Saioa Martinez de Lahidalga: “Hizkuntza-gatazka, medikuntza graduan zehar, zoritxarrez, euskal ikasle gehienok pairatu dugu”

Urtarrilean abiatuko da UEUk sustatutako “Hizkuntzen kudeaketa osasun arretan: euskara komunikazio klinikoan” graduondokoaren (UPV/EHUren Aditu Titulua) bigarren edizioa eta oraindik ere izena emateko epea irekita dago. Lehenengo edizioan parte hartu zuen Saioa Martinez de Lahidalgak, medikuntza gradua bukatu berritan.

Zerk eraman zituen graduondokora?
Medikuntza gradua ikasi dut eta gradua amaitu berritan izan nuen graduondokoaren lehen edizioaren berri. Hizkuntza-gatazka, medikuntza graduan zehar, zoritxarrez, kontzienteki edo ez, euskal ikasle gehienok pairatu dugun zerbait izan da. Graduondokoa egoera iraultzeko eta eraldaketarako tresna gisa ikusi nuen; pentsatzeko, ikasteko eta ekiteko baliabideak eskain ziezazkidakeen ikastaro edo kurtso gisara.

Zer nolako esperientzia izan da?
Esperientzia benetan aberasgarria izan da. Egia da pandemiak graduondokoaren saio presentzialak baldintzatu dituela, Eibarko Markeskoa jauregian bakarra egiteko aukera izan baikenuen; eta alde horretatik, pena izan da. Hala ere, online plataformara egokitua zegoenez edukiaren gehiengoa, ez dugu arazo handiegirik izan gainontzeko saioak online jarraitzeko. Euskal Herriko egoeraz gain, nazioartean hizkuntza gutxituen egoera eta beste herrialdeetan eman diren pausoak zeintzuk izan diren ezagutzea benetan aberasgarria izan da. Asko ikasi eta gozatu dut.

Urola Kostan adinekoen osasun arretan hizkuntzak duen garrantzia eta jasotzen duten euskarazko arretarekiko gogobetetze maila neurtzea izan du helburu zure proiektuak. Zeintzuk izan dira ondorio nagusiak?
Nire proiektua Urola Kosta eskualdean kokatu dut, getariarra izanik, eskualdeko osasun arretaren diagnosia egiteko aukera eskaintzen zidalako proiektuak. Nire ikerketako subjektuak adinekoak izan dira. Azken urteetan, hizkuntza gutxituen eta osasun arretaren inguruko ikerketek gora egin duten arren, oraindik gai honen inguruan asko dago egiteko eta egiteke. Adinekoen gaian hutsune nabaria zegoela iritzita, eta adinekoak hizkuntza-mugak pairatzeko talde zaurgarrienetako bat diren aldetik, nire aletxoa jarri nahi izan dut proiektuarekin. Adinekoak infantilizatzeko dagoen joera orokortuari muzin eginez, galdetegi bat prestatu nuen eta eskualdeko herrietan zabaldu; tokiko euskal komunikabideen eta herrietako elkarte eta talde ezberdinen laguntzarekin, 65 urtetik gorako herritarrei berau erantzuteko gonbidapena luzatuz. Galdetegia erantzun dutenen %89ak osasun arreta euskaraz jaso nahiko lukeela adierazi du. Azalpenak ematerakoan %70ak euskaraz hobeto moldatzen dela azaldu du eta jasotzen duten osasun arretaren kalitatean hizkuntzak duen garrantzia 1etik 5rako eskalan kokatzeko eskatuta, bataz beste, 4,64 puntutan kokatu dute. Oro har, erabiltzaileak gustura daude osasun zentroetako euskarazko arretarekin, baina %42ak berau hobetu daitekeela uste du. Euskararen bidegurutzetik liburuan, Kike Amonarrizek honakoa aipatzen du: “euskaldunak, behar diren baldintzak gertatzen direnean, euskaraz egiteko joera dugu, alegia, leialtasun handiko hizkuntza komunitatea gara”. Eta nik diot, askotan hori dela falta dena, beharrezko baldintzak eskaintzea. Aritzeko hariak behar ditugu, eta adinekoei entzuteko belarriak”.

Graduondokoa gomendatuko zenuke?
Zalantzarik gabe. Osasun arreta eta hizkuntzaren inguruan ezagutza areagotzeko, kontzientzia hartzeko eta osasun arreta euskalduntzeko prozesuaren etorkizuneko erronketan parte hartzeko aukera paregabea eskaintzen du graduondokoak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude