Idoia Zengotitabengoa: “Dekolonitateak eskatzen duena da zalantzan jartzea oinordekotzan jaso dugun mundu ikuskera”

Iruñeko Udako Ikastaroen barruan eta Iratzar fundazioarekin elkarlanean, “Euskal Herria Dekoloniala” mintegia antolatu du UEUk Katakraken. Idoia Zengotitabengoa Lasa Iratzarreko komunikazio arduradunak eman dizkigu ikastaroaren nondik norakoak.

IKUSI BIDEO ELKARRIZKETA

Feminismoaren eskutik ikuspegi dekoloniala eta intersekzionalitatea asko landu dira azkenaldian. Ikuspegi aldaketa dakar horrek denak. Menderatu eta pribilegiatu izan gaitezkeelako aldi berean…
Bai, horrela da. Ikastaroa antolatu genuenean jakitun ginen eta parte hartu dugu Euskal Herriko jardunaldi feministetan. Eztabaida hori agertu zen. Egia da [Iratzar] fundazioan gai hori aurrera eramaten gabiltzala; gutxika gutxika, beste tempus bat eskatzen duelako, eta berrikusketa batzuk eskatzen dituelako; baina baditugu harremanak Fanon fundazioarekin ere eta beraiekin lan egiteko aukera. Poltsikoan genuen gai bat zen, landu nahi genuena; publikoan eta kolektiboan egin nahi genuena; eta uste dugu orain dela momentua; eta, noski, eskatzen du beste berrikuspen bat egitea. Berrikuspena; deseraikitzea eta berreraikitzea. Ikustea, unibertsaltzat, neutraltzat eraiki dugun mundu hau, mundu pentsaera hau eta ikuskera hau, gorpuztea tokatzen zaigula; eta gorpuzte horretan zein zapalkuntza ardatzek zeharkatzen gaituzten; eta gu ere zein posiziotan gauden  momentuaren eta kokalekuaren arabera. Horrelako berrikuspen bat egitea beharrezkoa dela.

Gaia ikusita ikastaroak bai ala bai euskaraz behar zuen…
Bai; hori da. Euskal Herritik egin nahi genuen, euskaraz. Euskal Herriaz pentsatzeko ikuspegi dekolonial horretatik. Berrikuspen hori egitea hizkuntza ikusita, eta gure historia ikusita, baina baita ere Euskal Herria herri bezala kokatuta. Nola historikoki edan dugun horretatik. Historikoki egin gaituen horren berrikuspen bat egin; eta hizkuntzaren, feminismoaren eta dekolonitatearen ardatzak nahastea.

Intersekzionalitatea zapalkuntza ezberdinen bidegurutzea baldin bada, zertaz ari gara ikuspegi dekolonialaz ari garenean?
Dekolonitateak eskatzen duena da, eta hori da mahai ezberdinetan lantzen dena, kolokan jartzea, zalantzan jartzea oinordekotzan jaso dugun mundu ikuskera; mundua antolatzeko modua bera. Bota dute dagoeneko, gure pentsamendua modernitate garaitik sortzen dela. Kontratu soziala, kontratu sexuala… Gerora aipatu den guzti hori. Sortzen da mundu ikuskera bat, mundua antolatzeko modu bat, eurozentrikoa dena, arrazakeria baduena, patriarkala badena, kapitalista eta liberala badena. Mendebaldekoa dena. Orduan, behar dena da modernitatearen eraikuntza guzti hori berrikusi. Nola eraiki den. Zein zapalkuntza izan dituen barnean. Zeintzuk diren alde ilunak. Behin hori berrikusita, berri bat eraikitzeko proposamenak edo galderak behintzat plazaratzea.

Nola landuko duzue hau guzti hau?
Pandemia garaian gaudenez, eta horrek ere ezinbestean gure egunerokoa ardazten duenez, urte honetako hautua izan da nahiko magistrala izatea. Adituak gonbidatu ditugu. Aditu potenteak gonbidatu ditugu. Ikuspegi poskolonial, dekolonial, antikolonialak ekarriko dituztenak. Gure historian, eta askapen mugimendu bezala, dekolonitatetik, deskolonizazio prozesuetatik, edanak garenez, jakintza hori eta garai hartan Euskal Herritik pentsatu zena ekarriko diguten adituak ere izango dira. Gero beste aditu batzuk izango ditugu intersekzionalitatea landuko dutenak. Dekolonitatearekin erabat lotuta dagoela ulertzen dugu. Eta gure nortasuna nola eraiki dugun edo herritartasuna. Herritar izate hori nola bizitzen dugun landuko duten mahaiak; eta, noski, estaturik gabeko nazio izaera eta ikuspegi dekoloniala uztartuko dituztenak. Hainbat aditu izango dira eta gehienbat magistralak izango dira oraingoan; baina, hala ere, nahiko genuke nolabait jakintza modu kolektiboan eraiki. Eztabaidarako tarte batzuk ere zabalduko ditugu, nahiz eta distantzia mantenduz izango den eta ezin izango den ohiko modu eta formaturik erabili.

Zein da azken batean ikastaroaren helburua?
Guretzat, gaia jartzea. Gu geu trebatzen hastea honetan ere bai; bertaratutako guztien artean trebatzen hastea honetan. Bide luzea izan beharko du. Berrikuspenak beharko dira. Elkarrizketan jardun beharko dugu eragile ezberdinekin. Abiapuntu bat besterik ez da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude