mota ezberdin sortu ditugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude