Arianne Kareaga: “Elkarbizitza nolakoa izango den modu kolektibo eta komunitarioan erabakitzen da”

UEUk eta KoopFabrikak elkarlanean antolatu dute “Erabilera lagapeneko Etxebizitza Kooperatiben eredua: aukerak eta esperientziak” ikastaroa. Jabetza kolektiboan oinarritutako etxebizitza ereduari buruz eta esperientzia desberdinak landu dituzte, besteak beste. Arianne Kareagak kokatu gaitu ikastaroan eta etxebizitza hauetan.

 

Zer dira erabilera lagapeneko etxebizitza kooperatibak?
Ezaugarri propioak ditu. Aurretik ere eraiki izan dira Hego Euskal Herrian, baina eraikitzeko momentuko eskaintza hori egiteko izan dira gehienetan. Kasu honetan, kooperatiba bera jabetza kolektiboan oinarritzen da. Erabaki ahalmena eta erabilera kolektibo horretako kide izateari lotzen zaio. Bizitza ziklo osoa kooperatibaren esku egotea bilatzen da eta ez promozio soil batean, ondoren elkarbizitza kooperatiba bitartez egiteko helburuarekin.

Zergatik da interesgarria eredu hau?
Alde batetik eta nagusiki etxebizitza eskubidea gerturatzen duelako. Eredu hau ez dago jabetza indibidualean oinarritua, jabetza kooperatibaren esku geratzen baita. Irabazi asmorik gabeko kooperatibak direnez, merkatuaren logikatik eta salerosketatik kanpo geratzen da eraikina. Etxea bizitzeko erabiliko dela bermatuz, horretarako bazkideak kapital ekarpen bat egiten du, erabakitzeko eta bizitzeko eskubidea ematen duelarik. Guztia modu kolektibo eta komunitarioan erabakitzen da, baita elkarbizitza nolakoa izango den ere.

Euskal Herrian zer eredu ditugu?
Ez dago eredu honetan oinarrituko kooperatibetan bizi den jenderik Euskal Herrian. Baina badaude proiektu eta asmo asko. Hemen Iruñean adinekoen kooperatiba bat dago Etxekonak Bat, Gasteizko Alde Zaharrean Bizikoopon eta Donostian Abaraska proiektua. Azken hauek etxebizitzari buruz lanean aritzeaz gain hiri ereduari buruz hausnartzen ere ari dira. Landa-lurretan ere badaude proiektu desberdinak. Adibidez Gordexolan, Bizkaian, Ametxe kooperatiba sortu dute. Baserri bat erosi eta birgaitu dute bertan euren proiektua martxan jartzeko. Beste hainbat ere badaude, elkarrekin saretzen ari direnak eta iraila bukaeran egingo dute proiektu horren aurkezpena hemen Iruñean.

Erraza al da horrelako proiektuak aurrera eramatea?
Zaila da eta ikastaroaren helburua horrelako etxebizitza proiektu baten ertzak ikustea da. Erabilera lagapeneko etxebizitza kooperatibak ez dira ezagutzen, ez jendartean ezta administrazio publikoan ere. Hirigintza teknikarienetzat eta ardura politikoa dunenentzat ere ezezaguna da. Etxebizitzaren arloan zerbait egin nahi dute, baina kontzeptuetan nahasmena dago. Komunitarioak, sozialak eta kooperatiboak nahastu egiten dira eta oztopoak asko dira.

Zein dira oztopo horiek?
Finantzaketari lotutako arazoak izaten dira batzuk, bankuek ez dutelako ulertzen kolektiboa dela eta eurak abal indibidualetan oinarritzen  jarraitzen dute. Beraz, denek eskubide bera izateko aukera bertan behera lagatzen du. Teknikoki administrazio publikoan ere arazoak sortzen dira eta baita taldean ere. Jendeak berak erabakitzen du nola bizi eta prozesu hori luzea, gorabeheratsua eta korapilatsua da. Garrantzitsua da hasieratik prozesu osoa ondo jasotzea. Ertz asko ditu, elementu finantziarioak, talde izaera eta kooperatibismoen arloen nahasketa eta zentzu horretan ez da eredu erraza.

Etorkizunean horrelako eredu gehiago ikusiko al ditugu Euskal Herrian?
Hori da gure asmoa eta horretan ari gara lanean. Uruguaiko eredua  hor dago edo Danimarkako Andel-ena, eredu honetan biztanleen %30a bizi da. Badirudi ez dela erraza izango, baina poliki-poliki asmoa hori da, proiektu gehiago lantzea eta saretzea denentzat etxebizitza eskubidea bermatzeko. Nahiz eta jakin horrelako proiektuak epe eta arnas luzekoak direla.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude