Maialen Moreno: “Irri istoriek askotarikoak, anitzak eta heterogeneoak izan arren tradizio bat dutela frogatu nahi izan dut”

Euskal ahozkotasuna eta irudimena: ondarea, sormena eta transmisioaren ikastaroaren baitan hitzaldia eman du Maialen Moreno irakasle eta Euskal Filologian doktoreak. Herri kontakizunak bildu zituen Lapurdin, Baxe Nafarroan eta Zuberoan eta bilketa, sailkapena eta irriaren adierazpenaren azterketa egin zuen, gero liburu bihurtu zena. Irri kontakizunak: hitz gutxi, esanahi handi hitzaldian bildu ditu UEUko 48. ikastaroetan.

IKUSI BIDEO ELKARRIZKETA

Nolatan hasi zinen herri kontakizunen bilketan Ipar Euskal Herrian? Unibertsitatean istorio eta leiendak irakurri genituen, horietako asko Ipar Euskal Herrikoak eta oso politak eta interesgarriak iruditu zitzaizkidan. Lan bat egin behar genuen eta Askaingo lagun baten aita ezagutu nuen. Lau edo bost istorio luze eta interesgarri zekizkien eta pentsatu nuen: “Pertsona batek lau edo bost istorio badakizki pixka bat galdetu ezkero gehiago ere jaso ditzaket” eta horrela hasi nintzen.

Nolako istorioak bildu zenituen? Tradiziotik datozen istorioak bildu nituen eta mota desberdinetako istorioak kontatu zizkidaten. Leiendak, ipuin miresgarriak, irri istorioak… Irri istorioak deitutako horien barruan batez ere istorio laburrak aztertu ditut. Laburrak izan ohi dira, pertsonaia tipo jakin bat dute: apeza, gelaria, medikua edo nekazaria adibidez eta gatazka bat egon ohi da bi pertsonaien artean.

Istorio mota desberdinak eta askok umorea hartzen dute bere baitan. Lagun artean kontatzen ziren istorioak ziren, adibidez merkatuan. Donibane Garazin taberna baten atzekaldean lagun talde bat astelehenro elkartzen zen istorioak kontatzeko.

Bilketa orain dela 10 urte egin zenuen, baina istorio asko aspalditik datoz. Denetarik jaso nuen, baino tradiziozkoak direnak bai. Irri istorio hauek askotarikoak, anitzak eta heterogeneoak izan arren tradizio bat dutela frogatu nahi izan dut. XVI. eta XVII. mendeko bildumetan jasota daudela, adibidez Poggio Bracciolini italiarrak jasotako kontakizunak dira eta oraindik ere kontatzen diren istorioak dira.

Nolako ezaugarriak dituzte pertsonaiek? Apezak jatunak eta neskazaleak, senarrak askotan adardunak. Emakumeak lainotasun itxura dutenak, ematen du sexuari buruz ez dakitela, tuntun papera egiten dutenak. Ezaugarri horiek izango lirateke gehienetan errepikatzen direnak.

Bilketa honetatik ze ondorio atera dituzu? Euskara oso aberatsean dauden istorioak dira eta biltzeak merezi izan du. Asko eta asko tradiziozkoak eta lagun artean kontatuak, gaur egunera iritsi direnak izan dira. Gaur egungo gazteentzat umore mota hori zaharkitua dago eta ez dituzte ezagutzen ez direlako kontatzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude