Larunbat honetan, urtarrilaren 23an, izango da “Lurraldea eta Hizkuntza” jardunaldien bosgarren edizioa Donostian. Kontseiluak, UEMAk, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta UEUk elkarlanean antolatutako jardunaldiak dira eta “Arnasguneen garapen jasangarrirantz” izenburupean egingo dira oraingo honetan. Jardunaldion ibilbideari buruz gehiago jakin asmoz Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiarekin hitz egin dugu. Bere esanetan, larunbatean “zinez, eduki oso interesgarriak izango dira, eta etorkizuna eraikitzen lagunduko digute”. Izen-ematea zabalik dago eta etxetik zuzenean jarraitzeko aukera ere izango da UEUren Youtubeko kanaletik.
2014. urtean egin zen lehenengo jardunaldia. Oinarri batetik eta hipotesi batetik abiatuta. Zein oinarri? Zein hipotesi?
Lehen edizio horretan, oinarri batetik eta hipotesi batetik abiatzen ginen. Gure oinarria zen arnasguneek garrantzia berezia dutela hizkuntza normalizazio-prozesuan eta urrats batzuk eginak ziren arren, ez zitzaiela merezi zuten zentralitatea eskaintzen. Hipotesia, berriz, egoera gutxituan dauden hizkuntzen normalizazio-prozesuan hizkuntza-politika sailetatik aparte egiten diren politikek, eta zehazki lurralde-antolaketatik egiten direnek, berebiziko eragina dutela.
Zein izan da ordutik bilakaera?
Lehen jardunaldi haietan, beraz, oinarria eta hipotesiak partekatu genituen Euskal Herriko zein kanpoko adituen laguntzarekin. Ondorengo bi edizioetan, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioaren garapenari lotu gintzaizkion. Tresna horren proba pilotuen emaitzak aztertzeaz gain, lurralde-antolaketako politikek (etxebizitza politikak, besteak beste) arnasguneetan izan zuten eragin kaltegarria begien bistan jartzen zituzten azterketak mahai gaineratu genituen. Azkenik, halako eragin kaltegarriei aurre egiteko hartu beharko liratekeen neurri zuzentzaileen inguruko gogoetak ere plazaratu ziren.
Jardunaldien urtebeteko etenaldiaren ondoren, 2018an, laugarren jardunaldia antolatu genuen. Kasu horretan, prebentzioaren ikuspegitik garapen iraunkorraren ikuspegira jauzi egin genuen. Horrela, lurralde-antolaketatik etor litezkeen balizko kalteak saihestetik harago, arnasguneen garapen iraunkorra bermatzeko garatu beharreko politikak eta proposamenak definitzeko oinarriak landuz.
Kontseiluarentzat zergatik dira garrantzitsuak jardunaldi hauek?
Bi eremutan egin dute ekarpena jardunaldiok. Batetik, hizkuntza-politikan urratsak modu bateratuan egiteko bidea lankidetzatik eta konplizitatetik datorrela erakutsi dute. Antolakuntzan euskalgintza, instituzioak eta eremu akademikoa elkarrekin ari gara lanean.
Bestetik, urrats eragingarriak nola egin daitezkeen erakutsi dute. Oinarri edo hipotesi bat planteatu genuen; ondoren, zein arazo egon zitekeen aztertu, eta horri aurre egiteko neurri zehatzak proposatu (bai eta neurri horiek aplikatu ere). Behin hori eginda, politikariek neurri horiei lege izaera eman zieten, eta beraz, gaur egun derrigorrezkoa dute udalek halako neurriak betetzea.
Horrek, beraz, 2014an planteatutako oinarri eta hipotesia beste eremu batzuetara zabaldu ditugula erakutsi du, eta are garrantzitsuagoa dena, planteatutako arazoei aurre egiteko tresnak garatu eta ezarri direla.
Zer atera nahiko zenukete jardunaldiotatik?
Bi helburu bete nahi ditugu. Egia da, bai, hasierako edizioetan arnasguneetan prebentzio-neurriak aplikatu beharraz hitz egiten genuela, baina paradigma hori gainditu behar dela uste dugu. Aurreko edizioan ekin genion lurgune euskaldunen eta arnasguneen garapen iraunkorra bermatzeko oinarrien beharraz hitz egiteari eta, oraingoan, ikuspegi horretan sakontzeko asmoa dugu. Gainera, hizkuntzaren normalizazio-prozesuan arnasguneek garrantzi handia izan duten komunitate bateko ordezkaria izango dugu gurekin, haien politiken eta lege-garapenen berri emateko. Zinez, eduki oso interesgarriak izango dira, eta etorkizuna eraikitzen lagunduko digute.