Lourdes Odriozola: “1590tik 1730era Errenteria Euskal Herriko ontzigintza zentro nagusietako bat izan zen”

Errenteriako Udalarekin lankidetza hitzarmena sinatu du UEUk Humanitate Digitalen gaia lantzeko, beti ere herrian sustraitutako gaiekin lotuta. Horren barruan, datorren urriaren 10ean “Errenteria 700 urte: herria eta teknologia” jardunaldia izango da Merkatuzar Kultur Gunean. Bertan, besteak beste, Lourdes Odriozola Oiarbide historialariak parte hartuko du. Ontzigintzan eta itsas historian aditua da Odriozola eta “Puntako teknologia Errenteriako itsas industrian: XVI-XVIII. Mendeak” izango du mintzagai.

Errenteriako itsas industriaz jardungo duzu zuk. Zein zen orokorrean Gipuzkoan ontzigintzaren egoera XVI. mendean?
Gipuzkoako ontzigintzaren sektorea XVI. mendean nagusienetako bat izan zen Probintzian. Kapital asko sortu eta mugitu zen bere inguruan. Eta gainera, eskulan asko kontratatu zen, bai sektorean zuzenean bai beste sektoreetan (burdina, egurra).

Errenteriara etorrita, zein aldaketa ekarri zituen teknologiak itsas industriara?
Errenterian aldaketak oso handiak izan ziren, bai inguruan, bai gizartean.

Inguruan, azpiegiturak eraiki behar izan zirelako materialak gordetzeko eta langileei ostatu emateko. Gainera, Fanderian industria-gune handi bat eraiki zelako: Renteriola-Olaldeko Ainguren Errege-Fabrika eta gero “Fanderia” bat. Azken bi hauek, unean uneko puntako teknologiarekin.

Eta sozialak, Errenteriak tamaina handiko ontzien eraikuntzan zuen espezializazioak eskulan kopuru handia bildu zuen eta garai hartako eraikitzaile ospetsuenetako batzuk bertan egon ziren. Gainera, batzuk herriko bizilagunak ziren.

Zer da zure hitzaldian nabarmenduko nahiko zenukeena?
1590tik 1730era Errenteria Euskal Herriko ontzigintza zentro nagusietako bar izan zen; hau da, ontzigintzarako oso urte zailetan.

Bai ontzien eraikuntzan eta bai burdinaren manufakturan, Errenterian garai hartako teknologiarik modernoena aplikatu zen.

Urte hauetan, itsas-industria izan zen hiriko garrantzitsuena, bai sortutako aberastasunagatik, bai erabilitako eskulanagatik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude