Euskararen erabilera indartzea DBHn lantzen ari da Iñaki Eizmendi Arsuaga gizarte hezitzailea eta Ebete hizkuntza-zerbitzuen sortzailea. Ikasleen euskararen erabilera eta hizkuntza-ohiturak lantzeko tresnak ikasgelarako eta ikasgelaz kanporako lantzen ari dira UEUk eta Nafarroako Gobernuak elkarlanean antolatutako ikastaroan.
Zein da euskararen erabileraren egoera DBHko ikasleen artean?
Ikastetxe eta institutuetan dagoen kezka handia da. Berdin du testuingurua zein den, euskal giroarekin lotzen ditugun testuinguruetan ere irakasleen artean kezka handia da, euskararen erabilera jaitsi delako. Euskarak duen egoerarekin eta bilakaerarekin gertatzen ari denaren logika jarraitzen dute gazteen hizkuntza ohiturek ere.
Zein dira irakasleek izaten dituzten zalantzak?
Irakasleen aldetik dagoen zalantza handiena da nola lortu ikasleek euskaraz egitea. Testuinguruaren arabera errealitateak desberdinak dira, baina guztietan arazoa bera da, ikasleek euskaraz egin dezaten baliabideak falta dituzte. Tresnak falta zaizkielako frustrazioa handia izaten da eta tresna horiek eskaintzen ari gara ikastaroan. Irakasleek lan handia egin behar dute ikasleek euskaraz ongi egin dezaten, baina mugak ere badituzte eta muga horien barruan eraginkorrak nola izan lantzen ari gara.
Euskararen erabilera sustatzeko zeren tresna aurkeztu dituzue ikastaroan?
Bi multzo egin ditugu, egun batean erabilera lantzeko estrategiak landu ditugu eta bigarrenean motibazioa lantzekoak. Erabilerari dagokionez irakasleek hartu beharreko jarrerari buruzkoa, ikasle batek erdaraz egiten badigu onartu behar diogun edo ez. Beraien artean euskaraz egin dezaten ahalegina eskatu behar zaien, nola eskatu, zer mezu erabili. Motibazioko tresnak lantzerako orduan ahozkoari lekua ematen dioten egoera babestuak nola lortu landu dugu. Ikasleek euren artean euskaraz egin dezaten.
Zer da hezitzaile berritsua figura?
Hezkuntzako etapa guztietan erabiltzen den figura da. Ikasleek euskaraz egitearen helburua ikastetxearena eta komunitatearena, ikasleek printzipioz ez dute euskaraz gehiago egiteko motibazio berezirik. Ikasleei euskaraz asko egiten lagundu nahi badiegu, hasteko hezitzaile berritsuak izan behar dugu. Banakoekin elkarrizketa asko sortzen dituzten irakasleak dira, horretan ahalegintzen direnak eta ikasleei baliabideak eskaintzen dizkietenak. Ikasleen artean euskaraz egiteko egoera komunikatiboak sortzen dituzten irakasleak dira. Haur hezkuntzan irakasle guztiak berritsuak dira, lehen hezkuntzan denetik dago eta bigarren hezkuntzan gehiago kostatzen da. Baina interesgarria da bigarren hezkuntzan ere hau lantzea.
Erraza da dinamika hauek DBH-n martxan jartzea?
Ikasleekin egiteko proposamen errazak dira lantzen ari garenak. Kontua da, euskaraz egiteko dinamikak sortzea eta egoera sortutakoan irakasleak asmatu behar du nola jokatu euskara babesteko. Dinamika asko aurkezten ditugu, irakasleak erabiltzera animatzen ditugu, baina garrantzitsuena euskara egiteko dinamikak sortzea da.