Rakel Gamito: “Inoiz baino garrantzitsuagoa da gertuko komunikazioari tartea eskaintzea”

Irailaren 24an egingo du UEUk Ikasturte Hasierako ekitaldia eta oraingo honetan Rakel Gamito Gomez gonbidatu dugu hitzaldia emateko. Hezkuntza Zientzietan Doktorea da Gamito eta UPV/EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko irakaslea zein IkHezi ikerketa taldeko kidea. Hezkuntza, teknologia hezigarria eta gaitasun digitala dira bere lerro nagusienak. UEUko langile ohia eta Pedagogia sailburua ere bada.

IKUSI HITZALDI OSOA

 “Online irakatsi edo online biziraun?” izenburupean UEUren ikasturte hasierako hitzaldia egingo duzu. Ezin egokiagoa gaia bizi dugun garaiotan. Oraindik biziraupenetik gehiago dugu?
Ez dakit, baina… Izan beharko dugu! Ez-ohiko egoera bizi izan dugu eta betiko bizitza berreskuratzeko irrikan gaude, baina ez dakit hori posible den. Pandemiak ezagutzen genuen mundua aldatu du, erabat, eta, zenbait gauza, agian, normaltasunera bueltatuko dira; baina beste batzuk, aldiz, gelditzeko etorri dira. Eskoletan izan beharreko zenbait neurri, lan batzuetan online lan egiteko prozedura berriak etab. Denboran mantenduko direla uste dut nik; eta, ondorioz, etorriko denari erantzuteko prest egon behar dugu.

Zer da batez ere landuko duzuna zure hitzaldian?
Online irakaskuntzari buruz arituko naiz, ezaugarriei eta etorkizuneko erronkei buruz. Itxialdian aurrez aurreko hezkuntza-jarduera bertan behera gelditu zen eta horri nolabaiteko erantzuna emateko Internet konexioaz eta baliabide digitalez baliatu gara; baina online irakatsi dugula esan dezakegu? Online irakaskuntzak berezko zenbait ezaugarri ditu, eta garrantzitsua da aztertzea, ea horiek bete ditugun, edo ez ; eta pentsatzea ea nola hobetu ditzakegun oraingoan bete ez ditugunak.

Proposamen/aholku zehatzik ikasturte berrirako?
Irakaskuntzaren zein ikaskuntzaren alderdi soziala eta emozionala zaindu, aurrez aurre zein online. Inoiz baino garrantzitsuagoa da gertuko komunikazioari tartea eskaintzea; eta, guztion artean, elkarlanean, egoera berrietara egokitzeko gaitasunak garatzea.

UEUko irakaskuntza telematikoko arduradun ere izan zara. Ibilbide luzea du UEUk on-line prestakuntza alorrean. Zer nabarmenduko zenuke?
Duen esperientzia luzeari esker, UEUk badaki irakaskuntza telematikoak berezko ezaugarriak dituela; eta oso garrantzitsua dela horiek ondo zaintzea, kalitatezko online eskaintza bat bermatzeko. Horregatik, online irakaskuntzarako eredu pedagogiko propioa eraiki du, etengabe ebaluatzen eta hobetzen dena, gainera. Eredu horrek UEUren printzipioak jasotzen ditu eta horiekin lotzen ditu online irakasteko jarraibide pedagogiko orokorrak. Ereduan eta eredu horretan oinarrituta irakasleei eskaintzen zaien gidan zein formakuntzan, argi azaltzen da, adibidez, zer-nolako egitura izan behar duten ikastaro bateko ikasgela birtualak, zer-nolako baliabideak erabili daitezkeen ikastaroaren fase bakoitzean edota nola sustatu daitekeen komunikazio didaktikoa eta soziala. Online aritzeko eta hezkuntza-jarduera koherente bat ziurtatzeko, erreferentziazko markoak behar dira eta UEUk badu, aspalditik, berea ondo definituta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude