Aintzane Agirrebeña: “Une honetan 362 herritako grabazioak daude katalogatuta AHOTSAKen”

Informazio eta Dokumentazio Kudeatzaileen VI. Bilkuran hitzaldia eskaini du AHOTSAK proiektuko kidea den Aintzane Agirrebeñak. Egitasmo honetako nondik norakoak kontatu ditu bertan.

Aintzane Agirrebeña aurkezpena egiten.

Ahotsak proiektuaren ze ezaugarri ezagutarazi nahi izan ditugu bilkura honetan? Ahotsak proiektua nondik sortu zen, zer ibilbide izan duen eta nola dagoen antolatuta azaldu nahi izan dut batez ere. Proiektu txiki bat izatetik nola joan den handitzen, erreferentzia bihurtzeraino, eta hori neurri haundi batean lankidetzari esker izan dela.

Zergatik da garrantzitsua horrelako bilkurak egitea? Oso proiektu interesgarriak ditugu ingruan, baina askotan ez ditugu ezagutzen eta horregaitik dira beharrezko halako bilkurak. Guretzat, adibidez, aukera bikaina da jendeari gure berri emateko.

Ahotsak martxan jarri zenetik, gaur egun arte zenbat aldatu da? Izugarri. Ahotsak proiektua Deba Ibarrean hasi zen, zehazki Bergara izan zen proiektuan parte hartu zuen lehenengo herria, eta bertako ahozko ondarea biltzeari ekin genion. Gaur egun 362 herritako grabazioak aurki daitezke Ahotsak webgunean. Proiektua izugarri hazi da, baina horrez gain, aldatu ere bai, urtetik urtera atalak gehitzen, gauzak hobetzen eta aldaketak egiten joan gara eta.

Zer zailtasuni egin behar izan dio aurre? Ba zailtasun handienetako bat diru-iturriak bilatzea izaten da. Guretzat oso garrantzitsuak dira diru-laguntzak eta, eskaerak egiten denbora asko behar izateaz gain, beti ez da erraza izaten dirua lortzea. Horrez gain, Ahotsak proiektuaren arduraduna Badihardugu Elkartea da, euskara elkarte txiki bat, eta horrek ere ez dizkigu gauzak erraztu, kultura edo ondarea sailetako ateak itxita aurkitu izan ditugulako maiz.

Horrekin batera, ez dakit zailtasuna, baina gure kezka nagusienetako bat artxiboen kontserbazioa izan da azken urteetan. Zerbitzaria urtez urte handitzen joan behar izan gara, grabatutako ordu kopurua izugarria delako. Segurtasun-kopiak ere egiten ditugu, baina batzuetan ikara sartzen zaigu zerbait gertatu eta dena galtzeko beldurrez.

Bestela, lana aurrera ateratzeko, zailtasunak ez, jendeak beti erraztasunak eman izan dizkigu. Lekukoek beti oso ondo hartu izan gaituzte eta proiektuari lagundu dioten ehundaka laguntzaile eskertu beharrean gaude: kontaktuak egiten lagundu digutenak, elkarrizketak egin izan dituztenak, grabazioak helarazten dizkigutenak, etxetik transkripzioak egiten dituztenak… eurei esker iritsi da Ahotsak proiektua gaur egun dagoen lekura.

Zer garrantzi du Ahotsak bezelako proiektu bat jendarteratzeak? Badihardugu Elkartearen helburua Ahotsak-en bildutako guztia jendearen eskura jartzea izan da hasiera-hasieratik. Ahozko ondarea bildu, gero antolatu, landu eta hedatzeko. Guretzat inportantea da jendeak proiektua ezagutzea eta erabiltzea, ahozko ondarea guztiona den altxorra dela iruditzen zaigu eta. Etenda egon den transmisioa egiteko bidea ere bada, gainera.

Ahozko ondarea jasotzeak zergatik da garrantzitsua? Esandako moduan, ahozko ondarea altxor bat da eta alderdi askotatik da aberatsa gure ondare hori jasotzea. Batetik, euskalkiak edo hizkerak jasotzen dira. Gure aurrekoen euskara bizi eta jatorra jasota geratzen da betiko. Bestetik, gure aurrekoen bizimoduaren berri jasotzen dugu, haien bizipenak, garai bateko errituak, ohiturak, lanbide zaharrak… Memoria historikoa. Eta, gainera, lehenengo pertsonan jasotzen dugu hori guztia, zuzeneko testigantzen bitartez.

Zenbat herritetako hizkera aurki genezake Ahotsaken? Une honetan 362 herritako grabazioak daude katalogatuta Ahotsak-en, baina oraindik ez dira egongo herri guztietako testigantzak entzungai. Hala ere, mordoxka bai!

Herri hizkerak biltzearekin abiatuta beste proiektu batzuk ere sortu dituztue. Ahotsak ikasgelan edo Gazte gara gazte. Nolako harrera izan dute? Bestelako proiektuek ere harrera ona izan dute, nahiz eta Ahotsak.eus den ezagunena. Ikasgelan inportantea da hezkuntzan ere Ahotsak-eko materiala erabiltzeko eta jakin badakigu irakasle askok erabiltzen dutela, gainera. Gazte Gara Gazte ere garrantzitsua iruditzen zaigu, gaztetxo eta nerabeengana iristeko. Horrez gain, gerrako kontuak biltzen dituen Gerrako ahotsak eta kantak eta ipuinak biltzen dituen Kontu eta Kanten Kantoia ere badauzkagu. Erabiltzaleei bidea errazten ahalegintzen gara webgune bereizi hauekin.

Zein dira Ahotsakek aurrera begira dituen proiektuak edo asmoak? Ba, alde batetik, orain artean bezala, gure webguneak elikatzen jarraituko dugu. Baina, horrez gain, datozen urteetan elkarrizketak egiten jarraitzea aurreikusten dugu. Proiektuaren hastapenetan gerra aurreko kontuak jasotzea zen helburu. Pixkanaka gerraosteko kontuak jasotzera pasa ginen eta datozen urteetan trantsizio garaiko kontuak (1950-1980) jaso nahi genituzke, mugimendu handiko sasoi interesgarria izan zen eta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude