Ane Ablanedo: “Lan akademiko bat egiten ari den batentzat garrantzitsua da antolamendu egoki bat topatzea”

“Gradu bukaerako lana eta lan akademikoetan trebatzen” izeneko ikastaroa ere antolatu du UEUk Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean. Rakel Gamito Gomez, Fernando Trebol Unzue eta Ane Ablanedo Larrion izango dira ikastaroaren arduradunak eta Ablanedorekin izan gara gehiago jakin asmoz. Unibertsitateko irakaslea da bera (UPPA, NUP). Haur-prebentzioan espezialista eta eskola alternatibo eta pedagogia librearen gaian formatzailea. UEUkidea.

Nondik sortzen da ikastaro hau emateko beharra?
Unibertsitateko irakasle naizen aldetik ohartzen naiz ikasleek zenbateko zailtasunak dituzten testu akademiko bat zer den jakiteko eta dituen berezitasunak aintzat hartzeko. Gradu bukaerako zuzentzaile izan naizen aldetik, edo zuzendari izan naizenetan, ohartu naiz ikasleek ez dutela ulertzen benetan zer den.

Zein zailtasun topatzen dituzte Gradu Bukaerako Lana egin behar duten ikasleek?
Mota askotakoak dira. Alde batetik gradu bukaerako lan baten helburua eta izaera identifikatzeko zailtasunak dituzte. Alegia, ikerketan ez daude trebatuak eta hau ikerketa lan txiki bat da. Askotan ez dakite zein den zuk proposatzen duzun tesia argumentatua egotearen eta ez egotearen arteko ezberdintasuna; edo plagioa zer den ere. Idazterako garaian zenbateraino testu akademiko batek izan behar duen objektiboa, zein modu dituen hizkuntzak objektibotasuna adierazteko edo modalizazioa agertzeko; alegia, subjektibotasuna. Idaztea kosta ohi bazaigu, horrelako testu zientifiko batek eskatzen duena ez dute ezagutzen. Azken batean, hizkuntzak zein modu dituen akademikoki gauzak adierazteko.

Zein da lan egiteko proposatzen duzuen metodologia?
Online ikastaroa denez egokitu egin behar izan dugu. Ikus entzunezko baliabideak egongo dira jakintza transmititzeko, modu interaktiboan beti ere. Horrez gain, ariketak ere izango dira metodologia aktibo batekin. Abiapuntua ikaslearen jakintza izango duena. Ikastaro laburra da eta benetan inportanteak diren jakintzak zein diren lehenetsi behar izan dugu.

Zein garrantzi dute IKT tresnek horrelako lan bat egiterakoan?
Gero eta garrantzi gehiago dute ikerketaren eremuan eta eremu zientifikoan. Oso inportantea da zentzuz eta modu kritiko batean erabiltzen jakitea. Gaur egun dena online dago, baina murgiltzen jakin behar duzu; eta zerk balio duen eta zerk ez bereizten jakin behar duzu.

Zenbat hobetuko litzateke gure errendimendua ongi antolatuz gero?
Errendimendua eta antolamendua oso lotuta daude. Antolamendu egokirik gabe ez zara oso emankorra izango, bereziki estresatuta baldin bazabiltza. Lan akademiko bat egiten ari den batentzat garrantzitsua da antolamendu egoki bat topatzea. Urratsak zein diren zehaztu eta zein hurrenkeran eman behar diren jakitea. Bestela zure burua ur handitan sartuta topa dezakezu, nondik jarraitu ez dakizula. Lanaren izaera definituz, prozedura eta hurrenkera zehaztuz eta horri estu atxikiz, emaitza hobeak izango ditugu.

Zein dira ikastaroaren helburuak?
Ikastaroa laburra da, baina horrelako lan bat egiteko beharrezko diren baliabideak eskaintzea da helburua. Baliagarriak diren tresnak ezagutaraztea eta hortik aurrera bakoitzaren esku egongo da aplikatzea. Ez da lana bera egiten ikastea, baizik eta gradu bukaerako lan bat egiteko, abiapuntu gisa behintzat, erabil daitezkeen erremintak ematea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude