“Diskalkulia duten haurrak matematikari fobia garatzera irits daitezke”

UEUren Udaberriko eskaintzaren barruan, Eibarren, “Matematikak eskuratzeko zailtasunak: Diskalkulia” izeneko ikastaroa izango da Gure kooperatibako Lorena Egidazu Ormazabal eta Naiara Garro Lopezen eskutik. Fisikaria eta matematika didaktikan espezializatua da Egidazu. Garro, berriz, psikologoa da.

Diskalkuliaz ari garenean zertaz ari gara zehatz-mehatz?
Matematikaren mundua ulertzeko zailtasunak direla esan genezake. Batez ere kalkulua garatzeko ezintasuna dela esan genezake; baina, egia esan, definizio hori laburregia da. Azken aldian, diskalkulia desberdin asko daudela ikusten ari gara. Bi multzo handi daudela esan genezake, lehen mailako arazoak dituztenak eta bigarren mailakoak. Lehen mailakoek abstrakzio mailako zailtasunak dituzte, eta bigarren mailakoek hizkuntzarekin edo egoera espazialekin dituzten arazoen ondorio bezala garatzen dute diskalkulia.

Nola atzematen da? Zeintzuk dira sintomak?
Diskalkuliaren sintomak askotarikoak dira. Aurretik esan dugun moduan, kalkulua garatzeko ezintasuna da deigarriena; baina esan beharra dago, diskalkulia bakoitza bakarra dela eta bere sintoma eta zailtasunak dituela. Hala ere, badaude sintoma orokor batzuk: ahoz zenbakien izenak esateko zailtasunak, ikur matematikoak bereizteko zailtasunak, eragiketak egiteko zailtasunak, kantitateak bereizteko arazoak, biderketa taulak ikasteko arazoak, eta beste asko.

Azpimarratu nahi dugu, oso garrantzitsua dela diagnostiko diferentzial bat egitea, beste patologia batzuekin nahastu daitekeelako. Hala nola dislexia, ADHN [Arreta Defizitaren eta Hiperaktibitatearen Nahasmendua]eta abarren alderdiak partekatzen dituztelako .

Tratamenduari dagokionez, matematika manipulatiboak lagungarri direla diote. Baita prebentziorako ere?
Matematikak barneratzeko argi izan behar dugun lehen gauza zera da, konkretutik abiatu behar garela abstrakzioa lortu arte. Badaude ume batzuk berezkoa dutenak abstrakzio hori, motrizitate ona dutenen moduan edo erritmoa barruan dutenen moduan. Normalean, berezko gauzak, norberak berezko dituenak bultzatzen ditugu; eta hori oso ondo dago, baina berezkoak ez ditugunak ere bultzatzea komeni da. Adibidez, nire semeak ez badu oreka ona eta ez badugu lantzen, ez du konfiantzarik izango lagunekin kirolen bat praktikatzeko orduan; eta horrek bere bizitzan eragina izango du. Aldiz, lantzen badugu, konfiantza emango diogu eta horrek bere bizitzan beste ate bat zabalduko dio.

Matematikekin berdin gertatzen da. Berezkoa duenak behar bezala lantzen badu, on egingo dio; eta zailtasunak dituenak, konfiantza hartuko du eta bere bizitzan matematikak ez dira arazo izango.

Eta arlo psikologikoan?
Diskalkulia duten haurrak matematikari fobia garatzera irits daitezke; zailtasunak, frustrazio eta antsietate handia eragiten dielako; eta euren autoestimuak beherantz egiten du, konfiantza galtzen dute. Ohikoa izaten da, gaixotzea, edo gaixo-itxura egitea, azterketak egin aurretik. Lehen esan dudan bezala, diskalkulia duten eta behar bezala diagnostikatu eta tratatu ez diren pertsonek txikitan hartutako jokabide sahiestaileak izaten dituzte bizitza osoan. Maila psikologikoan, zailtasun emozional asko dituzte, eta antsietate- edo depresio-nahasmendua gara dezakete. Horregatik, garrantzitsua da diagnostiko on bat egitea garaiz, eta arazoa konpontzen hastea beranduegi izan baino lehen.

Ikastaroan zer da landuko duzuena?
Lehenik eta behin, matematikan sartzeko dauzkaten arazoak ikuspegi praktikotik ezagutuko ditugu; matematika-trebetasunak eskuratzeko prozesua, sintoma adierazgarrienak eta ikasle batekin susmoak daudenean egin behar dugun jarduera-protokoloa azpimarratuz.

Behin, matematikak bereganatzeko arazoak dituela dakienean, matematikak nola landu genitzakeen ikasiko dugu. Horretarako, kasu errealetan oinarrituko gara eta behar ditugun material eta ekintzak diseinatuko ditugu; zenbakien lanketatik hasita, denbora edo diruaren kontzeptuetaraino.

Diskalkulia ez dela desagertzen diozue. Zein da beraz, ikastaroaren azken helburua?
Ikastaroaren helburua zer, zergatik eta nola hitzek definitzen dutela esango genuke.

Alde batetik garunak nola funtzionatzen duen jakin behar dugu; hori baita oinarria, edo horrela ikusten dugu guk behintzat. Garunak nola ikasten duen aztertzea izango da bigarren puntua; horrela, gure programaketak egokitu ahal izango ditugu; eta programaketa argi dagoenean, ezaguera matematikoa finkatzeko zein ekintza eta material erabili behar ditugun ikasiko dugu.

Badakigu, diskalkulia duten pertsonek, mundu abstraktuan ibiltzeko zailtasunak izango dituztela beti, baina estrategiak eta konfiantza eman behar dizkiegu beraien bizitzan oztopo ez izateko.

Ikastaroaren helburua hori dela esango genuke; nola lagundu ikastea, konfiantza emanez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude