UEUk Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuarekin sinatutako hitzarmenaren barruan, “Hizkuntzen irakaskuntza: ahozko hizkuntza lantzen LHn” izeneko ikastaroa izango da Iruñean Iker Legarra Gorostola eta Ainhoa Uriarte Amurizaren eskutik. Biak ala biak euskara irakasleak dira HABEren sareko euskaltegi batean eta UEUko glotodidaktika saileko kideak ere badira. Uriarterekin izan gara, ikastaroaz gehiago jakin asmoz.
Gelan ahozkotasunari behar besteko garrantzia ematen al zaio gaur egun?
Ez zaio behar besteko garrantzirik ematen. Batetik, hezkuntza sistema entzutera, irakurtzera eta idaztera bideratuta dagoelako; eta, bestetik, geletan dagoen talde ratioa handiegia delako. Gainera, ohituraz, irakaslea zen, da hitz egiten duena, eta ikaslea jasotzen duena; justu kontrakoa izan behar denean. Hau da, ikasteko egin egin behar da, eginez ikasi; baina gure hezkuntza sistemak entzutera behartzen ditu ikasleak.
Egiten denaren gaineko hausnarketatik abiatu nahi izan duzue, baina zer da egiten ez dena? Non dago hutsunerik handiena?
Aurretik aipatu dugun moduan, ez ditugu ikasleak hitz egiten ipintzen, entzuten baizik; eta gainera, bizitzan behar ditugun testu generoak (elkarrizketak, bakarrizketak, debateak, instrukzioak…) ez ditugu gelan lantzen. Beraz, gure erronkarik handiena da testu genero horiek behar bezala lantzea, ikasleek komunikatzeko behar dituzten gaitasunak har ditzaten.
Nola landuko duzue gaia ikastaroan?
Guztiz praktikoa izango da; eginez ikasi lelopean.
Zein da azken helburua?
Europako Erreferentzia Markoa eta Testu Generoak aztertzea gelan landu behar den ahozkotasunaren mesederako. Gainera, irakasleei tresnak eta ereduak ematea ahozkotasun hori era eraginkorrez lantzeko.