Garbiñe Elizegi: “Elkarrizketatutako erizainentzat, hizkuntza ezinbestekoa da kalitatezko zerbitzua emateko”

Oraindik ere izena emateko aukera dago UEUk sustatutako “Hizkuntzen kudeaketa osasun arretan: euskara komunikazio klinikoan” graduondokoaren (UPV/EHUren Aditu Titulua) bigarren edizioan. Garbiñe Elizegi Narbarte erizainak lehenengo edizioan parte hartu zuen eta osasungintzako langile guztiek jaso beharreko formakuntza dela uste du.

Zerk eraman zituen graduondokora?
Graduondoko honetan matrikulatzea erabaki nuen erizain bezala euskaraz jarduteko nituen arazoei nolabaiteko irtenbidea ematen lagunduko zidalakoan. Osasunbideko langile bezala hainbat oztopo ditugu egunerokoan euskaraz lan egiteko. Oztopo hauek maila eta eremu guztietan daude eta formakuntza honek horietako batzuk gainditzeko tresnak emango zizkidala pentsatuz erabaki nuen izena ematea. Beste aldetik, osasungintzan euskara normalizatzeko helburu duten beste langileak ezagutzeko aukera ona zela ikusten nuen.

Zer nolako esperientzia izan da?
Esperientzia aberasgarria eta emankorra izan da. Jasotako edukiak gaiaren inguruko ezagutza orokorra edukitzea lagundu dit eta egunerokoan nire hizkuntza maila hobetzeko tresnak ere bai. Covid-arengatik saio presentzialak egiteko zailtasunak izan ditugu eta horrek maila handi batean gure esperientzia mugatu duen arren, graduondoko honek baliabide asko eman dizkit euskararen normalizazioaren aldeko borrokan eragiteko.

Zure kasuan Euskal Herriko lurralde desberdinetan erizaintza euskaraz ikasteko eta jarduteko dauden hutsuneak eta aukerak aztertu dituzu. Zein izan da diagnosia?
Euskal Herri mailan lurralde edo eremu administratibo ezberdinetan lan egin arren erizaintza euskaraz ikasteko edota jarduteko oztopoak ugari daudela. Elkarrizketatutako erizainentzat hizkuntza ezinbestekoa da komunikazio eraginkorra izateko eta kalitatezko zerbitzua emateko. Nabarmentzekoa da lantoki guztietan dauden hizkuntzen arteko botere harremanak eta honek sortzen dituen gatazkak. Beste aldetik agerian geratzen da erizainen arteko saretze eta antolatzearen beharra euskararen normalizazioan pausu esanguratsuak emateko.

Gomendatuko zenuke?
Dudarik gabe, nik uste osasungintzan lan egiten dugun langile guztiek jaso beharreko formakuntza dela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude