#LUHI5 “Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen garapen jasangarrirantz” V. Jardunaldietako ondorioak

Kontseiluak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, UEMAk eta UEUk elkarlanean antolatutako “Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen garapen jasangarrirantz” V. Jardunaldien amaierako ondorio nagusiak honakoak izan dira:

  1. Arnasguneen garapenari begira ezarritako hiru ardatzek eta zazpi erronkek presente jarraitzen dute

2019an Arnasguneen Garapen jasangarriari lotutako jardunaldietan, garapen jasangarriari begira landu beharreko hiru ardatz zehaztu genituen: garapen soziekonomikoa, soziokulturala eta sozioekologikoa. Ardatz horien baitan, berriz, lanerako zazpi erronka nagusi definitu genituen: Garapen demolinguistiko jasangarri eta orekatua, Garapen sozioekonomiko sistemiko eta endogenoa, Tokiko Oinarrizko Zerbitzuen garapena, Hizkuntza-komunitatean ardaztutako garapen soziokulturala, Balio aurrerakoi eta komunitarioetan oinarritutako nortasunaren garapena, Arnasguneen saretzea eta hedapena, eta Hizkuntza-komunitatea ardatz duten politika publikoak.

Gaurko jardunaldian zehar, aldez edo moldez, ideia horiek behin baino gehiagotan atera direla ikusi dugu eta beraz, aurrera begirako lanketarako arras baliagarriak izaten jarraitzen dutelakoan gaude.

  1. Arnasguneen zaurgarritasuna eta inguruarekin duten interdependentzia:

Behin eta berriz aipatu izan dugu pandemiak inoiz baino ageriago utzi dituela hainbat gizarte-sektoreren zaurgarritasuna eta interdependentzia. Bada, arnasguneei dagokienez ere, begien bistan dago hizkuntzaren normalizazio-prozesuetan duten garrantziarekin batera, euren izaera zenbateraino den zaurgarria. Are gehiago, globalizazio-prozesua azkartzen ari delarik, inguruarekin duten interdependentzia gero eta sakonagoa den garaiotan.

Gaur egungo garraiobideek eta hedabideek mugikortasuna eta beste lekuekin edo “sarearekin” konexioa izugarri erraztu eta areagotu dute, eta horrek arnasguneetako eguneroko bizitzan goitik beherako eragina izan du. Aldi berean, pandemiak erakutsi digu bertokoa edo gertukoa balioan jartzen, bai eta, hiriguneen aldean, arnasguneetako bizi-moldeak bestelako aukerak ematen dizkigula ere: harremanak, gertuko komunitatea, laguntza-sareak, ingurumenarekin harreman egokiak…

  1. Garai konplexuei erantzun konplexuak:

Garai konplexuak bizi ditugu eta, aurreko puntuan aipatu bezala, geroz eta ageriago dago elkar-lotutako eta inguruarekin elkar-eragin etengabean bizi den gizarte baterantz goazela.

Horrek, gure ustez, lehendik ere aipatu izan dugun bidetik, politika publikoetan hizkuntza-normalizazioa zeharkakotasunez lantzea eskatzen du ezinbestean. Sozioekonomia, lurralde-antolaketa, arkitektura… eta beste hainbat gai jada ezin dira planteatu ezagutza eta esparru iragazgaitz gisa, eta beharrezkoa da horietan guztietan hizkuntza-normalizazioren begirada txertatzea.

Horrek, noski, arlo horien garapenerako planteamenduak egitea zailtzen du, baina, jada ezin dugu ez-ikusiarena egin, ez eta arlo horiek hizkuntza-normalizazioan duten eragina baztertu ere. Horretarako, Irlandako Gaeltacht-en bilakaerak erakutsi digun bezala, ezinbestekoa da arnasguneetako kideek politika publiko horien definizioan parte hartzea eta euren ekarpenak aintzat hartzea, bai eta arnasgune horietan hizkuntza-komunitate bizia eta kontzientziatua, edo azken boladan esan ohi den bezala, komunitate ahaldundua egotea ere.

  1. Arnasguneen garapenean oinarritutako politika publikoak

Aurreko ondorioaren bidetik jarraituta, beharrezkoa da politika publiko guztietan arnasguneen garapena aintzat hartzea. Politika horietan, erator litezkeen eskua-hartzeen Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa aztertu eta horren arabera egokitze neurriak proposatzea baino, arnasguneen garapenaren ikuspegia hasiera beretik txertatua egon beharko litzateke.

Hizkuntza-politiketan, beraz, jardunaldian aipatu bezala, ondare-ereduaren hizkuntza-politikak baztertu eta biziberritze-ereduan eta arnasguneen garapenean oinarrituta hizkuntza-politiketan sakontzeko bideak urratu beharko lirateke. Horrela, hizkuntza-politikaren baliabide guztiak baliatu behar dira norabide horretan urratsak egiten joateko: plangintzak, araudiak eta gainerako baliabideak.

  1. Arnaguneen garapenerako lege-markoa

Aurreko jardunaldietan aipatu bezala, EAEko Toki Erakundeen Legeak Eragin Linguistikoaren Ebaluazioak (ELE) egin beharra ezarri izana urrats garrantzitsutzat jo genuen arnasguneen prebentzioaren ikuspegitik. Azkeneko bi jardunaldi hauetan, berriz, prebentziotik garapenerako jauzia eman beharra ezinbestekotzat jo dugu. Horretarako, ELE aplikatu ahala hainbat ikasgai eta irizpide jasotzen ari gara eta, hasieran aipatu bezala, iazko jardunaldietan ere beste hainbat oinarri ezarri genituen.

Horiek guztiak oinarri gisa hartuta, uste dugu arnasguneen garapenari bermea eta babes juridikoa emango dion lege-markoa garatzea beharrezkoa dela. Horretarako, baliagarria zaigu Irlandako aurrekaria. Gaurkoan bere onurak zein gabeziak jarri nahi izan ditugu mahai gainean, eta hutsuneak hutsune, tresna horren potentziala eta beharrezkotasuna agerian jarri direlakoan gaude.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude