Arrate Gisasola: “Gela barruan eta kanpoan euskara erabiltzeari begira espazio erosoak sortu behar ditu eskolak”

Ikusi bideo-elkarrizketa

Euskararen erabilera indartzea LHn ikastaroko irakaslea da Arrate Gisasola Ebete hizkuntza zerbitzuetako kidea. Lehen hezkuntzako ikasleen euskararen erabilera eta hizkuntza-ohiturak lantzeko tresnak eman dizkie UEUk eta Nafarroako Gobernuak elkarlanean antolatutako ikastarora hurbildutako lagunei.

Zein da euskararen erabileraren egoera LHko ikasleen artean?
Orokortzea ez da erraza, baina esan daiteke ikasleen gehiengoa gaur egun etxetik euskara ez den beste hizkuntza batekin datorrela, normalean gaztelania. Euskararen erabilerari begirako espazio eta denbora falta dituzte Lehen Hezkuntzako ikasleek. Kontuan hartu behar da ikasleek eskolan pasatzen duten denbora ez dela buruan bezainbestekoa.

Zein dira irakasleen kezkak?
Ikasle batzuk irakasleei ere gazteleraz egiten dietela da kezka nagusietako bat. Horren aurrean nola jokatu, behartzetik baino ikasleak euskaraz gustura eta eroso egongo diren espazioak nola sortu dira beste kezketako batzuk. Motibazioaren gaia ere azaldu da, baina lehen hezkuntzako ikasleetan motibaziotik baino, motibazioa ekarriko duten dinamikak eta ekintzak sustatzea izan da landu duguna.

Zer norabide hartu behar du eskolak?
Gela barruan eta kanpoan euskara erabiltzeari begira espazio erosoak sortu behar ditu eskolak. Ikastetxeko zurruntasuna apurtu, testu liburuak alde batera laga eta modu ludikoago batean euskara ikasteko prozesuan lagundu. Erabilera ludikotasun horrekin lotu eta bizipen positiboak ekar diezazkiela horrek ikasleei.

Zer paper dute gurasoek? Zer kezka dituzte?
Gurasoek oso paper garrantzitsua dute. Zama handia jarri dugu eskolen esku eta eskolek asko egin dute. Oso lan ona egin dute, hobeto egin daitezke gauzak, findu, baina egindakoa ongi dago. Eskolaz kanpoko espazio guztietan gurasoak eragile zuzenak dira. Lehen hezkuntzak oraindik erreferente diren heinean laguntzeko premia handia dago, euskaldunak izan edo ez. Euskara jakin gabe edo gutxi jakinda ere asko egin daiteke. Hizkuntzaren transmisore izan gabe motibazioan edo transmisioan aldekotasuna agertuz adibidez. Badakigu errealitatean ez dela erraza benetan guraso horiek zer nahi edo zer motibazio duten jakitea.

Nolako giroa sortu da ikastaroan?
Oso pozik noa, oso gustura egon direla transmititu dute parte hartzaileek. Profil ezberdinetako jendea elkartu gara, ikuspegi ezberdinetakoak eta aniztasun horretatik eurengandik ere ekarpen politak jaso ditugu. erabilera indartzea LHn ikastaroko irakaslea da Arrate Gisasola Ebete hizkuntza zerbitzuetako kidea. Lehen hezkuntzako ikasleen euskararen erabilera eta hizkuntza-ohiturak lantzeko tresnak eman dizkie UEUk eta Nafarroako Gobernuak elkarlanean antolatutako ikastarora hurbildutako lagunei.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude