“Eginen al dugu euskara ez sexista?” izeneko online ikastaroa antolatu du UEUk Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean. Ima Zestau Baraibar izango da irakaslea eta ikastaroaren nondik norakoak ezagutu asmoz, beregana jo dugu. Zestau Euskara teknikaria da Euskarabidean; Foru Administrazioetako langileen euskalduntze eta trebakuntzan aritu da azken 30 urteetan.
Hizkuntza sexistarik ba al dago?
Ezetz esanen nuke; hizkuntzak eta munduaren ikuskerak elkarri lotuta etorri zaizkigu, etengabeko bilakaeran. Sexismoan irauten duen hizkuntzarik ez dagoela uste dut; baina hizkuntza batzuetan besteetan baino gehiago antzematen da zama sexista, errealitatearen isla diren heinean.
Euskara hizkuntza sexista da ala erabilera da sexista?
Testuinguru batean erabitzen dugu euskara, beti, eta horretan egiten ditugun hautuek zehazten dute erabilera hori sexista den, baztertzailea den, inklusiboa den…Esaterako, eskolan atsedenaldia zaintzen ari zara eta hor etorri zaizu umea negarrez arropa zikindu duelako; zuk esan diozu “lasai, amak garbituko dizu”. Gure komunikazio hori, esaldi hori, “ama” hitz hori erabiltzea erabaki bat da: sexista izanen da ama-aita dituen umea bada, ez-sexista izanen da amabakarra duen umea bada. Hitzak ez du, berez, zehazten; baina testuinguruan guk nola erabiltzen dugun…hortxe erabakitzen da.
Ze esparrutan izaten da erabilera sexista hori?
Bizitzaren esparru komunikatibo guztietan; pertsonalak edo intimoak (harreman pertsonalak, etxea, familia), sozialak (liburutegia, elkartea, mendi-taldea, osasun etxea), akademikoak (eskola, unibertsitatea,…) eta komunikazioaren esparrukoak ( irrati-telebistak, prentsa idatzia, sare-sozialak…).
Nola jarri ditzakegu euskaran betaurreko moreak?
Ariketa kontzienteak eginez; hau da, euskaraz jasotzen edo sortzen ari garenean, zer eta nola ari garen erreparatuz. Hizkuntza jasotzen eta ematen aritzen gara, etengabean, idatziz nahiz ahoz, eta gure rolaz jabetu behar dugu. Betaurreko moreak janzteko, belarrietara galdera pertinenteak ekarri behar ditugu eta erantzunek ase egin behar gaituzte. Zertan ari naiz “amak garbituko dizu” esaten dudanean? Gerta liteke estereotipoa sekularizatzen aritzea…. Aldiz, esaten badugu “gurasoek garbituko dizute” “etxekoek garbituko dizute” “etxean garbituko duzue” estereotipoari aukera berriak ematen ari gara. Komunikazioan gure rola zein den jabetzea da koxka.
Zer landuko duzue ikastaroan? Ze esparrutan murgilduko zarete?
Komunikazioaren testuingurua zehazten ikasiko dugu. Euskararen elementu batzuk landuko ditugu: lexikoaren elementuak eta egitura-elementuak, beti ere erabilera sexistatik ez-sexistara jauzi egiteko aukeren bila. Eta esparruak, berriz, hiru multzotan bildu ditugu: aisialdia-hezkuntza, administrazioa eta komunikabideak.
Zein izango da helburua?
Hizkera inklusibora ailegatzeko urrats batzuk partekatzea; horretarako, hizkera sexista antzematen ikasi behar dugu, aukera berriak ezagutu eta sortu behar ditugu eta euskaran eragiten duten albo-hizkuntzen eragina neurtzen ere ikasi behar dugu.