Nafarroako konkistaren testuingurua eta ondorioak jardunaldia egin da UEUko 49. ikastaroen baitan Iruñeko Kondestable Jauregian. Nafarroako konkista oinarri hartuta historiografia eta memoria berrikusteko beharraz aritu dira. Marian Perez 500 Urte Noaingo Bataila elkarteko kideak azaldu digu gaur bezalako jardunaldien garrantzia.
Nola landu behar da historia aurreiritzirik gabe?
Gurean parte hartzen ari diren historialariak ari dira historia aurreiritzirik gabe lantzen. Historiako testuak interpretatzen dituzte, baina jartzen duen horretara mugatuz, inolako orainaldirik gabe. Alegia, orduan gertatutakoaz orain pentsatzen duguna islatu gabe. Nafarroako Erresumaren historiari begira jarrita, gaur egun baino askoz ere aurreratuagoak geunden. Nafarroako Erresuma eta zehazki Foru Orokorra, kontuan hartu behar da Erdi Arokoa dela, eta gaur egun zerikusirik ez duten artikulu ugari zituela. Baina orain hainbeste aipatzen den konstituzioaren kontzeptua existitu gabe, Foru Orokorra zen benetako konstituzioa. Giza eskubideak oso ondo jasotzen zituen, Foru Orokorrak herritar ororen etxebizitza bermatzen zuen komunalak erabiliz, etxe bat egiteko harria izatea bermatzen zuen, zura ere bai eta zigortu egiten zen materiala etxea egiteko erabili beharrean saltzea. Espainiako konstituzioak gaur egun hori ez du egiten: Herritar orok du etxebizitza duin bat izateko eskubidea, baina ondoren putre funtsak eta etxegabetzeak onartzen ditu.
Zer ezaugarri gehiago zituzten Nafarroako Foru Orokorrak?
Elkartasuna adibidez. Artikulu batean dioenez, egur urriko garaietan herritar guztien betebeharra zen urte osoan sua izateko gaitasunik ez zutenei txingarrak ematea. Eman beharreko kantitatea ere zehazten zuelarik. Bestelako gauzak ere biltzen zituen, askatasuna edo aniztasuna adibidea. Nafarroako Erresuman elkarrekin bizi ziren musulmanak, kristauak, juduak eta erlijio gisa aitorturik ez zuen jendea. Elkarrekin bizi ziren eta Foru Orokorrak guztien eskubideak jasotzen zituen. Gaur egun horiek guztiak non daude?
Euskarak ze leku zuen Foru Orokorrean?
Hizkuntzari dagokionez, Nafarroako Erresuman ez zen inoiz hizkuntza inposatu. Ez da aipatu ere egiten, suposatzen baitzen euskara hizkuntza naturala zela, eta ez zitzaion inori inposatzen. Gaztelarrak iritsi zirenean eta egin zuten lehenengo gauza funtzionario erdaldunak inposatzea izan zen, eta XVI. mendean euskararen erabilera debekatzen zuten legeak inposatzea. Gero esan diezaguten gu garela desberdintasun horiek sortzen ditugunak, kultura propioa dugula eta ezagutzea eragozten digutela aldarrikatzeagatik.
Zein dira Nafarroako konkistari buruz egun egiten ari diren ikerketak?
Asko dira, gure hurbilekoak edo gurekin elkarlanean ari ari diren ikertzaileak: Pedro Esarte, Xabier Irujo, Peio Montiano, Aitor Pescador, Roldan Jimeno, Amaia Nausia, Amaia Alvarez, Idoia Arrieta, Mikel Sorauren, Eneko Bidegain Europa eta Amerika guztian historia ofizialaren berrikuspena egiten ari dira. Zergatik? Erakusten ari zaizkigun historia nazio-estatuek XVIII. mendearen amaieran egin zuten historia delako, eta asmatu egiten dira. Oinarri historikoa dute, baina, egia esan, historia epikoaren bertsio bat besterik ez digute ematen. Herritarren burua beraien proiektuarekin betetzeko edo kohesionatzeko eta hori da XXI. mendean ikasten ari garen historia. Aipatu ditudan historialariak artxiboetan murgiltzen ari dira, datuak atera eta errealitatera ahalik eta gehien hurbiltzeko.
Ze testuingurutan kokatu behar dugu Noaingo bataila?
Inflexio-puntua izan zen. Konkista askoz lehenago hasi zen, 1.200ean, pixkanaka Gaztelatik eta Aragoitik lur zatiak kentzen hasi zirenean, Euskal Autonomia Erkidegoa edo Errioxa kendu zigutenean. Nafarroako Erresumaren aurkako erasoak hasi ziren orduan. 1512an Albako Dukea sartu zen eta okupazioa eman zen, baina orduan ez zen gudu ikaragarririk izan, Nafarroako Erresumaren hegoaldeko zatia hartu zuten. 1521ean Nafarroako Errege legitimoak biarnotar indarrekin batera sartu zen eta Noainen izan zuten bataila handia. Nafarroa berreskuratzea erraza izan zen, herria hondatuta eta okupatuta zegoelako Foru Orokorrarekin zerikusirik ez zuten inposizioekin nazkatuta. Gaztelako Erresumaren aurkako borroka etengabea zen, Tuteratik, Lizarratik, Iruñetik, errege legitimoari idazten zioten: zure alde harriak ere altxako dira. Noain borroka erabakigarria izan zen.
Zergatik dira garrantzitsuak gaurkoa bezalako jardunaldiak egitea?
Gaurko jardunaldiaren garrantzia berrikuspen historiografiko hori hasteko bidea jartzea da. Saiatu gara sentsibilitate ezberdinetako historialariak ekartzen, baina batzuk ez dute gure gonbidapena onartu. Gaurkoa bezalako foroetan eztabaidatu eta egin behar dira aipatutako berrikuspen horiek, eta ez beste bide edo medio batzuetan.