Donna Apellaniz: “Emozionalki orekatuak gaudenean, jakintza berriak eskuratzen trebeagoak gara”

Korabirusaren eraginez atzeratu ondoren, irailean hasiko da “Emozioen kudeaketa sakonean” ikastaroa. Ikasleei adimen emozionalean laguntzeko, Donna Apellaniz Nieto Adimen Emozionaleko irakasle eta aholkulari emozionalak irakasleak eurak jarri nahi ditu emozioei begira.

Erraza egiten al zaigu norbere emozioei begiratzea?
Denok sentitzen baditugu ere emozioak, hauen kontzientzia hartzea ez dugu denok egiten. Emozioak gure eguneroko bizitzan mugiarazten gaituzten energia dira; egunero milaka emozio/bultzada sentitzen ditugu. Hau historian zehar hala izan bada ere, honi ez zaio behar duen tokia eman. Izan ere, emozioak eta hauen mundua gutxietsi da, arrazoia eta pentsamendua gainetik jarrita. Beraz, ez gaude ohituta gure emozioak begiratzera; orokorrean, ez digutelako irakatsi. Honengatik zaila egiten zaigu gure emozioei erreparatzea. Izan ere, emozioen munduan murgiltzeko hau egiten ikasi behar dugu.

Nola egiten da sakoneko kudeaketa bat?
Norbanako bakoitzak era pertsonal batean bizitzen ditu bere emozioak. Emozioak kudeatu ahal izateko, bakoitzak bere emozioak ezagutu behar ditu; hau da gakoa. Zure emozioak ezagutzen dituzunean hauek egin nahi dutena jakingo duzu.

Adibidez, nire beldurrak orokorrean ihes egin nahi du; hau da, beldurra sentitzen dudanean ihes egiteko gogoa izaten dut. Emozioak kudeatzea, emozioak sentitzerakoan zuk egin nahi duzuna egitea da, zure emozioa identifikatuz eta onartuz. Honela, nahiz eta nire beldurrak ihes egiteko gogoa sortu nigan, nik gelditzea erabakitzen dut (gehienetan). Beraz, emozioak sakonean kudeatzeko gure emozioak sakonki ezagutu beharko ditugu.

Ausartzen gara sakoneko emozioei begiratzen ala azalean geratzen gara?
Emozioen munduan sakontzeko konstantzia beharrezkoa da. Fondoko lasterketa da adimen emozionalaren bidea. Bide honetan pertsonalki garatzeko behar duzun guztia ikasiko duzu; baina horretarako, bidean mantentzea beharrezkoa da.

Nola bateratzen dira bihotza eta burua?
Nik beti esaten dut adimen emozionala burua (pentsamendua) eta bihotzaren (emozioa) artean dagoen zubia dela. Kontuan izan behar dugu emozioek era oldarkor batean mugitzen gaituztela eta pentsamendu gabe animali soilak izango ginela. Beraz, bateraketa hau egitea, hau da, gure adimen emozionala garatua izatea beharrezkoa da oreka emozionala izateko. Hau egiteko, emozioak ezagutu; identifikatzen ikasi; onartu eta hauen kontrako borroka utzi; kontzienteki jokatu eta bide honetan iraunkorrak izan behar gara.

Zein dira emozioak kudeatzeko gure barruko tresnak? Erabiltzen al ditugu?
Galdera honek tranpa txiki bat du. Izan ere, emozioak kudeatzeko tresna batzuk badaude, noski; baina hauek hartuta, pertsona bakoitza bere tresna pertsonalak bilatzen eta sortzen doa (hau oso garrantzitsua da, denoi ez baitigu berdinak balio), eta prozesu hau pertsonala denez, bakarra da. Hala ere, ikastaroan ikasiko dugun moduan, emozioak identifikatzea tresna bat da (bai norberarenak eta besteenak); hauen zentzua eta funtzioa ezagutzea (honek emozioak onartzen laguntzen digu) beste bat; eta erabaki kontzienteak hartzea bestea. Batzuetan hauek era automatiko eta inkontziente batean erabiltzen ditugu, orokorrean kudeatzen “errazak” egiten zaizkigun emozioekin. Zer esanik ez, hau ere entrenatu egiten da.

Zergatik landu behar dute irakasleek adimen emozionala?
Industria iraultzatik, haurrak produktiboak izateko prestatu dira eskoletan. Gaur egun, badakigu heldu oso eta osasuntsu bilakatzen laguntzen gaituena gure barruan dagoena dela; eta honekin emozioak oso, oso lotuta daude. Gure bizipen emozionalek gure egunerokoa eta gure etorkizuna zehazten eta baldintzatzen dute. Haurtzaroa eta nerabezaroa garai emozionalak dira, nahiz eta gure bizitza osoa ere izan; hauek garai biziak eta gure bizitza heldurako erabakigarriak dira. Beraz, haur eta nerabe horien ondoan dauden helduak (irakasleak, kasu honetan), hauen barruan dauden gaitasun eta emozio guzti horiek ezagutzen eta bideratzen badakite, haur eta nerabe horiek heldu zintzo eta jantziak izango dira. Ez hori bakarrik; jakina da ere, emozionalki orekatuak gaudenean jakintza berriak eskuratzen eta gaitasun berriak garatzen trebeagoak garela. Beraz, emozionalki osasuntsu gaudenean ikasgai ezberdinetan hobeto joango zaigu.

Gaitasun emozionaletan sakonduz, zertan hobetu ditzakete irakasleek euren eskolak?
Lehenengo, emozioei “beldurra” kentzen. Honek, haurren bizipen emozionalen bidelagunak izaten lagunduko digu. Giltza honekin aurrerapen handia egin dezakegu eskoletan. Haur eta nerabeen erreakzio bitxi edo ezjakinak identifikatzen eta hauei izena jartzen lagunduko digu, hauei hobeto lagundu ahal izateko. Banaketa emozionala egiten ere, jakiten haur zein nerabeen emozioak eta gureak banatzen. Orokorrean kontzientzia emozionala ematen digu eta hau gure bizitzaren esparru denetan da baliagarria; bai profesionalki zein pertsonalki. Besteekin dugun harremana hobetuko dugu, gure ardura ikusiz eta errua kenduaz.

Zein dira ikastaroaren helburuak?
Ikastaro honetan adimen emozionalean murgilduko gara sakonki. Emozioak ezagutzeko eta kudeatzeko tresnak eskuratuko ditugu; hauek gure buruarekin zein haurrekin landu ahal izateko (besteei haien emozioen kudeaketarekin laguntzeko, lehenengo gureak kudeatu behar ditugu eta). Formakuntzaren helburua emozioen kudeaketa sakona barneratzea izango da; haur zein nerabeek bizitzen dituzten egoera emozionalak kudeatzeko tresna sistemikoak eskuratzen ditugularik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude