“Literaturak mundua ikusteko formak eskaintzen ditu, baita mundu-ikuskera batzuk zalantzan jartzeko aukera ere”

“Heziketa literarioa Bigarren Hezkuntzan: genero irudikapenak eta identitate sexualak euskal literaturan” izeneko ikastaroa antolatu du UEUk udazkeneko online eskaintzaren barruan. Ibon Egaña Etxeberria eta Amaia Serrano Mariezkurrena UEUko literatura saileko kideak dira ikastaro honen arduradunak. Egaña Euskal Filologian lizentziatua da eta euskal kritikari buruzko tesia idatzi du. Galtzagorri Elkarteko kidea ere bada eta EHUko Hezkuntza, Antropologia eta Filosofia fakultateko irakaslea. Serrano magisteritzan diplomatua eta Euskal Filologian lizentziatua da. 1936ko Gerra eta euskal nobelari buruzko tesia idatzi du eta EHUko Hezkuntza, Antropologia eta Filosofia fakultateko irakaslea da gaur egun. Biak ala biak Euskal kultur sorkuntza eta kritika feminista graduondoko Irakaskuntza moduluko koordinatzaileak dira.

Bigarren Hezkuntzan literaturzaletasuna, irakurzaletasuna sustatzeko, garatzerako orduan zerk egiten du huts?
Gure ikastaroan irakurzaletasunaz baino gehiago literatur heziketaz jardungo dugu; hau da, aisialdiko irakurketa sustatzeaz baino, eskola-testuinguruan literatur gaitasuna garatzeaz. Iruditzen zaigu hutsuneak badirela haur eta gazteen heziketa literarioan, eta bide horretan ekarpentxoa egin nahi dugu. Inpresioa dugu sarritan borondatea badagoela ikastetxe eta irakasleen partetik, baina ez dugula erreferentzia edo adibide egokirik maiz; hau da, maiz ez dakigu zer egin dezakegun literatur testu bat gure ikasleekin lantzeko. Kezka hori dago ikastaroaren abiapuntuan.

Literatura lantzeko baliabide eta estrategiak falta dira?
Bai, hala uste dugu. Gizartean bezala, irakaskuntzan ere ez da lehentasunezko ardura literatura eta heziketa literarioa; eta ondorioz, eskura ditugun baliabideak ere murritzak dira: material didaktikoak, eskuliburuak, proposamen didaktikoak… Horrek eragiten du batzuetan irakasleak galduta edo bakarrik sentitzea, testu literarioen aurrean nola jokatu asmatu ezinik. Inportantea iruditzen zaigu baliabideak eta irakurketa-estrategiak lantzen eta elkarrekin partekatzen jarraitzea.

Ikastaroaren helburua bikoitza dela esan genezake? Heziketa literarioan aurrera egitea eta gogoeta kritikorako literatura baliabide moduan erabiltzea bestetik?
Bai, gure asmoa da irakasleei testu literarioak gaztetxoekin lantzeko baliabideak eskaintzea. Hau da, gaitasun literarioan aurrera egiteko gakoak zein izan daitezkeen proposatzea, irakurketa-estrategiak eta proposamen didaktikoak landuz. Horrekin batera, ezin dugu ahaztu literaturak mundua ikusteko formak eskaintzen dituela, eta baita mundu-ikuskera batzuk zalantzan jartzeko aukerak eman ere. Hori da proposatzen dugun bidea: genero-irudikapenak eta sexualitate ez-normatiboen errepresentazioak aztertuz, gogoeta kritikoa sustatu nahi dugu; testu literarioen interpretazioetan sakontzen dugun bitartean.

Genero irudikapenak eta identitate sexualak landuko dituzue oraingo honetan. Zerekin egingo dugu topo?
Gure abiapuntua izango da ez dagoela literatur testu neutrorik. Hau da, testu guztietan daude genero-irudikapen jakinak, eta baita identitate sexualen inguruko diskurtsoak ere. Batzuetan literaturaren irakaskuntzan bigarren edo hirugarren planoan geratzen dira diskurtso horiek, eta lehen lerrora ekarri nahi ditugu gure irakurketetan. Gure asmoa izango da, alde batetik, testuinguru jakin batean, hots, 1936ko gerraren inguruko narratiban, nolako genero-irudikapenak izan diren aztertzea; eta, beste alde batetik, euskal nobelagintzan LGTB+ pertsonaiak nola irudikatu diren arakatzea. Abiapuntua hori izanda, testu horiek eskoletara nola eraman gogoetatzea izango da gure helburua.

Zein eratara landuko duzue gaia?
Hainbat modutan heldu nahi diogu gaiari. Alde batetik, lehen urrats gisa, euskal literaturako genero-irudikapenen eta sexualitate ez-normatiboen irudikapenen inguruko kokapen orokorra eskainiko dugu saio presentzialean, euskal letretan egin diren diskurtsoez jabetzeko. Bigarren urrats bezala, online jarduerak egingo ditugu, testu laburren interpretazioan eta irakurketan sakontzeko; askotan eskola orduetan literatura lantzeko testu laburrak oso egokiak izaten baitira, eta hor kokatu ditugu ipuinen eta poemen irakurketak eta jarduera proposamenak. Azkenik, hirugarren urratsean, ikasleek nobela baten inguruko proposamen didaktikoa egingo dute; eta egindako proposamen horiek partekatu eta feedback-a emateari eskainiko diogu azken saio presentziala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude