UEUk eta Errenteriako Udalak Humanitate Digitalen Ikerketa Gunea sortzeko hitzarmena sinatu dute gaur. Bertako koordinatzailea eta UEUkidea den Xabier Landabidearekin hitz egin dugu proiektu honi buruz.
Nondik sortu zen UEUk eta Errenteriako Udalak elkarlanean lan egiteko asmoa? Bi elementu azpimarratu behar dira: Errenteriak berak, Oarsoaldean kokatutako herri postindustrial bezala bere burua berrasmatzeko beharra ikusten du eta hor sortzen da arakatzeko ildo bat teknologia eta ekonomia soziala elkartzen diren puntu edo lerro horretan. Torrekua eraikinean eragile ezberdinek elkartzeko espazio bat aurkitu dute, adibidez TEKS elkartearen inguruan batzen direnak. Etorkizun postindustrialari aurre egiteko teknologiaren izaera sozialean eta aukeretan begia jarri eta behar horrek Torrekuaren espazioaren inguruko harreman sareak duen ezagutza bertakotu eta bertatik begirada hori eskaintzeak garrantzitsua dela irizten da udaletik. Bi eremu horiek lotzeak dakar gaur egun Humanitate Digitalak deitzen diogun eremu horri bertatik eta euskaraz, UEUk eskaintzen duen ezagutzaren ikuspegi libre eta zabal horretatik abiatuta .
Zergatik humanitate digitalak? Garaiko modako termino bihurtu dira humanitate digitalak unibertsitateetan. Gure bizitzak zeharo digitalizatu direla nabarmena da (zer esanik ez itxialdia bizi izan dugunetik zer gertatu den aisia, hezkuntza eta lanarekin adibidez), baina geroz eta kontzienteago gara “garapen teknologikoak” bere horretan ez dakartzala jendarteak behar dituen eraldaketak. Liburuak digitalizatzeak ez du esan nahi liburutegiaren kontzeptua bera aldatzen denik bestelako eraldaketa batzuk planteatu edo posible egiten ez badira, adibidez. Humanitate Digitalek teknologia eta gizartearen arteko harremanak esploratu, problematizatu eta balioan jartzen dituzte, galdera zaharrei erantzun berriak eta erantzun zaharrei galdera berriak egitea proposatuz.
Humanitate digitalak kontzenptu abstraktua da askorentzat. Nola garatzen da horrelako proiektua bat jendarteratzeko? Gure asmoa gauzak pausuz pausu egitea da, pentsamendua eta ekintzari balioa emanez, eta bien arteko harremanak ere serio hartuz. Ez dugu egitarau puztu edo zaratatsu bat planteatu nahi, ez eta zentro unibertsitario klasiko batek egingo lukeen bezala txosten burutsu baina oso jende gutxik irakurriko dituenak sortzera dedikatu ere. Torrekuak jakintza eta praktika, pentsamendua eta akzioaren tarteko espazio horiek baliatu eta habitatzeko markoa eskaini nahi du, eragileak (tokikoak, Euskal Herrikak zein globalak) elkarrekin harremanetan jarriz Euskal Herriko eta Errenteria mailako erronkak parametro garaikide eta gureetan pentsatzeko.
E-humanitateak garatzeko tokia izango da Torrekua. Zer da bertan egitea gustatuko litzaizuekena? 2020rako proposamen zehatzik baduzue? Gauza asko. 2020 proiektuaren oinarriak jarri eta gauza batzuk saiatzeko urte bezala hartu genuen COVID-19ak jo aurretik ere. Pandemiak egitaraua birpentsatzera eraman gaitu, baina zorionez izaera digitalak proposamen batzuk berreskatatzeko aukera eman digu, presentzialtasuna mugatuta daukagun garai hauetan. Hiru elementu adierazgarri aipatzearren aurten Errenteriaren 700. urteurrenari erreparatuko diogu teknologiak eta herriak osatzen duten binomioari hiru une historikotatik erreparatuz, UEUren Humanitate Digitalen bigarren jardunaldia bertan opatuko dugu eta Zientziak eta Humanitateak COVID-19arekin harremanetan jarriko ditugu liburu batean,
Euskal Herriko eta atzerriko eragile anintzentzat erreferentziazkoa izan nahi du elkarlan honek. Zer emango dio proiektu honek Errenteriari eta zer euskal komunitateari? Erreferentzia erakargarri eta proposamenak lantzeko espazio izan nahiko luke Torrekuak. Gure asmoa sarri erabili ohi ditugun muga batzuk eraitsi eta askotariko elkarlanak ahalbidetzea litzateke, adibidez udala, unibertsitatea eta ehundura enpresarialaren arteko hormak behera botatzeko. Gure ustez Errenteriatik pentsatu eta egindako saiakera (praktiko, teoriko eta bietako) horiek aukera emango digute Euskal Herri mailako saiakera berriak egiteko, eta alderantziz. Euskara izango dugu lanerako hizkuntza, baina euskal lurraldeetan hitzegiten diren beste hizkuntzak ere langai eduki ahal izatea espero dugu. Zentzu horretan interesgarria izango da adibidez itzulpen automatikorako teknologiek egun euskaratik eta euskarara itzulpenak egiteko eskaintzen dizkiguten aukerak testatu, balioan jarri eta hausnarketa soziolinguistikora bideratu ahal izatea.