Oier Aizpurua: “Merkatu beltzeko kalamuaren THC kontzentrazioa handitzen joan da”

“Kannabisa: kearen atzean ezkutatzen dena” ikastaroko antolaketan ibili da Oier Aizpurua Olaizola kimikan doktorea. Kannabisa eta kannabisetik eratorritako produktuak duten erabilerari buruz aritu dira besteak beste Eibarko Markeskoa Jauregian.

Ikusi bideo elkarrizketa

Zer garrantzi izan dute kannabisak eta kannabisetik eratorritako produktuek historian?
Kannabisa gaur egun moda modan dagoen zerbait den arren, ez da gauza berria. 5.000 urte baino gehiago ditu kalamuaren erabilerak, bai erabilera terapeutikoak eta baita ludikoak ere. Askotan bien arteko muga oso estua izaten da. Erabilera horietan min kronikoak gutxitzeko askotan erabili izan da. Oinarri sendoa du historian zehar, baina azken 100 urteetan asko moztu da kalamuaren aurkakoko politikekin.

Zergatik diozue gaiaren inguruko ezagutza falta handia dagoela?
1890-1900 urteen inguruan, Amerikar Estatu Batuetatik abiatuta, kalamuaren aurkako politikek indar handia hartu zuten eta erabilera terapeutiko guztietatik kendu zuten, heroinaren klasifikazio berdinean sartuz. Orduan ikerketak bera egin zuen duela 20 urtera arte, orduan aurkitu zen hendokanabinoide sistema. Gure gorputzak hainbat prozesu erregulatzeko dituen sistema da. Memoria eta gosea bezalako funtzio desberdinak adibidez. Gure gorputzak baditu kanabidoideen antzeko konposatu batzuk eta funtzio horiek erregulatzen dituzte. Duela 20-30 politikek ikerketan atzera pausua eragin zuten arren, orain ari zaio pixkanaka buelta ematen.

Zein da egoera legala?
Leku batzuetan kannabisa medizinalki onartuta dago, baina ez errekrenazionalki. Beste estatu batzuetan bi erabilerak onartuta daude, hemen kasu honetan ez daukagu onartuta ez erabilera medizinala ez eta erabilera ludikoa ere. Linbo legal bat dago, kannabis kluben inguruan edo autokultiboaren inguruan, erregulazio falta itzela da.

Zein kannabis mota daude?
Askotan pentsatzen dugu kannabis mota bakarra dagoela. Kimiotipo mota desberdinak dituzten motak daude, hau da, konposatu kimiko desberdinak dituztenak. Ezagunena THC (tetrahidrokanabidol) altuko landareak dira, psikoaktiboak direnak. Hauek dira merkatu beltzean beti egon izan diren motak, jendeak kolokatzeko hartu izan dituenak. Aldi berean, erabilera medizinala duena esklerosi anizkoitzetan adibidez. Beste mota bat CBD (kanabidiola) altukoa da. Ez da psikoaktiboa, baina baditu beste aplikazio medizinal batzuk, lasaigarri edo antiinflamatorio bezala oso erabiliak direnak, adibidez epilepsian.

Zein arrisku ditu kannabisak eta nola gutxitu daitezke?
Debeku politiken ondorioz kannabisaren arriskua igotzen joan da. Merkatu beltzeko kalamuaren THC kontzentrazioa handitzen joan da historian zehar. Jendeak gramo bat ordainduta, ahalik eta gehien kolokatu nahi zuelako eta droga gogor bihurtu da pixkanaka. Alkoholarekin paralelismoa egingo bagenu, kalean aurkitzen dugun kalamua whisky-a edo tekila izango litzateke, ez dago zerbezarik. CBD-aren etorrerarekin arrisku horren gutxitzea etorri da. Kalamua erreta, baporizatuta, janda edo olio moduan hartu dezakegu. Janda hartzen dugunean efektua ez dator ordu eta erdi pasa arte, jendeak zer egiten du? Efekturik egin ez diolakoan jaten jarraitu eta hor dago arriskua. Kalamuak ez du arrisku maila handirik, asko hartuta ere ez du efektu larririk izaten, baina droga bat da. THC oso altuko landareen kontsumoak psikosiak eragin ditzake eta badaude kontsumo horren ondorio izan daitezkeen gaixotasunak ere. Horregatik arriskuak gutxitzea garrantzitsua da.

Zein dira Euskal Herrian kannabisaren ikerketan ematen ari diren urratsak?
Amerikar Estatu Batuekin edo Kanadarekin konparatuta oso atzeratuta gaude, baina pixkanaka ari gara aurreratzen. Legezko arazoen ondorioz ez dago egiturarik ikerketak egiteko eta guztia Espainiako Medikamentu Agentziaren oniritzian oinarritzen da. Agentziak baimendu behar ditu ikerketak eta prozesu luzea eta zaila da. Orain arte egindako ikerketa guztia aktibismotik dator, unibertsitatearen eta ikerketa talde batzuen aldetik eta ez da esparru guztiz legezkoan egin. Horrek dituen ondorio guztiekin noski: babes legezkorik ez, ekonomikorik ez, errekurtso gutxiagorekin. Horregatik atzeratu da neurri batean ikerketa. Kalamu aldaera berrien garapenean ari gara ikerketak egiten, nola iritsi produktu medizinal batera aldaera horietatik abiatuta. Hazkuntzatik medikamentura doan bide guztia egiteko ari gara lanean, baina arriskuen gutxitzean ere. Ikerketa desberdinak egin ditugu pestizidak eta metal astunek kalamuan duten eragina aztertzeko. Kannabisa kutsatuta dagoen lur batean landatzen badugu, lurreko konposatu txar guztiak xurgatzen ditu. Beraz kontsumitzen duenak, konposatu txar guzti horiek sartzen ditu gorputzera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude