Aitor Lizardi: “Egungo euskara alderdi formaletik nolakoa den esaten digu azterketa sinkronikoak”

Hizkuntzalari Euskaldunen V. Topaketa hartu du Eibarko Markeskoa Jauregiak UEUren 49. Udako Ikastaroen baitan. “Kimu berriak Euskal Hizkuntzalaritzan” izenburuaren barruan hitzaldi desberdinak antolatu dituzte. Aitor Lizardi Ituarte antolatzaile taldeko kidearekin aritu gara topaketei buruz hizketan.

Kimu berriak Euskal Hizkuntzalaritzan. Zein dira kimu berriak?
Urte batzuk badira Hizkuntzalari Euskaldunen Topaketak egiten direla, eta aurtengoak antolatzerakoan ikusi genuen bazela hizkuntzalaritza sinkronikoan aritzen zen jendea, eta gai egokia zela izan zitekeela topaketarako. Arlo oso desberdinetako jendea biltzea eta elkartzea izan da asmoa eta batez ere jende gaztea ekartzea. Ikerketan ari diren gazteak asko dira, hasi berriak edo amaitzen ari direnak. Denen arteko bilgune bat sortu nahi izan dugu arlo askotako jendea bilduz; fonologia, soziolinguistika edo sintaxia ikertzen ari direnak, adibidez.

Euskararen azterketa sinkronikoa, zer da azterketa sinkronikoa?
Gaur egungo euskara nolakoa den esan duen azterketa da. Historiari edo beste alderdi batzuei begiratu beharrean gaur egungo euskara alderdi formaletik nolakoa den esaten digu azterketa sinkronikoak. Horregatik bildu nahi izan ditugu fonologia, alderdi soziolinguistikoa edo hizkuntza mailei buruzko hitzaldiak.

Nola antolatu duzue gaurko eguna?
Topaketa bi hitzaldi nagusirekin planteatu dugu. Ikertzaile gazte eta kontsolidatuei eman nahi izan diegu hitza. Euskararen sintaxiari buruz arituko dira. Batetik Maia Duguinek “Aditz-azken murriztapena mendeko perpausetan: euskararen hitz-ordenaren azterketa bat” hitzaldia eskaini digu. Bestetik Ane Berro eta Ane Odriak “Arazo pertsonalak ditu inpertsonaltasunak” hitzaldia eman dute. Gainontzeko hitzaldiak jaso ditugun proposamenen artean aukeratu ditugu, euren artean desberdinak, egun anitza osatzeko asmoz.

Zein dira jardunaldiaren helburuak?
Helburuak asko dira. Azken aldian egiten ikerketa zabaltzea eta ikusgarritasuna ematea, bereziki gazteena. Horrez gain, elkarren berri izatea; askotan bakoitza bere tesian eta ikerketan buru belarri egoten gara eta ez dugu besteak zertan ari diren jakiten. Eta hirugarrenik gure lana kanpora atera, sozializatzea izango litzateke, jendeari zertan ari garen erakusteko.

Zergatik dira UEUko ikastaroak horrelako lanak zabaltzeko plaza egokia?
Guretzat UEU leku eta erakunde oso interesgarria da gauza askorengatik. Eroso eta gustura aritzen gara elkarlanean. Euskaldunen arteko zientzia zabaltzen duen gunea da eta gu filosofia horren eta lan molde horren barruan sartzen gara. Horregatik dira egokiak udako ikastaroak horrelako jardunaldi eta topaketak egiteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude