Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean “Etxeko bio-hondakinen kudeaketa deszentralizatua” lantzeko ikastaroa antolatu du UEUk udazkenerako. Natxo Irigoien Iriarte Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakaslea eta Nekazal Ingeniaritzan doktorea, eta Joseba Sanchez Arizmendiarrieta nekazal ingeniaria, ingurumen agrobiologian masterduna eta doktoretza ikaslea (NUP) izango dira irakasle. Doako ikastaroa da.
Zer da etxeko bio-hondakinen kudeaketa deszentralizatua?
Gure herri eta hirietan sortzen diren hondakin biodegradagarriak kudeatzeko zaharberritu den modu bat. Hondakin hauek sortzen diren lekuetatik, konpostajearen bidez, ahalik eta hurbilen ongarri bilakatzen dira. Modu honetan garraioa minimizatzen da eta gardentasuna eta biztanleen partaidetasuna indartzen da.
Nola egiten da?
Mota diferente duten tamaina txikiko konpostaje instalazioen bidez adibidez: Etxe-konpostajea, auzo-konpostajea, konpostajea mini-plantatan. Ez dago formula bakarra, modu askotara egin daiteke, tokian tokiko ezaugarriak eta baliabideak kontutan hartuz. Teknologia sinple, baina, sendoak eta ziurrak erabiltzen dira. Beraz, berme guztiekin kudeatzen dira hondakinak.
Orain arteko egindakoak emaitza apalak lortu ditu, zergatik?
Ez nago ados, sistema honen alde benetako apustua egin den leku askotan oso emaitza positiboak lortu dira (Pontevedran edota Gipuzkoa eta Nafarroako dozenaka herrietan).
Gaur egun gure kulturan zabalduta dago “erausi, kontsumitu eta bota” ekonomia linealaren printzipioak. Hau da hain zuzen ere sistema deszentralizatu berri hauek leku gehiagotara zabaltzeko duten muga nagusia. Oraindik ere Euskal Herrian lehen gaiak xahutzea eta hondakin bihurtzea negozio ona eta erosoa da. Gauzak gaizki egitea negozioa den bitartean, beste bide batzuk jorratzea zaila izango da.
Ekonomia zirkularra garatzeko inertzia eta muga asko gainditu behar ditugu; baina azken urte hauetan aldaketa nabarmenak ematen ari dira.
Zer irabaziko dugu kudeaketa deszentralizatuaren bidez?
Abantaila ekonomikoak. Sistema hauekin egunero Euskal Herriko udal guztiek zaborrak biltzeko eta garraiatzeko egiten duten gastua gutxitu ahal da. Gainera sistema zentralizatuekin konparatuta egin beharreko inbertsioak askoz ere txikiagoak dira.
Abantaila sozialak ere bai. Zaborrak sortzen diren lekuetan bertan tratatzean, ekonomia lokala suspertzen da, eta bertan, lanpostuak sortzen dira. Gardentasuna handia izatean, biztanleriaren inplikazioa handitu daiteke eta materialen berreskurapena goratzen da nabarmenki. Bertako enpresa txiki edota enpresa sozialek eskualde baten hondakinak kudeatzeko aukera handiagoa dute sistema deszentralizaturen bidez. Zentralizatuekin, berriz, oso zaila dute eta nazioarteko korporazioak jaun eta jabe dira.
Eta ingurugiro abantailak. Zaborren bilketa eta garraioarekin lotutako kutsadura gutxitzen da. Era berean, ingurugiro heziketa tresna oso eraginkorra da.
Ze aukera ematen ditu bio-hondakinen kudeaketa honek?
Nire ustez bi aukera nagusi. Alde batetik, ingurugiro, gizarte, ekonomia eta lurralde politikak, denak batera, lantzeko aukera ematen dute. Beste aldetik, sistema hauei esker udalek aukera itzela dute ekonomia zirkularra eta Garapen Sustagarrien Helburuak lantzeko.
Zein da kudeaketa honen egoera Europan? Eta Euskal Herrian duguna?
Sistema hauek aspalditik oso zabalduta daude Austrian. Gure inguruan Euskal Herriko zenbait udal aitzindariak izan dira; baina ez dago apustu argi bat eskualde mailan beste zonatan egin den bezala.
Dena den, egoera orokorrean aldatzen ari da. Estatu mailan hondakinen inguruko lege berriaren aurreproiektuak sistema hauek aurreikusten ditu. Beraz, etorkizun hurbil batean sistema deszentralizatuek bultzada handia jasoko dute.