Marta Luxan: “Komunitateak ehuntzea beharrezkoa da eta hori nola gertatzen ari den aztertzea ere bai”

Datorren otsailaren 26an “Komunitateak eta bizi eredu berriak ehunduz” jardunaldiak izango dira Gasteizen. UEUrekin batera UPV/EHUko  NOR , Ekopol, AFIT eta Parte Hartuz ikerketa taldeak ibili dira antolaketan. Ikerketa unibertsitatearen lau hormen artetik atera nahi izan dutela diote Marta Luxan Serrano, Andere Ormazabal Gaston eta Ainara Santamaria Barinagarrementeria UPV/EHUko irakasleek; gogoetarako espazio bat sortzea.

Ezkerretik hasita Marta Luxan, Ainara Santamaria (pantailan) eta Andere Ormazabal

Pandemiak hainbat gabezia azaleratu edo nabarmendu ditu, baina baita hainbat ekimen berri martxan jarri ere…
Ainara Santamaria: Gure ustez oraindik azkarregi da ikusteko egoera honek zein baldintzatan lagatzen gaituen gizarte moduan eta herri mugimenduak ere zein egoeratan lagatzen dituen. Oraindik denbora gehiago beharko da ikusteko zeintzuk diren guzti honen ondorio sozialak, politikoak, kulturalak, ekonomikoak… Askotariko ondorio horiek guztiak. Denbora gehiago beharko da analisi guzti horiek egiteko. Iruditzen zitzaiguna zen herri mugimenduak nolabaiteko impasse batean egon direla tarte honetan; eta ikusi beharko dela egoera berri honi erantzuteko antolatu diren sare sozial horietan zenbaterainoko parte hartzea izan duten herri mugimenduek, zenbateraino hauspotu duten instituzioek. Zein elkarlan egon den herri mugimendu eta instituzioen artean krisi egoera baten aurrean. Halako gogoetak ikusten genituen behinik behin egin beharko litzatekeela. Baina denbora gehiago pasatakoan. Oraindik zurrunbiloaren erdian gaude eta orain ez da erreza ikustea.

Andere Ormazabal: Baita ere egia da ekimen batzuk sortu direla espezifikoki pandemia garaian, testuinguru horretan, baina baita ere ekimen horiek hasiera eta amaiera data bat izan dute. Direla itxialdian izan diren zaintzak sareak… Asko eta asko dagoeneko ez daude martxan. Ez dira mantendu zentzu horretan.

Marta Luxan: Nik gehituko nuke egia dela ekimen batzuk sortu eta desagertu direla, baina bai sortu direla, adibidez, Donostia aldean, aliantza batzuk interesgarriak izan daitezkeenak etorkizunera begira. Arrazakeriaren kontrakoen eta LGTBI mugimenduen artean, edo okupazio mugimenduaren artean. Uste dut badaudela hor zantzu batzuk interesgarriak izan daitezkeenak; aldez aurretik bazeudenak, baina muturreko egoeran gaudelako gorpuztu direnak. Orduan, orokorrean esango nuke apaldu egin dela dena, baina gauza batzuk ere hortxe daude, eta ikerketan hurrengo hilabeteetan horiei begira jarriko gara. Orain esku artean daukaguna da, aztertzea arreta gehiagorekin, eta Ainarak lehen esaten zuen moduan, denbora pixka bat pasa eta gero, honek zelako eragina izan duen, bai taldeen barneko dinamiketan, eta, baita, taldeen arteko aliantzetan ere.

Testuinguru honetan komunitateak eta bizi eredu berriak ehuntzea inoiz baino beharrezkoago da?
M.L: Uste dugu baietz. Lehen esan dugu pandemiak eragina izan duela gure bizitzetan eta baita gure bizitza aktibistan ere; eta iruditzen zaigula nolabait komunitateak sostengatzea eta ehuntzea une honetan are beharrezkoagoa dela. Ahuldu direlako, eta pertsonen arteko harremanetan eta loturetan gertakizun berri hauek eragina izaten ari direlako. Ehuntze hori beharrezkoa da eta ehuntze hori nola gertatzen ari den aztertzea ere bai. Elkarrekin egoteko zein modu berri dauden, edo zeintzuk eraldatu ditugun.

A.O: Baita ere komentatzen genuen salbuespen egoera honen jatorrian gure bizi eredua bera dagoela. Krisi ekologikoak eta honek guztiak sortu dituela galdera berriak. Aspalditik esaten da gure bizi ereduak arrisku hori ekar lezakeela, eta, orduan, inoiz baino beharrezkoago ikusten dugula testuinguru honetan espezifikoki gure bizitzeko moduak ere ezbaian jartzea, berrikustea eta alternatiboak edo sostengarriagoak direnak hauspotzea.

A.S: Nik uste dut pandemiak oso agerian utzi duela lehengo gizarte eredu horren lehentasunak zeintzuk ziren; eta, nik uste dut, badela aukera polit bat komunitateak erdigunean ipini eta lehentasun guzti horiek denak eraldatzeko. Badaudela aukera pila bat buelta emateko, gauza batzuk birplanteatzeko eta beste lehentasun batzuk markatzeko.

Non du abiapuntua jardunaldi honek?
M.L: Jardunaldi honek abiapuntua du “Nuevas solidaridades, reciprocidades y alianzas: la emergencia de espacios colaborativos de participación política y redefinición de la ciudadanía” izena duen ikerketan. Ikerketan horretan UPV/EHUko lau ikerketa talde desberdinek hartzen dugu parte (Ekopol, NOR, AFIT eta Parte Hartuz) eta 20 ikerlari baino gehiago ari gara lanean. Hor du abiapuntua, baina mahai gainean jarri nahi duguna da guretzat ere jardunaldi honen helburua litzatekeela ikerketa ez gelditzea unibertsitatearen lau horma horien artean; eta, nolabait, konpartitzea gure gogoeta batzuk beste eragile batzuekin, gogoetarako espazio bat sortzea. Ikerketatik harago joango litzatekeen zerbait dela.

A.O: Bai, hori da. Orain urte bi ere ikastaro bat antolatu genuen UPV/EHUko udako ikastaroetan. Ikerketa beraren filosofia ere bada asko zaintzea lantzen ditugun edukien itzulera; gogoeta espazioak sortzea, eta ikertzen dugun subjektu horren presentzia, protagonismoa prozesuan ere presente izatea.

M. L: Eta baita ere izatea aitzakia bat gai hauen inguruan espazio publiko batean gogoeta sustatzeko.

A.S: Nik esango nuke badagoela ere bai premia Martak esaten duen hori egiteko. Lau urteko planteamendu baten barruan sartzen zen proiektua, baina honek hainbat adar zabaltzen dituenez, ikusiko da zertan gelditzen den epe hori bukatu eta gero. Seguru badaukala jarraipen bat. Gehituko nuke jardunaldiekin saiatu garela eztabaida espazio bat zabaltzen, eta nahi genuela hori patxadaz egitea, baina beste behin egoera honek nahikoa baldintzatu duela asmo hori. Azkenean, denbora aldetik murriztu egin behar izan dugula jardunaldia bera, baina saiatuko garela ahalik eta iritzi trukaketa handiena izan dadin.

Ikerketen berri emateaz gain, mahai-inguru bidez zaintza, sozioekologia zein autogestioa ekarri nahi dituzue erdigunera. Zein eratan?
M.L: Aipatuko ditugu egoera honetan sortu diren ekimen batzuk, baina baita ere aldez aurretik hiru eremu hauetan lanean ari ziren taldeak. Horiek ekartzea, horien esperientzien elkartruke bat egotea eta horren inguruan gogoetatzea.

A.O: Gure azpitaldearen baitan beste ildo batzuk ere egon dira, baina iruditu zitzaigun testuinguru honetan garrantzitsuak zirela hiru elementu horiek. Jakinda guztiak ezin ditugula landu, aukeraketa bat egin behar genuen eta iruditzen zaigu testuinguru honetan hiru horiek nagusiki nabarmentzen direla. Horrek ez du esan nahi besteak ere garrantzitsuak ez direnik.

M.L: Lehen aipatu dugun moduan krisi sozioekologiko baten erdian gaudela uste dugu eta orduan eremu sozioekologikoari begiratzea ezinbestekotzat jotzen genuen. Era berean, pandemiaren inguruan dauden araudi guzti hauek zaintzaren eremuan eragin zuzena izan dute; eta, hor, gauza batzuk, gogoeta batzuk, aldez aurretik datozenak, beste gorputz bat hartu dute; eta iruditzen zaigu autogestioa badela gauza guzti hauei aurre egiteko bideetako bat.

Zein da azken helburua?
A.O: Ez dago azken helburu bat eta bakar bat. Azken batean, elkarrizketan aipatu ditugunak dira helburuak. Gure gogoeta ildo edo markoaren berri ematea, esperientzia ezberdinak mahai gainean jartzea, elkarren berri izatea, gogoetarako espazio bat sortzea…

A.S: Ikastea ere bai. Esperientzia guzti horretatik, bakoitzaren ibilbide horretatik. Era berean, nik uste dut momentu honetan bereziki hartzen duela garrantzia fisikoki, aurrez aurre, denok elkartzeak, eztabaidatzeak gai honen inguruan.

A.O: Eta aipatu jardunaldia atzeratu beharra ere izan dugula. Guk argi geneukala online ez genuela egin nahi. Lehentasuna eman diogula presentzialitateari. Ikusten ari garelako dena teknologizatzen ari dela eta asko galtzen ari garela aurrez aurreko espazioetatik; eta guretzako horiek garrantzitsuak direla. Guretzako UEUren plaza ere interesgarria dela. UEUk baduelako bere komunitatea eta interesgarria dela elkarlana. Gure helburua ere bazen metodologia parte-hartzaileak aplikatzea. Zentzu horretan oso mugatuta eta baldintzatuta egongo gara, baina ahal den moduan egiteko asmoa dugula.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude