Rakel Gamito: “Produktiboa izatea kalitate oneko emaitza lortzean oinarritzen da, ahalik eta denbora-tarte laburrenean”

Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean “Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: produktibitatea hobetzeko metodoen oinarriak eta tresna digital lagungarriak” izeneko ikastaroa antolatu du UEUk. Rakel Gamito Gomez izango da irakaslea. Haur Hezkuntzan graduatua da Gamito, Psikodidaktikan masterduna eta doktorea (UPV/EHU). UEUko pedagogia sailburua ere bada.

Zenbat lagundu dezakete IKT-ek produktibitatea hobetzen?
Baliabide digitalak antolaketa-metodoak zein -estrategiak aplikatzeko lagungarriak dira; eta, gainera, edonondik eta elkarlanean egiteko aukera eskaintzen dute. Horregatik, gure antolaketa beharrekin bat egiten duten tresna egokiak erabiltzen ikasteak gure produktibitatean modu positiboan eragiten du.

Nola erabili ditzakegu tresna hauek gure denbora hobeto kudeatzeko?
Ikastaroa bitan banatu dugu. Alde batetik, banakako zereginak antolatzeko metodo eta tresnak digitalak aztertuko ditugu; egutegi digital edota zerrendak sortzeko tresnei esker, adibidez, norberaren eguneroko lanetan denbora hobeto kudeatzeko. Beste alde batetik, taldean lan egiteko metodo eta tresna digitalak arakatuko ditugu, taldeko koordinazioan ere denbora ondo kudeatzea ezinbestekoa delako.

Ze ohitura txar izan ohi ditugu orokorrean?
Asko! Oso ohikoa da, adibidez, zeregin guztiak momentu oro buruan izatea; eta, ondorioz, erdia egin gabe uztea, ahazten ditugulako. Posta elektronikoarekin ere denbora asko galtzen da, erabilera-estrategiak eta kudeaketa-aukerak ezagutzen ez direlako. Eta, zer esanik ez bilerei buruz. Emankorrak ez diren bilera amaigabeak sufritu behar ditugu etengabe!

Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna” esaera zaharra historiara pasako da ikastaro hau egiten dutenentzat?
Hori da asmoa behintzat! Hala ere, produktiboa izatea ez da lan erraza; norberaren borondatea, diziplina, eta, gainera, bi horiek denboran zehar mantentzea ezinbestekoa baita.

Produktibitatea hobetuz gero lanaren emaitza hobea izaten da?
Bai, noski. Produktibitatea hiru elementuren arteko batuketa edo formula da: emaitza, kalitatea eta denbora. Hau da, produktiboa izatea kalitate oneko emaitza lortzean oinarritzen da, ahalik eta denbora-tarte laburrenean.

Zenbat denbora galdu ohi dugu txikikeriekin edo erremintak erabiltzen ez dakigulako?
Asko. Ohitura txarren galderan posta elektronikoa aipatu dut eta uste dut hori dela adibiderik argienetako bat. Posta elektronikoa egunero eta momentu oro erabiltzen dugu; eta, hala ere, oso jende gutxik ezagutzen ditu posta elektronikoa modu egokian antolatzeko aukerak. Egia da hasieran edozein erreminta, edota erreminta baten aukerak, ezagutzea ez dela lan erraza, eta denbora eskaini behar zaiola; baina, behin funtzionamendua barneratuta, gure lana errazagoa eta arinagoa bilakatzen da.

Ikastaroa bukatutakoan ikasleek ze barneratzea gustatuko litzaizuke?
Helburua ez da ikastaroa amaitzerakoan, automatikoki, produktiboagoak izatea; baizik eta antolaketa-metodoak eta horiek egunerokotasunean aplikatzeko tresna digitalak ezagutzea, norberaren beharren arabera modu kritikoan aztertzeko eta aukeratzeko gai izateko.

Zenbat denbora irabaziko dute urte bukaerarako?
Uffff! Agian galdera kontrakoa izan beharko luke, nahiz eta marketing aldetik eraginkorra ez izan: Zenbat denbora galduko dute urte bukaerarako? Hasiera batean antolaketa-metodoak eta horiek egunerokotasunean aplikatzeko baliabide digitalak modu sakonean aztertzeak denbora inbertsio bat eskatzen du; norberaren lanaren ezaugarrietara egokitzeko eta gero benetan baliagarriak eta lagungarriak izateko. Beraz, urte bukaera arte, agian, esfortzu txiki bat egin behar dute eta produktibitatea hobetzeari tartetxo bat eskaini. Hori bai, 2021ean, denbora egunero irabaziko dute eta emaitza bizitza kalitatea izango da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude