“Taldeak bizirik daude eta egokitzapen prozesuak behar izaten dituzte”

UEUren Udaberriko eskaintzaren barruan “Taldeak eta eraldaketa: bidelaguntza ezagutzen” izeneko ikastaroa izango da martxoaren 6an eta 13an Iruñean. Alberto Gil Mosquera eta Eider Goiburu Moreno Talde prozesuen bidelaguntzan aritzen dira. Gil Politika eta administrazio zientzian lizentziatua da eta mugimendu ekologistan ibilitakoa da. Goiburu, ostera, pedagogian doktoratua eta psikologian lizentziatua da eta mugimendu feministako militantea.

Talde Prozesuen Bidelaguntzan ibiltzen zarete. Bidelaguntzaz ari garenean zertaz ari gara?
Bai, azken urteetan Talde Prozesuen Bidelaguntzan murgiltzen ari gara. Galdera hau egiten digutenean, nahiz eta gure iruditegian argi izan, zaila izaten da bidelaguntza zertan datzan azaltzea.

Bidelaguntza zer den ulertzeko, ezinbestekoa da taldea zer den ulertzea. Pertsonak taldeetan bizi gara eta izaki sozial gisa taldeen beharra dugu, baina askotan zaila egiten zaizkigu espazio kolektiboak kudeatzea. Hainbatetan agertzen dira gatazkak, norabide eza, egiturekiko desadostasunak, erabakiak hartzeko zailtasunak…

Beraz, taldeak bizirik daude eta aldaketak dituzte etengabe. Horregatik, egokitzapen prozesuak behar izaten dituzte: egitura birmoldatu, helburuak birdefinitu, talde kohesioa landu edo gai ezberdinen gainean arakatu, esate baterako.

Hori dela eta, Bidelaguntza teknika, trebetasun eta tresna multzo bat da. Talde eta taldekideen prozesuen garapen egokia lagundu eta erraztea ditu helburu. Aldi berean, eraldaketa sozialerako tresna bat izateko asmoa du, taldeen funtzionamenduan hobekuntza sustatuz.

Zein da bidelaguntzak egin dezakeen ekarpena?
Galdera potoloa da hau ere. Hainbat maila eta modutan egin ditzake ekarpenak, taldeen behar eta baliabidetara egokitzeko ahalmena du. Esate baterako, talde bat proiektu bat hastear edo hasi berri dagoenean, bidelaguntzak talde kohesioan edo talde egituraren eraikuntzan lagundu dezake. Baita taldearen helburuak definitzen.

Behin, talde batek bere ibilbidearen auto-ebaluazio bat egiten laguntzeko deitu zigun. Haien ibilbidea eta momentuko egoera aztertzeko beharra sentitzen zuten.

Elkarbizitza proiektuetan murgilduta dauden taldeek ere deitu izan digute, bai kudeaketa emozionala egiteko, bai elkarbizitzako akordio eta antolakuntza berrikusten laguntzeko.

Beste adibide bat ematearren, hainbat jardunaldietarako ere deitu izan digute. Horietan, bidelagunon funtzioetako bat ahots guztiak parte hartzeko aukera izango dutela bermatzea da. Ez dela hitza monopolizatuko eta taldean dauden iritzi, posizio, pentsaera edo ideia guztiak adierazteko aukera izango dutela.

Ikusi dezakezun bezala, bidelaguntzak taldeen bizitzaren hainbat eremuetan lagundu dezake. Esku-hartzeak batzuetan motzak eta zehatzak dira, besteetan, berriz, prozesu luzeetan laguntzen dute, etab.

Hala eta guztiz ere, taldeen behar zehatzei erantzuteaz gain, bidelaguntzak eraldaketa soziala du helburutzat eta horretarako garai paregabea bizi dugu. Covid-19ak jendartea hankaz gora jarri du. Aldaketa garaian murgilduta gaude eta testuinguru honetan baliabide berriak eraiki behar ditugu. Hau dela eta, bidelaguntzatik hausnarketa kolektiboak aurrera eramateko espazioak sortu nahi ditugu.

Taldeetan badira pribilejioak, rolak… Beti ez daude identifikatuta…
Bai egia da. Lidergoak, rolak, boterea, pribilejioak… beti daude presente eta beraien artean jolasean, baina askotan ez dugu horren kontzientziarik eta kontzientzia ezak batzuetan ezinegonak sortzen ditu.

Esate baterako, gaur egun, erakunde eta eremu sozialean kokatzen diren talde askok egitura horizontalak (edo ahalik eta horizontalenak) izatea erabakitzen dute. Baina askotan ez dituzte honetarako baliabideak. Egitura bertikaletan sozializatu gara (familian, eskolan, lanean…) eta nahigabe oinarri hau egitura horizontaletara daramagu. Adibidetzat har ditzakegu mugimendu feministatik egindako hainbat irakurketa, non ikusten den eremu mistoetan emakumeen parte hartzea murritzagoa dela gizonenekin alderatuz. Kasu honetan, parte hartzaile guztiek izan behar dute botere harreman honen kontzientzia, batzuk beraien parte hartzea mugatzeko eta besteek beraien espazioa hartzeko. Adibide honek, egiturazko zapalkuntza irizpide bati erantzuten dio, baina irizpide hauek ere pertsonalak izan daitezke. Hau da, pertsona batzuek lidergo joera eta baliabide gehiago dituzte beste pertsona batzuek baino; bai eskarmentu gehiago dutelako, bai komunikatzeko gaitasun handiagoa dutelako, bai segurtasun adierazpen handiagoa dutelako. Horren kontzientzia izatea oso garrantzitsua da. Hara ere, pribilejioak, rolak eta mailak identifikatzea eta onartzea ez da arina izaten, prozesu sakonak baizik. Beraz, eragin sakona izan dezakete taldeetan.

Eta nola ez, badira gatazkak ere. Gatazkak zerbait negatibo moduan baino aukera moduan ikustea proposatzen duzue. Zertarako aukera moduan?
Gatazkak krisi momentuak izan ohi dira, baita adierazgarriak ere. Hain zuzen, taldearen hainbat elementu astindu ditzakete: kideen arteko harremanak, taldearen helburua bera, gauzak egiteko modua edo komunikatzeko modua, etab.

Askotan, arazorik ez dagoen bitartean ez dugu taldearen funtzionamenduari buruzko gogoetarik egiten. Ez diogu geure buruari galdetzen ia taldekide guztiak eroso sentitzen diren; ia komunikazio modua egokia den guztiek behar duten informazioa izateko; ia erabakiak hartzean ahots guztiak kontuan hartzen ditugun; ia taldekide guztien beharrak bermatzen diren, etab.

Gatazkek oso deseroso sentiarazten gaituzte, orokorrean. Deserosotasun horrek, taldeko funtzionamendua aztertzera eramaten gaitu maiz; eta, ondorioz, aukera “berriak” mahai gainean jar ditzakegu: esan-gabekoak erdigunean jartzeko, posizioak argitzeko eta mugitzeko, hausturak edo adostasun berriak lortzeko, etab. Horregatik, gatazkak aukera ahalmena duela esaten dugu. Gatazkek beharrezko eta desiragarri diren aldaketak ekarri baititzakete.

Zein gai gehiago jarriko dituzue mahai-gainean?
Gaiak baino, taldeetan eragina duten aipatutako elementuak ekarriko ditugu guk; gaiak parte hartzaileek ekarriko dituzte. Guztiok ditugu talde esperientziak. Guk ekarritako elementu hauek parte hartzaileek dituzten talde esperientziekin lotzea da gure helburua; hau da, bizipenetatik abiatzea, beti ere, zaintza erdigunean jarriz.

Zein da ikastaroaren azken helburua?
Begirada berri bat jarri nahi dugu euskal komunitatean talde prozesuetan murgiltzeko garaian; eta horregatik, gure azken helburua da bidelaguntza taldeen eskura jartzea. Taldeak eta horien proiektuak iraunkorrak izan daitezen baliabideak behar ditugu. Bidelaguntzak horretarako tresna batzuk eskaini ditzake.

Azkenik, zeharka eraldaketa sozialerako ekarpen txiki bat egiteko desioa dugu, taldeen iraunkortasunean eta ongizatean eraginez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude