Kattalin Artola: “Emakumeen ibilbidea eta ekarpena zenbatezina da, asko bidean galdu zaigu”

Kattalin Artola Vazquez Emagineko kideak gidatuko du “Ikusmira aldatzeko feminismotik zelatan” ikastaroa. Genealogia feministak arakatu nahi ditu munduari feminismotik begiratzen jarraitzeko.

 

Non daude emakumeak historian?
Argi dago emakumeak badauden arren, itzalean egon direla. Ez bakarrik emakumeak, baita haiei loturiko ezaugarri eta zereginak ere. Hain zuzen, horri egiten dio erreferentzia androzentrismoak. Berau izango da jorratuko dugun gaietako bat ikastaroan.

Zertan eragiten dute biografietan erreferentzia nagusiak gizonezkoak izateak?
Eredu eta erreferentzialtasun bakarra eta mugatua izatea dakar. Hezkuntzara ekarrita, gure haur eta nerabeak munduan egoteko eta izateko modu zehatz bat eta bakarra ezagutzera eta balioztatzera daramatza maiz; aniztasuna errefusatuta eta beronek dakarren aberastasuna galduta.

Genealogia feministak arakatuta zer topatuko dugu?
Lan handia! Urteetan feministek eginiko ikaragarrizko lana. Hori ikusarazi, eta egindako ekarpena jasotzeko aukera emango digu ikastaroak. Borroka feministak gai ugari landu eta ildo anitz izan ditu denboran zehar; eta horietako batzuk ezagutzeko beta izango dugu; gainera, gure inguruko genealogia feministan arakatzeko tartea ere hartuko dugu.

Zenbatekoa da emakumeen ibilbide eta ekarpen kultural, politiko eta soziala?
Emakumeen ibilbidea eta ekarpena zenbatezina da, asko bidean galdu zaigu, beste hainbat aurkitzeke ditugu oraindik; eta eskuartean dugunak ikusmira aldatzerainoko eta zabaltzerainoko indarra ematen du; horretan jardungo dugu.

Historia emakumeek kontatuko balute, zenbat gauza ikusiko genituzke desberdin?
Zaila egiten zait tesitura horretan jartzea, ez baita izan orain arte bizi izan duguna. Hala ere, argi dut erabat aldatuko litzakeela zeregin desberdinei ematen diegun garrantzia; eta historia liburuetan zehar munta handiko bestelako hainbat mugarri bilduko zirela; ez soilik konkistak edo gerretako koronelen gorabeherak. Eta ziur, birjina, emakume burges edota gizonen emazteez harago, emakume izate anitzen erreferentziez beterik izango genuela gure historia; eta horiei balioa emango geniela gaur egun.

Zein dira ikastaroaren helburuak?
Helburu pila ditu, baina, tira, nagusiena espazio seguru, eroso eta malgua sortzea da; gaiaren inguruan ditugun zalantza, buruhauste eta jakintzak elkarrekin partekatu ahal izateko. Gainera, feminismoz bustitzen jarraitzeko gogoz bukatzen badute partaideek ikastaroa, primeran!

Ikastaro praktikoa izango da, zein izango da lan egiteko modua?
Norberaren ingurua aztertu eta bakoitzak duen errealitatetik abiatuko gara. Egingo ditugun ikas-jardueretan partaide bakoitzak bere lantxoa besteekin partekatuko dugu; elkar elikatzea bultzatuko da, bata bestearengandik ikastea. Landu beharko den materiala eta baliabideak irakurri ondoren, lurreratu egingo dugu.

Parte hartzen dutenek zer jasotzea gustatuko litzaizuke?
Haien lanetan aritzeko gako eta baliabide sortaz gain, hausnartzeko gogoa eta horretan jarraitzeko interesa. Ikastaroa aurrera begira ditugun erronkak identifikatuta amaitzea gustatuko litzaidake.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude