Elsa Spizzichino: “Gure kulturaren, gure nortasunaren, gure historiaren parte dira kantuak”

Elsa Spizzichino Hendaiako Herriko Etxeko euskara teknikari eta kantariaren eta Mattin Sorzabalbere Arruabarrena musikari eta musika irakaslearen eskutik “Euskal kantu ondarearen transmisioa” ere landu dute UEUren Baionako ikastaroetan. Ikastaroa hasi aitzin izan gara Spizzichinorekin.

Noiztik da Euskal Herria kantatzen duen herria?
Aspalditik gara kantatzen duen herria. Erdi Arotik, bederen, gertakarien oihartzuna, kantu errimatu eta bat-batekoen bidez zabaldua izan da Euskal Herrian. Ondotik, XIX. mendean, abesbatzak sortzen hasi ziren eta euskaldun musikari gazteak Europako musika maisuekin formatu ziren. Hemengo kantu herrikoiak polifonia moldean ezarri zituzten abesbatzen bidez zabaltzeko. Gero, XX. mendeko historia hobe ezagutzen dugu, Ez Dok Amairu bezalako mugimenduekin.

Zergatik ari da Euskal kantagintzaren transmisioan etena ematen?
Hizkuntzaren egoerak eta egungo gizartearen ezaugarriek eragina dute. Besteak beste, hizkuntza nagusietan, ingelesez, frantsesez eta gaztelaniaz sortutako musika eta kantek eragiten dutela uste dut.

Zonalde batzuetan etena nabarmenagoa da bestetan baino? Non?
Erranen nuke kantu herrikoiak gehiago transmititzen direla Lapurdiko barnealdean, Xiberuan eta Baxe Nafarroan. Hego Euskal Herriko egoera ez dut ongi ezagutzen, baina nabaritzen da kantu horiek gutxiago kantatzen direla. Kantu afari edo bazkarien tradizioa ez da asko existitzen han, batez ere hiri handietan. Agian “cliché” da, baina nik askotan entzun dut horrelakorik Hegoaldean, guk hemen gehiago kantatzen dugula…

Nola bultzatu daiteke transmisioa?
Denon esku dago, lehenik helduok berreskuratu behar ditugu kantu horiek, eta bigarrenik, lotsa baztertu eta kantatzera ausartu behar gara. Ez da kantari bikaina izan behar kantu baten irakasteko. Hendaian, adibidez, eskolarteko Euskal Kantu Txapelketa antolatzen dugu bi urtetan behin, eta eskoletan ari diren animatzaileek dituzte kantuak haurrei erakusten, bi musikari profesionalek lagundurik. Animatzaile horien artean, kasik inor ez da kantari aditua, eta gainera gehienak erdaldunak dira; baina emaitza bikaina izaten da ia beti. Horrelako aukerak eta topaguneak sortu behar ditugu kantu herrikoien inguruan.

Gaur egun non kantatzen du jendeak? Aukerarik izaten al du kanturako?
Ez aski, nire gustuko. Iparraldean eta, batez ere, barnealdean
kantu bazkari edo afarien tradizioa oraindik bizirik dago, baina ez daude hainbeste. Lagun taldeak biltzean, batzuetan, baten bat kantuz hasten da, eta besteek segitzen dute. Badira ere Baionan Kantuz bezalako iniziatibak, nire ustez oso garrantzitsuak direnak kantu herrikoien transmisioan.

Hezkuntzan ematen al zaio behar besteko garrantzia Euskal kantu ondareari? Nola txertatu liteke transmisioa emateko?
Ni ez naiz irakaskuntzaren munduan ibiltzen, baina ikusi dudanez, haur kantuek anitzetan lehentasuna dute, haurrentzat dibertigarriagoak eta errazagoak direlako. Eta ongi da, noski, haur kantuak euskaraz erakustea; baina ez ginateke horretan murriztu behar. Niretzat, kantu herrikoiak haurrei erakustea belaunaldi arteko zubia egitea bezala da. Esperientzia oso polita izan genuen behin; Hendaiako Kantu Txapelketa irabazi zuen haur talde bat Uztaritzeko Haurtzaro festibalera eraman genuelarik. Bazkari denboran, haurrak kantuz hasi ziren (arratsaldean emanaldia zuten, hango beste haurrekin), eta berehala, bazkaria prestatu zieten elkarteko kideek ere haiekin batera kantuan hasi ziren. Oso momentu polita izan zen, hunkigarria. Euskal kantu herrikoiak ez dira “helduentzako kantuak”, denentzako baizik.

Ze baliabide eman dituzue ikastaroan transmisio hori emateko?
Gure tailerrak oso praktikoa izan nahi du, nik beti pentsatu izan baitut eginez asko ikasten dela. Beraz, euskal kantu ondarea zer den, euskal kantugintzaren historia, eta kantuak topatzeko hainbat webgune eta liburuxka aipatu ondoren, kantuak ikasiko ditugu. Taldean kantatuko ditugu kantu horiek, Mattin Sorzabalbere musikariak lagundurik. Gehienak kantu ezagunak dira, batez ere Iparraldean, baina hain ezagunak ez diren kantu batzuk ere sartu ditugu, eta baita beste hizkuntza batzuetakoak ere; ikasleak euskal kantuak ikasten dituzten erdaldunen larruan sar daitezen, eta ikus dezaten zer den kantu bat zerotik ikastea.

Ze gune sortu beharko genituzke Euskal kantu ondarea berpizteko eta indartzeko?
Jadanik aipatu dudanez, Baionan Kantuz edo horrelako iniziatibak oso baliagarriak dira. Jendea musikari batzuekin biltzen da, normalean hilabetean behin edo, leku publiko batean, eta liburuxka batzuen laguntzaz, hainbat kantu herrikoi kantatzen dituzte ordu batez. Horrelakoetara erregularki joanez, kantuak pixkanaka ikasteko aukera dago, eta talde handi batean kantatzeak segurtasun pixka bat ematen du. Afari edo bazkari herrikoiak oso aukera politak dira ere, aski da bizpahiru
musikari gonbidatzea eta kantuen hitzak banatzea… eta jendea erraz hasten da kantuz. Azkenik, belaunaldi arteko topaguneak sortu behar ditugu kantu herrikoien inguruan, haurrentzat oso garrantzitsua baita ikustea ikasi duten kantua aitatxi-amatxiek ere badakitela, edo gurasoek, edo… Azken finean, gure kulturaren, gure nortasunaren, gure historiaren parte dira kantu horiek, eta baloratu behar ditugu, gure arteko lotura gisa eta ez “gauza zaharrak” balira bezala.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude