Datorren urriaren 10ean, Errenteriako Udalak eta UEUk antolatutako “Errenteria 700 urte: herria eta teknologia” jardunaldian, “Gizartea eta teknika Oarsoaldeko lehenengo industrializazioan” izango ditu aipagai Miguel Angel Barcenilla Lopez historialari eta ikerlariak.
Zein zen egoera Errenterian industrializazioa aurretik?
XVII. mendean eta XVIII. lehenengo erdialdean, Errenteriako ekonomia nekazaritzan oinarritzen zen; baina, Gipuzkoa osoan bezala, industriak (batez ere burdinolak, fanderia, ontziolak) eta merkataritzak ere garrantzia handia lortu zuten; baserriko ekonomiaren funtsezko osagarri bihurtu ziren, herri lurrekin -komunalekin- batera. Arrantzan ere ari ziren herrikide multzo bat.
XVIII. mendearen bukaeran, aldiz, antzinako industriaren beherakada hasia zen. Oarsoaldean izan ziren 14 burdinolatik 2 besterik ez ziren geratzen garai hartan; ontziola handiak erabat desagertu ziren eta bakarrik ola txiki gutxi batzuk jarraitzen zuten lanean. Industria horiekin batera beraientzat lan egiten zuten ofizioak desagertu edo ahuldu ziren. Baserritarrek ere jasan zuten industria haien desagerpena, industria eta merkataritzarekin lotutako lan osagarriak galduta. Beste alde batetik arrantzak atzerakada nabarmena jasan zuen Donostiak portuaren kontrola hartu zuenetik. Hau guzti hau gutxi balitz, zenbait gerraren ondoriak jasan zituen herriak; 1794ko Konbentzio Gerrarekin hasita, Napoleon eta San Luis Semeen inbasioekin jarraituz eta lehenengo Karlistada (1833-1839) bukatu arte. Errenteria herri xume bat zen 1945ean, 1.650 biztanle inguruko herri bat. Haietako 725 hiribilduan bizi ziren eta besteak, 925, inguruko baserrietan. Gehiengoa nekazaritzarekin lotuta jardueretan zebilean, % 55a baino gehiago. Artisauak, aldiz, % 18a ziren, besterik ez.
Egoera hartan biztanleen kopurua nekez heda zitekeen eta emigrazio mamua zabaldu zen herrian.
Zein onura eta zein kalte ekarri zituen industrializazioak?
Onuren aldetik, aipa dezakegu herriko biztanle askori industria modernoak herrian bertan geratzeko aukera ekarri ziela, lana ugaritu baitzen. Udalerrian sortutako aberastasuna ere nabarmen hazi zen; baina azpimarratu behar da aberastasun horren banaketa erabat desorekatua izan zela. Ofizio berriak ugaritu ziren, denda, taberna eta beste komertzioekin batera; hau guztia biztanleen gorakadak bultzatuta. Herritarrak emigrante bidaltzetik, immigrante asko jasotzera pasatu zen, gehienak gipuzkoarrak, XX. mendea hasi arte.
Kalteei dagokienez, langileen bizi baldintza txarrak aipatu behar ditugu. Gaixotasunen eta heriotzaren aurrean, fabrikako langileak eta hiribilduko biztanleak baserritarrak baino zaurgarriagoak ziren. Langileen elikadura eskasak, etxebizitzetako jende pilaketek, hirigintza kaotikoak eta kale zikinek, estolderia eta ur ezak, 12 orduko lanaldiek, 8 urtetik aurrerako umeen lanek, eta fabriketako giro itogarriak asko erraztu zuten eritasunen eta heriotza-tasaren igoera. Gizonen soldata murritza bazen ere, nekez familia elikadura eskasa bermatzeko gai zena, emakumeena eta umeena eskasagoa zen. Emakumeek lanaldi berbera izanda gizonen soldata erdia jasotzen zuten gutxi gorabehera eta umeek, pixka bat gutxiago.
Beste alde batetik, XX.mendearen hasierako dokumentuetan aipatzen zen airearen eta ibaiaren kutsadura nabaria zela; baina garaian ez zen ezer egin ondorio txarrak saihesteko.
1919an zortzi orduko legea indarrean jarri zuten. Garai horretan soldata errealek gora egin zuten pixkanaka. Honek langileek hedatutako Elkarlaguntzako Elkarte eta kooperatibekin batera, herriko bizi-baldintzak hobetu zituen, eta herrigunean bizitzea erakargarriagoa bihurtu zen 1920ko hamarkadatik aurrera.
Zer nabarmenduko nahiko zenuke zure hitzaldian?
Esan nahi dut teknika aldetik antzinako teknologiak lehenengo industrializazioaren oinarrietan aurkitzen ditugula, berrien pare. Beste aldetik, arreta teknika materialetan, makinerian, tresnetan eta gailuetan jartzen dugu; baina teknika ez materialak, teknika bigunak deitutakoak, ere garrantzitsuak dira. Adibidez, jakintza, prozedurak, programazioa, lan antolakuntza eta abar. Eta, azkenik, Oarsoaldeko industrializazioa ulertzeko ezinbestekoa da gizarte harremanak kudeatzeko, gizarte antolakuntza gauzatzeko eta ondasunak ekoizteko tresnak eta prozedurak kontuan hartzea.