Ainhoa Urretagoiena: “Autozaintza eta autoezagutza dira ahalduntze prozesuaren lehen urratsak”

UEUren Iruñeko eskaintzaren barruan, “Zarenarekin bat, ahalduntze ikastaroa” izango da datorren otsailaren 27an eta martxoaren 6an. Ainhoa Urretagoiena Arruabarrena coach pertsonala izango dute ikastaroan bidelagun. PNL Master-Trainer zertifikatua eta komunikazioan lizentziatua da Urretagoiena.

Zein eratako ahalduntzea landuko duzue ikastaroan?
Modu praktiko eta gozagarri batean norbanako ahalduntzetik abiatuko gara, autozaintza eta autoezagutza ahalduntze prozesuaren lehen urratsak baitira. Dinamika batzuen eskutik norberaren argiak eta ilunak onartu ostean, naturaltasunez komunikatzen eta erabakitzen ikasten dugu, geure balioak eta berezko nortasuna azaleratuz. Taldearen laguntza eta sortzen den giroa berebizikoak dira hausnarketa prozesua aberasgarriagoa izateko, ahalduntze pertsonaletik ahalduntze kolektibora salto egiten dugu, lankidetza eta enpatia bezalako balioak presente baitaude ikastaro honetan.

Coach pertsonala zara. Zer da coaching-a eta zein da coach baten lana?
Coaching-a pertsonen garapenerako eta eraldaketarako metodologia da. Pertsona edo taldea dagoen lekutik joan nahi duen lekuraino heltzen laguntzen du, helburuak lortzen laguntzen du. Filosofia edo eta Psikologia humanistaren ikuspegien eragina dauka, bezeroak bere bide propioari ekiteko erantzunak barnean gordetzen dituela defendatzen baitu; eta ez baitu gidatzen, bidean lagundu baizik. Galdera eta bestelako ariketa batzuen laguntzaz, pertsonaren gaitasunak eta boterea loratzen laguntzen du, atentzioa orainaldian eta etorkizunean ipiniz.

Zertan lagundu dezake?
Autoestimua hobetzeko, gaitasun pertsonalak eta profesionalak garatzeko, erabaki zailak hartzen laguntzeko (balioak eta lehentasunak kontuan hartuz), norbanako eta taldekako komunikazioa eta harremanak hobetzeko, emozioak kudeatzeko edo eta eraginkortasun eta gozamen handiagorekin bizitzen ikasteko.

Zein beste metodologia erabiliko dituzu ikastaroan zehar? Zertan datza bakoitzak?
Ahalduntze ikastaro honetan, emozioen eta gorputzaren adierazpena presente egongo dira. Bestalde, dinamika batzuk Programazio Neurolinguistikan oinarrituta egongo dira. PNLak geure helburuak lortzeko tresna ezberdinak eskaintzen dizkigu, bizipen subjektibo bakoitzak patroi edo programa mental zehatz batzuk erabiltzen ditu eta gure ongizatearen mesederako horiek birprogramatu, kopiatu edo eta aldatu ditzakegula defendatzen du. Iturri ezberdinetatik jasotako lanabesekin, pertsona bere osotasunean laguntzea da helburua, ikasketa aberasgarria izateko.

Nori zuzendutako ikastaroa da?
Autozaintzarako tartea hartzeko beharra duenari. Bere bidean aurrera egiteko laguntza behar duela sentitzen duenari. Norbere buruarekin edo eta ingurukoekin (lanean, etxean eta kalean) dituen harremanak hobetu nahi duen horri zuzenduta dago.

Zer azpimarratu nahiko zenuke?
Nire helburua esperientzia eraldatzailea izatea da, konfiantzazko espazio batean geure burua hobeto ezagutu eta maitatzeko aukera bat izatea. Egungo egoerari, epaituko ez gaituen talde batekin, aurre egiteko proposamena izango da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude