Beñat Irausegi: “Herritarrak ekonomia eta teknologian burujabe izatea da gure asmoa”

Errenteriako Udalak eta UEUk lankidetzan antolatutako “Errenteria 700 urte: herria eta teknologia” jardunaldian TEKS sareko Maitena Urretabizkaia eta Beñat Irasuegik ere parte hartuko dute. Teknologia herritarrontzat bizitza bizigarriak eraikitzeko tresna izatea nahi lukete.

 

Zer da Teks sarea? Zeri erantzuteko sortu zen?
Beñat Irausegi: TEKS sarea elkarte bat da, Euskal Herrian teknologia libreak erabili eta garatuz, herritarren eta lurraldeen beharrei erantzuteko lan egiten dugun ekonomia sozialeko enpresa eta eragileak batzen dituena. Gure artean elkarlana, proiektugintza eta interkooperazio harremanak saretzeko beharretik sortu genuen, teknologiaren ikuspegi etiko batetik; korporazio handien hegemoniari tokiko erantzun antolatu bat emateko. Herritarrak ekonomia eta teknologian burujabe izatea da gure asmoa.

Maitena Urretabizkaia: Herritarrei eta lurraldeari erantzuteaz gain, bertako kide garenoi onura ugari ematen dizkigun sarea da. Bertan elkarlana benetan ematen da, ez da idealizazio batean geratzen. TEKS osatzen dugunok, behar komunak izan ohi ditugu, eta behar komun horiei tresna komunekin erantzun behar diegu: formakuntza kolektiboak, lan poltsa konpartitua, proiektu handietan koordinatzea…

Bestalde, sektorearen desmaskulinizazioan ere eragin nahi dugu; teknologian presentzia eskasa dute emakumeek eta are gutxiago lehen lerroan. TEKSen emakumeon presentziari garrantzia ematen diogu; beraiek izango baitira biharko emakumeen erreferenteak

Elikadura burujabetza eta abarren aldean, teknologia burujabetzarena oraindik ere badirudi barneratu gabe dagoela orokorrean. Hala ere, puri-purian dagoen gaia da, adibidez, ikastetxeetako ordenagailuen harira.
M.U: Bai, beste arloetan gertatzen den bezala, teknologian ere oso garrantzitsua da burujabetzaren irizpidea. Adibidez, gaur egun ikastetxeetan Google-ekiko daukaten dependentzia handia da, honek guztiak dakarrenarekin; umeetatik daude jada Google-en menpe, gure datuen jabe dira. Lan handia dago egiteko, gehien bat teknologia burujabetzaren ezagutzan; oso barneratuta baititugu Google-en tresnak eta oso eroso jartzen dizkigute; baina zeren truke? Guk izan behar dugu gure datuen burujabe, gure buruen jabe izan gaitezen.

B. I: Izan ere ikusten dugu beste burujabetza ildo batzuk, elikadurarena adibide, badutela tokia gure egunerokoan; eta, pixkanaka bada ere, aurrerapausoak ematen ari direla. Teknologia burujabetza kontuetan, aldiz, atzeraka goaz. Ekimenak badiren arren, Euskal herrian ziren telekomunikazio azpiegitura eta enpresak multinazionalen esku daude egun; Google, Amazon, Apple eta Microsoft bezalako korporazio kapitalistekiko dependentzia handiagoa dugu; gure bizitza eta lanetan erabat txertatuak daude, eta zaila egiten zaigu hauek gabeko etorkizun bat irudikatzea. Antolatu, eta beharrezko ditugun tresna digital eta teknologien birjabetzerako ordua da. Eskerrak badiren “Hezkuntzan Librezale” eta Librezale.eus bezalako ekimenak. Guk ekonomia sozialeko enpresak saretu nahi ditugu teknologia eta ezagutza librearen alde.

Zer nabarmendu nahiko zenukete zuen hitzaldian?
B. I: TEKS elkartea Torrekuan kokatua dago, Orereta/Errenteriako alde zaharrean, aurten sortu zela 700 urte bete diren herrian. Herri bizi batean gaude kokatuta, historian zehar garapen teknologikoen ondorioz astindu asko izan dituen herrian, batzuetan onerako eta besteetan ez; baina beti sortutako erronka berriei aurre egin diogu. Orokorrean, baldintza teknologikoen oso mendekoak izan gara, eta herritarron ongizatean aurrerapausoak emateko balio izan badu ere, dependentziaren ondorioz, oso azkar galdu izan ditugu garapen sozioekonomiko planifikatu baterako aukerak. Orain beste astinaldi teknologiko bat bizitzen ari gara, herrian eta ekonomian eragiteaz gain, gure bizitzak ere nabarmen baldintzatzen dituena. Nahi genuke astinaldi horretan zeresana izan, eta teknologia herritarrontzat bizitza bizigarriak eraikitzeko tresna izatea. Horretarako jakintza, azpiegiturak, softwarea, komunitatearen esku jarri beharko ditugu; eta enpresa teknologikoak herrian bertan kokatu beharko ditugu, ahal bada kooperatiba moduan, sortutako aberastasunaren birbanaketa bermatzeko. Etorkizun hobea nahi badugu, lanaren eta teknologiaren burujabetzarantz jo behar dugula erakutsi nahi dugu.

M.U: TEKS ez da kasualitatez sortzen den sare bat, jada denbora bat daramagu modu honetan lanean, elkarlanean; guk eta elkarteko beste kooperatibek sarean egiten dugu lan, bai Teks eta baita Olatukoopen barruan ere. Elkarlanari ematen diogu garrantzia, proiektuak aberasgarriagoak izaten baitira. Baditugu jada hainbat proiektu martxan TEKS sarearen inguruan, eta hauek ez lirateke errealak izango sarerik ez bagenu. Sarea ireki eta handitu nahi dugu, herrian eta herritarrengan eragin handiagoa izateko; bizitzak bizigarriagoak egiteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude