UEUren Udaberriko eskaintzaren barruan Bideogintza ikastaroa (Bideo didaktikoen grabazioa eta edizioa) izango da Bira produkzioak kooperatibako Beñat Iturrioz Perezen eskutik. Zineman, dokumentalen arloan zein bideogintzan aritzen da Iturrioz.
Irudien munduan bizi gara inoiz baino gehiago…
Irudi batek 1000 hitzek baino gehiago balio omen du. Azken urteetan, gainera, indar eta presentzia handia hartu dute sare sozialek; eta, bertan, komunikazioa batez ere irudi bidezkoa izaten da. Matrix barruan bizi gara jada, eta, beraz, Matrix barruko arauak zeintzuk diren ezagutzea lagungarri izan dakiguke; geuk ere geure mezu eta edukiak komunikatu ahal izateko; mota guztietako ahotsak entzun daitezen sarean eta saretik kanpo.
Idazten jakitea garrantzitsua den bezala, irudien kaligrafia zein den ulertzea interesgarria izan daiteke gaur egun; mundua geroz eta irudiz josiagoa dagoen honetan.
Bideoak grabatzeko edota editatzeko gero eta tresna gehiago dauzkagu eskura, baina tresna ez da dena. Zer behar du bideo on batek? Zer hartu behar dugu kontuan?
Boligrafoa, tinta eta papera izan dezakegu eskura eta kaligrafia ikasi. Literatura idazteko, ordea, praktika eta denbora beharko dira seguru aski. Bideoen kasuan ere, tresna asko dugu eskura; baina alde batetik iruditzen zait “zer” kontatu eta “nola” kontatu direla klabeak.
Hala ere, tresna horiei etekina atera eta menperatzeak, asko hobetzen du bideoa. Askotan irudian jartzen dugu atentzioa, baina bideoaren beste erdia den “soinua” ahazten zaigu. Gauza gutxi batzuetan atentzioa jarriz, dela argiztapenean, konposizioan edo soinuan, asko hobetu dezakegu bideo bat.
Hortik aurrera, bide zabal bat irekitzen zaigu eta nahi bezain beste sakondu dezakegu bideogintzan.
Ediziorako software librea hautatu duzu…
Ikus-entzunezko medioen demokratizazioaz hitz egin da azken hamarkadan zehar. Aurretik, zailagoa izaten zen ikus-entzunezko edukiak sortzea; izan ere medioak garestiagoak ziren eta ez zeuden guztion eskura. Azken urteetan berriz, geroz eta kamera merkeagoak sortzen joan dira eta, tartean, mugikorren kameren kalitatea ere handitzen joan da. Horrela, gaur egun eskura dugun tresna horren bidez, ia edozein pertsona edo kolektibok sor ditzake ikus-entzunezko edukiak.
Dena den, oraindik aplikazio eta programa askok jarraitzen dute ordainpekoak izaten; eta, beraz, ez daude denen eskura. Software librea aukeratu dut kasu honetan, izan ere, konbentzitua bainago tresna horiekin kalitatezko lanak egin daitezkeela; eta, era berean, beste balore batzuekin lan egiten duten proiektuak indartzen ditugula. Azkenik, tresnak tresna izaten jarraituko dute, baina kontatzen dugunak izango du garrantzia, ez hainbeste software edo aplikazioek.
Nori zuzenduta dago ikastaroa kasu honetan?
Bideoak egiteko oinarrizko maila bat ikasi nahi duen horri doa zuzendua. Bideo didaktikoak nola egin ikasiko dugu, hauek sortzeko kontuan eduki beharko genituzkeen tresna fisikoak eta app edo programak ikusiz.
Etxean bideoak sortu edota lan eremuan bideo azalpen edo bideo didaktikoak sortu nahi dituzten eragile edo pertsonei zuzendua legoke baita ere.
Zer lortu nahiko zenuke? Zein da azken helburua?
Grabazioan kontuan izan beharrekoak zeintzuk diren jakin eta edizioan oinarrizko maila bat lortzea. Ondoren, bakoitzak bere kasa sakontzeko abiapuntu bat izatea espero dut, ikasitako kontzeptuak tresna hauetan, zein beste edozeinetan, aplikatu ahal izateko. Laburtuz, esango nuke helburua bideogintzan ahalduntzea litzatekeela, bakoitzak bere edukiak sortu ahal ditzan.