Ion Turrillas: “Online araudia ez betetzeak arazo juridikoak sortu ditzake, adibidez, web-gune baten itxiera”

Online edukiak kudeatzerakoan kontuan hartzeko gako juridikoak ikastaroko irakaslea da Ion Turrillas Sabalza Biantik kooperatibako kide eta abokatua.

Zein oztopo juridikorekin egin dezakegu topo online edukiak kudeatzerakoan?
Oztopo ezberdinak egon daitezke. Zuzenbidea transbertsala da eta hortaz ekintza bakar baten ondorioz erantzunkizun juridiko anitzak sortu daitezke. Esate baterako, argazki bat argitaratzen denean sare sozial edo web gune batean, kontutan hartu beharko ditugu irizpide ezberdinak. Pribatutasuna eta datu pertsonalen babeserako araudia pertsonak agertzen direnean argazki horretan. Beste arazo batzuk ere planteatu daitezke, jabetza intelektualaren araudiari dagokionez argazkia gurea ez balitz eta egile edo hirugarrenen baimenik gabe erabiliko bagenu. Hauek adibide gutxi batzuk besterik ez dira. Ikastaroan, maiz planteatu daitezkeen egoerak aztertuko dira edukien erabilpen bitartez.

Edukiaren araberakoa da kontuan hartu behar dugun hori edo eduki guztietan hartu behar ditugu?
Bai, edukiaren arabera eta batez ere edukiak dituen elementuen arabera izango du eragina, ondorio juridiko batzuekin.

Ze ondorio izan ditzake araudia ez betetzeak? Arazo handiak izan ditzakegu?
Arazo judizialak eta erreklamazio ekonomikoak sortu daitezke; eta bestelako arazo juridikoak; adibidez, webgune baten itxiera. Oro har, aztertuko da zein den gaur egungo egoera jabetza intelektualari dagokionez online eremuan; eta baita ere datu pertsonalak babesteko arloko bete beharrak aztertuz.

Guk eduki bat sortzen dugunean jabetzari dagokionez zer hartu behar dugu kontuan argitaratzerako?
Besteak beste, kontutan hartu beharko da eduki horren jatorria, eduki horretan dauden elementuak; adibidez, aipuak dauden edo ez, obra intelektual baten aurrean egonez gero, beste eskubide eta bete behar batzuk dauden edo ez aurre ikusi beharko dira. Jabetza industrialari dagokionez ere kontutan hartu beharko dira kasuan kasu, diseinu industrialak, markak eta asmakizunak; eta zehazki ezagutu nola babesten diren eta zein bete behar eta eskubide dauden horiei lotuta.

Zein dira ikastaroan helburuak? Parte hartzen dutenek ze ezagutza lortzea gustatuko litzaizuke?
Alde batetik, erabiltzaileak kontzienteago izatea dauden muga legalen aurrean; batez ere informazioa kudeatzerakoan. Bestetik, gaitasuna edukitzea ikastaroa bukatu eta gero edukiak kudeatzeko zilegitasunez eta arintasunez. Azkeneko helburu hau ez bada lortzen, behintzat, gustatuko litzaidake jakinaren gainean egotea arrisku legalei dagokionez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude