Eki Pagoaga: “Asma dezagun ikus-entzunezkoan dabiltzan eragileen mugaz gaindiko bilgune bat”

Datorren abenduaren 18an Humanitate Digitalak Euskal Herritik I. Jardunaldiak (HDEH2020) izango dira Errenterian. Bertan, besteak beste, artxiboaz, banaketaz eta kontsumoaz jardungo dute. Horretarako, Argia Multimediako, EITBko Nahieran-eko eta Kanaldude herri telebistako arduradunak gonbidatu dituzte. Kanaldudeko langilea da Eki Pagoaga, eta berak eman digu euren esperientziaren eta gogoeten berri.

Teknologia digitalek banaketa eta kontsumo modu berriak ere ekarri dituzte. Kanaldude web telebista den heinean, zein da egiten duzuen irakurketa, gogoeta?
Kanaldude aurreko dinamikak 90ko hamarkadan pizten dira. Interneteko aplikazioa nagusiaren, webgunearen garai berdinean. Baina oraino ordenagailu gutxi dago, smartphone-ak ez dira oraino asmatu, eta konexio abiadurak oso motelak dira gaurkoari parekatuz. Kanaldude bera 2000. urtean sortzen da, ez “web telebista” izateko nahikari batekin, baizik eta bideogintza demokratizatu nahian; eta herritarren esku jartzen den gogoeta tresna bat bezala.

Orduan analogikoan lan egiten da, bai grabaketan, edizioan, hedapenean. Proiekzio publikoak antolatzen dira, VHS zintak banatzen dira, telebista ofizialen antenak erabiltzen dira uhinen bidez hedatzeko edukiak, baimenekin edo baimen gabe… Informatika eta Internet garatu arau, ikusi da hor bazela potentzial ikaragarria ekoizpenak zabaltzeko. Bideo plataforma pribatu ezberdinetan publikatzen hasi da Kanaldude, bere webgune propioa sortzea deliberatu arte. Bideo hedapen mota marjinala izan da hasiera batean, telebista tradizionalen ereduari konparatuz, baina azkar indarra hartu du VOD [eskariaren araberako entretenimendua] kontzeptuak, gaur telebista eredu oso azkar bat bilakatu da. Paraleloki ikusgai diren edukien kopuruak izugarri emendatu dira. Hortik galderak: nola izango gara ikusgarri; zein “produktu” zein “kontsumorako”. Ez dugu ustezko “kontsumo” ohitura batzuen arabera lan egin behar. Gu lekukoak gara. Mundu bat irudikatzen dugu. Eta irudikatze horretan, gure munduan eragiten dugu. Zirkulu bat da, eten gabeko interakzioa; kultura deitzen zaio. Publikoa entzun eta kontutan hartu behar da, bai; baina ez du baitezpada zerbait itxoiten. Edo ez da galdera ustez itxoiten duen hori ematea edo ez. Guk eman behar dugu plazerez ekoizten duguna, zentzua aurkitzen diogun edukia, eraginkor iruditzen zaigun mamia.

Artxibo digital/numeriko garrantzitsua sortu duzue…
Analogikotik numerikora trantsizio hori bizi izan dugu. Gure artxibo ainitz eta ainitz analogikoak ziren guti arte. Numerizazio lanak eraman ditugu eta gero etorri dira galderak: batetik, nola babestu eduki horiek epe luzean; eta, bestetik, nola ematen diegu balioa? Bestalde, 2 eta 6 ordu arteko edukia ekoizten dugu astero, 10 bat langileen elkarlanean: zein tresna, zein protokolo, zein ahal, egunez egun ekoizten den hori hedatu orduko artxibatzeko? 2018 arte benetako egin molde edo aterabide onik ez dugu aurkitu, baina orain martxan ditugun sistemek baimentzen digute ekoiztu arau artxibatzea; eta ekoizpena artxiboetatik elikatzea. Hala ere, behar eta teknologiak egunez egun garatzen doaz, eta eten gabeko gogoeta eramaten dugu biharko aterabideak aurkitzeko.

Ikus-entzunezkoetan orokorrean zeintzuk dira zuen ustez digitaltasunaren edo numerikotasunaren arrisku eta aukerak?
Digitaltasunaren alde onena eta ederrena da kopiarako ematen duen erraztasuna. Horrek asko laguntzen ditu hedapena eta artxibatzea. Bi helburu horiekin, ikusle gehiago unkitu eta artxiboen iraunkortasuna bermatzea; bi kasuetan, kopia gehiago eta emaitza sendoagoa.

Mundu numerikoan aukerak muga gabekoak dira, eguneroko lana dugu gure tresnak sortzen; kontutan hartuz bai, “tresnek sortzen gaituzte”-la; hots, gure hautu eta asmakizunek baldintzatzen dutela gure bilakaera.

Arriskua, bestalde, tendentzia zentralistak dira, monopolioak; eta, hori baimentzen duen, ez jakintza numerikoaren sustatzea. Eten gabe garatu behar ditugu gure tresna propioak, libreak, gure edukien jabe eta arduradun gelditzeko. Kanalduden egiten ditugun hautuak zentzu horretan doaz.

Zer nabarmendu nahi duzue zuen hitzaldian?
Nahiz gure jarrera militanteek hein batean ahal eskasak konpentsatu, elkar laguntzeko beharra dugu: asma dezagun ikus-entzunezkoan dabiltzan eragileen mugaz gaindiko bilgune bat; ahal edota gogoetak, mutualizatu eta partekatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude