Amaia Alvarez: “Nafarroan familia politikoen eztabaidak Gerra Zibiletik aurrera sakonagoak izan dira”

Nafarroako historiaren zati bat hartu dute aurtengo UEUko Udako Ikastaroek. “Orreagatik (778) 36ko gerrara (1936): Nafarroaren historia, memoria eta kontakizunak” izenburupean. Amaia Alvarez Berastegi Zuzenbidearen Historiako NUPeko irakasleak azaldu dizkigu ikastaroaren nondik norakoak.


Ikusi bideo-elkarrizketa

Nafarroako historiaren inguruko eztabaidek gaurkotasun handia dute, horren adibide orain gutxi Orreagako urteurrenaren harira izandakoak.
Ikastaro honetan hainbat polemika eta eztabaida jorratu behar ditugu. Ikusten da polemika piztuta dagoela eta oso bizirik dagoela Euskal Herri guztian baina bereziki Nafarroan. Espazio publikoaren aldetik zer gauza jartzen ditugun eta zer ez, kale izendegia edo Orreagako urteurrena bezalakoak nola oroitzen diren. Adibide pila ditugu Nafarroako historian eztabaidan oso oso  piztuta dagoela erakusten digutenak.

Zergatik bereziki Nafarroan?
Nafarroan zatiketak nabarmenagoak direlako. Zatiketa politikoak leku guztietan ematen dira, baina egia da kontakizunen arteko talkak garrantzi itzela izan duela eta oraindik ere baduela Nafarroan. EAEn eta Ipar Euskal Herrian ere badaude eztabaidak, baina hemen familia politikoen eztabaidak Gerra Zibilaren garaitik aurrera batez ere sakonagoak izan dira.

Memoria, kontakizunak eta historia. Zerk batzen ditu? Zerk banatzen ditu?
Lotura argia daukate historiak, memoriak eta kontakizunak. Zerk banatzen dituen? Bakoitza gauza desberdin bat dela, baina askotan hirurak nahasten ditugu. Azkenean historia edo historiografia iraganari buruzko gertaera batzuen inguruan egiten den ikerketa bat da. Iturri batzuen ikerketan oinarritzen den metodologia bat du eta horren inguruko interpretazioa egiten da. Metodologia jakin batekin datu batzuk aztertzen dira. Memoria herri bezala edo gizabanako bezala oroitzen duguna da. Kontakizuna guzti horri eta batez ere historia horri ematen diogun azalpena da. Batez ere datu horiek nola interpretatzen ditugun eta subjektibotasun politikoak garrantzi itzela dauka kontakizunetan. Gauza ezberdinak dira, baina hala ere nahasi egiten ditugu eta nahasita daude.

Kontakizunak ez al dira gailentzen?
Bai, baina historia osatzeko kontakizun batzuk ere behar ditugu. Historiako datu batzuei azalpena emateko kontakizun bat, narrazio bat behar dugu. Baina historiak gailendu behar du zientzia bat delako eta iturri batzuetan oinarritu behar dugulako. Subjektu sozial eta politikoa garelako kontakizunek ere bere garrantzia izan dezakete, azalpen bat eta erantzun bat eman behar diegun heinean garrantzitsuak dira. Kontakizunak existitu behar du, ezin gara historiarekin bakarrik bizi.

Zer mugarri aztertuko dituzue ikastaroan?
Oso epe luze eta zabala hartu dugu, Erdi Arotik hasi eta Aro Garaikidera arte. Hainbat gertaera historiko polemiko aztertuko ditugu: Orreagako Gerra, Navas de Tolosako gudua Erdi Aroari dagokionez, Nafarroaren Konkista eta XVIII-XIX. mendeetako Lege Hitzartua edo Lege Itundua, hor desagertu zelako Nafarroako Erresuma. Historian eta gure espazio publikoan ez da hainbestetan eztabaidatu eta oso garrantzitsua Nafarroak gaur egun duen estatusa ulertzeko. Gaur egungo Foru Hobekuntza 181eko legean dago oinarritua baitago eta horretan sakonduko dugu. Eta bukatzeko 1936ko Gerra ere landuko dugu.

Zein da ikastaroaren helburua?
Historia, kontakizuna eta memoriaren arteko loturaz hausnartzea da helburua. Ez dugu erantzun zehatz bakarra aztertuko edo jorratuko. Gure historian arakatuz gero ditugun kontakizun desberdinen adibideak ikusiko ditugu. Hausnartu gauza batzuk nola kontatu diren eta beste batzuk nola estali egin nahi izan diren. Aipatutako gertaera horiek ikusi, testu inguruan kokatu eta nola kontatu diren ikusi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude