Joseba Gabilondo: “Sare sozial digitalak harremanetarako diren momentutik, ondokoa kontuan izan eta zaintzeko ohitura landu behar dugu”

UEUk Nafarroako Gobernuarekin batera antolatzen dituen ikastaroetako bat da Sare sozial digitalak genero berdintasunetik aztertzen” izenekoa. Joseba Gabilondo Marques Hiruki Larroxa Kolektiboko kide eta Euskal Herriko TransMariBiBollo mugimenduko aktibista izango da irakaslea.

Zein aukera sortzen dituzte gazteentzat sare sozialek?
Lehenik eta behin, niri sare sozial digitalez hitz egitea gustatzen zait. Izan ere, sare sozialak egunerokoan hezur eta haragizko munduan ere baditugu; eta sare horiek erreferentzialtzat hartzea garrantzitsua iruditzen zait. Horregatik, Internet bidez sortzen diren sare sozial horiei, “digital” edo “birtual” abizena jartzea gustatzen zait.

Bestalde, gazteentzat sare sozial digitalek sortzen dituzten aukeren inguruan, nik gehien baloratzen dudana edukiak sortzeko eta hauek elkarbanatzeko aukera da. Sorkuntza espazio bat dela esango nuke. Argi dago, harremanetarako ere balio dutela sare sozial digitalek; hori izan baitzen hasiera baten helburu orokorra; eta, hain zuzen, horretan daukagu zer aztertu eta landu, gazteekin zein helduekin.

Aukera adina arrisku dituzte, zein dira?
Arrisku handiena bizitza “errealetik” edo ez-digitaletik aldentzea dela esango nuke. Ez soilik, askotan, sare digitaletan murgiltzen garelako, eta ez diogulako hezur eta haragizko munduari arreta jartzen (askotan arreta mugikorrean izaten dugu), baizik eta sare digitaletan ematen diren harremanetarako modu eta kodeak erreplikatzen ditugulako (twitter elkarrizketak, itxurakeria…).

Alderantziz ere gertatzen da, mundu “errealean” ematen diren tratu txarrak mundu digitalean ere ematen dira; eta, gainera, askotan anonimotasunetik egiten direnez, are eta bortitzagoak izaten dira. Aurrez-aurre norbait jazartzea edota sare sozial digitalen bidez egitea ez da berdina. Askotan, sare sozial digitalek ematen duten anonimotasunean errazagoa izaten da norbait jazartzea.

Zergatik landu behar dira erabilera egokiak ikasleekin?
Mundu digitalean harremanetan jartzeko moduak, orokorrean, guztiekin landu behar direla uste dut, ez soilik ikasleekin. Izan ere, helduok ere antzerako jarrerak izaten ditugu. Dena dela, beste gauza askorekin gertatzen den moduan, nerabeekin lantzea ezinbestekoa da; helduok hartzen ditugun ohitura txarretara ez heltzeko.

Dena dela, aurretik aipatu moduan sare digitaletan ematen diren tratu txarrak ekiditeko, eta hauen aurrean modu egokienean aurre egiteko, tresna eta baliabideak eskaini behar zaizkie nerabeei. Esaterako, sare sozial digitalek duten publikotasuna kontutan izan eta pribatutasunaren garrantzia azpimarratu beharrean gaude. Beti ere, arriskuetan fokua jarri beharrean, tratu onak sustatzeko aukeretan jarriz.

Nola lortzen dira sare sozialetan tratu onak?
Tratu onak nor berarengandik hasten dira. Zaindu beharrean gaude sare sozial digitaletan. Horregatik, zinez garrantzitsua da, esaterako, mundu digitaleko pribatutasun politikak ezagutzea. Sortzen ditugun edukiak noraino heldu daitezken eta zeinen eskutan dauden edo izan daitezken kontutan izatea.

Noski, ezin gara nor berera mugatu tratu onez ari garenean; eta, aurretik aipatu moduan, sare sozial digitalak harremanetarako diren momentutik, ondokoa ere kontuan izan eta zaintzeko ohitura landu behar dugu. Azken baten, sare sozial digitaletan ematen diren jazarpen eta tratu txarren kontzientziatik, hauek eraldatu eta tratu onetarantz bideratzeko ohitura sustatzea ezinbestekoa da.

Nola lantzen da genero berdintasunaren ikuspegitik?
Sare sozial digitalak ez dute cisheteropatriarkatutik ihes egiten eta indarkeria matxista ere ematen da hauen baitan. Horregatik, hauetan ere ikuspegi kritikoa txertatu behar dugu eta praktika matxistetatik urrundu. Horretarako, nerabeekin sare sozial digitaletan, eta ,orokorrean , mundu digitalean ematen diren ziberjazarpen matxisten kontzientzia hartzea eta eta tratu onen sustatzea ezinbestekoa da.

Ze erreminta proposatuko dituzu ikasgeletan gaia landu ahal izateko?
Orain arte aipatu moduan, ikuspegi kritikoa izatea, eta sare sozial digitaletako eduki, jarrera zein erabilerak aztertzea ezinbestekoa da. Bestalde, sare sozial digitalei eta smartphone-ei sorkuntzarako izaera bat ezartzea estrategia interesgarri izan daiteke; aztertuko ditugun eduki, jarrera zein erabilerak eraldatzeko. Hau guzti hau gauzatzeko eman izan diren eta ematen diren praktika onen inguruan ere arituko gara.

Parte hartuko duten ikasleak zer mezurekin edo ze ideiarekin geratzea gustatuko litzaizuke?Sare sozial digitalek gure harremanetan jartzeko moduetan nola eragin duten eta eragiten duten ezinbestean aztertu behar dugula; eta eragin horiek onartu behar baditugu, era kontziente baten egin behar dugula.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude