“Akademiatik herrigintzara, herrigintzatik akademiara” jardunaldiarekin hasi ziren pasa den ostiralean UEUren 49. Udako Ikastaroak Iruñeko Kondestable jauregian. Herrigintza akademiara nola hurbildu eta akademia herrigintzara nola gerturatu erantzuten saiatu dira. Zientzian, herrigintzan edota herri erakundeetan aditu eta arituek hartu dute hitza hasiera ekitaldi honetan. Iñaki Alegria UEUko zuzendaritzako kideak eman dizkigu jardunaldiaren gakoak.
Ikusi bideo-elkarrizketa
Zergatik aukeratu duzue gai hau Udako Ikastaroak abiatzeko?
UEU 50 urte beteko ditu datorren urtean eta gai estrategikoak aukeratzen ari gara irekiera ekitaldietarako. UEU bere sorreran, unibertsitate herrikoi moduan definitu zen eta inguruko unibertsitateetan elitismorantz jotzeko joera dagoela ikusten ari gara. Herrigintzako hainbat elkartetatik eta sektoretatik ere geroz eta distantzia handiagoa sumatzen dutela iritsi zaigu. Bai ikerkuntzan eta baita beste alor batzuetan ere. Horregatik plazatu nahi izan dugu gai hau, etorkizuneko unibertsitaterako funtsezkoa delako.
Nola egin herrikoiago akademia hori?
Akademiak gizartera gehiago begiratu behar du eta herrigintzak ere ikusi behar du unibertsitatea aliatu posible moduan. Herrigintzak ikerkuntzan eta irakaskuntzan eragin behar. Izenburuak dioen moduan akademiatik herrigintzara eginez eta herrigintzatik akademiara.
Zein da UEUren papera?
UEUk akademia eta herrigintzaren arteko papera ongi bete du bere 49 urteetan. Globalizazioarekin nazioartean bi unibertsitate mota ikusten dira, elitismora eta lanbide heziketara bideratuta dauden joerak. Guk markoa erdigunean planteatzea nahi dugu. Egitasmo publikoarekin politika egitea bere zentzu zabalenean esanda, gizartean eta gobernantzan eragiteko.
Jardunaldi honetatik zer atera nahi duzue?
Badakigu gaur ondorio garbiak ateratzea zaila izango dela, baina helburua hori da. Oso ekarpen interesgarriak jaso ditugu, gure asmoa ekarpen horiek publikatu eta eztabaida publiko bat bultzatea da.