Datorren maiatzaren 8an eta 15ean “Eman hitza zure ikerketari” izeneko ikastaroa izango da Eibarren Uxune Martinez Mazagaren eskutik. Euskampus Fundazioko zabalkunde zientifikorako arduraduna da Martinez eta irakaslea EHUko Ilustrazio Zientifikoko Graduondokoan zein Kultura Zientifikoko Masterrean.
Zergatik da hain garrantzitsua zientzia-komunikazioa?
Lau ideia nagusi azpimarratuko nituzke: jakin-mina asetzeko, gizartearen ezagutza zientifikoa eta teknologikoa sustatzeko, zientziarekiko konfiantza zabaltzeko; eta azkenik, ikertzaileek euren lanari bidea emateko.
XVII. mendean sortu ziren lehen aldizkari zientifikoak, non zientzialariek euren lanaren xehetasunak ematen zituzten; batez ere, gainontzeko zientzialariek ezagutu zitzaten. Ordutik aurrera bide anitz zabaldu dira; baina batez ere, Bigarren Mundu Gerraren ostean egin zuen eztanda zientziaren komunikazioak; eta “leherketa informatiboa” deritzoguna eman zen. Espazio-zunden jaurtiketek, energia nuklearraren garapenak, biologia molekularraren aurrerapenek jakin-mina piztu zuten eta horrek eragin zuen zientziaren komunikazioa esparru akademikotik harago zabaltzea. Eta hori, ezinbestean agerian gelditu da beste behin egun.
Zientzia-komunikazioa garrantzitsua da ezagutza zientifikoa partekatzeko. Alde batetik, gizarteri begira, munduaren ezagutza areagotzen laguntzen du; eta, horri esker, erabaki informatuak hartzeko, edo, esaterako, aplikazio teknologiko berriak eraginkortasunez erabiltzeko gaitasuna ematen du. Bestalde, gizarteak, zientzia eta haren prozesuen eta egiten diren ikerketen berri izaten badu, zientzialariak, zalantzarik gabe, ezagutza publiko horretaz baliatuko dira. Zergatik? Opakutasunak beldurra sortzen duelako, gardentasunak konfiantza sortzen duen bitartean. Eta zenbat eta konfiantza handiagoa izan lan zientifikoarekiko, orduan eta handiagoa izango da lan horren onespena.
Amaitzeko, gaur egun aktibo mantentzen diren 68.819 zientzia-aldizkarietatik bakarrik 10.500 daude JCR datu-basean indexatuta (aipuak neurtzen duen erreminta); eta aldizkari horietatik, soilik 10ek bereganatzen dute komunikabideetako ikusgarritasunaren %65a baino gehiago. Horrek esan nahi du gainerako aldizkarietan argitaratutako artikulu zientifikoek oihartzun, eragin eta isla eskasa dutela. Izatekotan, mundu akademikoan bakarrik. Beraz, ikertzaileek euren lanari bide emateko eta berori sustatzeko, beste bide batzuk urratu behar dituzte.
Hala ere ikertzaileen dibulgazio lana ez da kontuan hartzen behar beste…
Hainbatetan entzun dugu irizpideak aldatzear daudela; baina, tamalez, oraindik ez da gauzatu espero zen bezainbeste; eta gauza jakina da, zientzialarien lana aitortu eta saritzeko erabiltzen den pizgarrien sistemak hainbat arazo eta korapilo sortzen dituela. Inpaktuen metriketan eta antzeko adierazleetan oinarrituz soilik, ez du lana osotasunez baloratzen. Aipuen kopuruak garrantzia galdu beharko luke irizpide gisa; eta, adibidez, lanaren kalitateak, ikerketen garrantziak, irismenak eta ikertzaileek lana gizarteratzeko egindako ahalegina hartu beharko lirateke kontuan, besteak beste. Eta, abian daude jada pausu txiki batzuk ikertzaileen dibulgazio lana ere aintzat hartzeko. Ea ez diren ibilian galtzen eta aurrera doazen.
Euskaraz urte gutxitan zientzia-komunikazioak gora egin du nabarmen. Zein da gaur egungo egoera?
Osasun krisi honek agerian utzi du, beste behin, ikerketa zientifikoen emaitzak ingelesa dutela bidelagun. Milaka artikulu argitaratu dira zientzia-aldizkarietan COVID-19ari buruz, oso tarte laburrean; eta hizkuntzei erreparatuz, gehienak ingelesez daude. Oso gutxi aurki daitezke, esaterako, gaztelaniaz, eta euskaraz, zeroaren parekoa da kopurua. Ingelesa beharrezkotzat jotzen da mundu akademikoan ikerketen emaitzak zabaldu eta elkarbanatzeko. Hala ere, bai herrialde edo eskualde bateko espezialisten arteko komunikaziorako, bai gizartearekiko komunikaziorako, beharrezkoak dira tokiko hizkuntzak; eta horrela adierazi du, esaterako, Europa mailan egindako Concise ikerketak. Izan ere, norberaren hizkuntzan jasoz gero informazio zientifikoa, arreta gehiago eskaintzen zaio; hurbilagoa sentitzen du hartzaileak eta konfiantza eragiten du.
Esango nuke horren jabe bagarela eta agerikoa da, gero eta eduki gehiago baitigu euskaraz. Bide horretan badira lan mardula eta ezinbestekoa egin duten erakundeak eta komunikabideak. Hala ere, oraindik ere badago zer egin; esaterako, aurreiritziak albo batera utzi (batez ere akademian) eta aintzat hartzeko zientzia-komunikazioan ez dagoela hizkuntza “periferikorik”; denak direla komunikazioan auzokide eta baliagarriak zientziari buruz jarduteko.
Zer hartu beharko litzateke kontuan ikerketei ikusgarritasuna ematerakoan?
Alde batetik, ikerketei ikusgarritasuna emateak hainbat onura dakartzala: besteak beste, publikora hurbiltzea gure zeregina, gaian interesa izan dezaketen eragileei lanaren berri ematea edota bidelagun izan daiteken arloko lankideekin harremanak estutzea. Hau da, ikerketa gizarteratzea.
Bestetik, ikusgarritasuna emateko ez dagoela formula magikorik; baina, aldi berean, badirela baliagarriak diren osagaiak: hizkuntza naturala erabiltzea, ez dentsoa, ez perfektua, baina argia eta ulergarria; sormen puntu bat; eta, azkenik, irakurlea edo publikoa bilakatzea lehentasuna eta haren ikuspuntutik lantzea komunikazioa.
Zer da zehatz-mehatz ikastaroan landuko duzuna? Zein helbururekin?
Ikastaro honen helburua da, zientzia zabaltzeko tresna eta adibide batzuk modu teoriko-praktikoan erakustea; unibertsitateetan, ikerketa zentroetan edo ikerketan lan egiten dutenen trebetasunak eta gaitasunak hobetzeko baliagarriak izan daitezkeenak.
Horretarako, besteak beste, zientziaren komunikazioaren testuingurua izango dugu abiapuntu. Zertan datzan eta zein izan den bilakaera ikusiko dugu. Behin egungo ezaugarriak plazaratu ondoren, hutsuneak antzeman eta horiei aurre egiteko aukerak eta tresnak ikusiko ditugu.
Nori zuzendutako ikastaroa da?
Unibertsitateko ikasle, irakasle, langile edo ikerketa zentroetako ikertzaileentzat, komunikazio arduradunentzat edo beraien lana zabaldu nahi duten profesionalentzat. “Zientzia eta komunikazioa” binomioan interesa duten guztientzat.