“Ikaslearen konpetentziaren garapena bermatu nahi badugu, ezin dugu ezagutzak ebaluatzen bakarrik jarraitu”

“Euskal Curriculumaren garapen integrala: EKI proiektua” ikastaroak hartu du Eibarko Markeskoa. Harritokieta Beobide Egaña eta Maite Gomez Lete dira ikastaroaren gidari. Biak dira IkasElkarreko kide, Beobide EHIn Bigarren hezkuntzako gizarte zientzietako koordinatzailea da eta Gomez matematikakoa. Ederki ezagutzen dituzte EKI Proiektuaren xehetasunak eta eskolak emateko modu berri honek dituen onurak azaldu dizkigute.

IKUSI BIDEO ELKARRIZKETA

Euskal Curriculumaren garapen integrala izeneko ikastaroarekin ari zarete. Zer izan da bi egun hauetarako prestatu duzuena?

Maite Gomez: Euskal Curriculumetik abiatutako lau saio antolatu ditugu. Euskal Curriculumak konpromiso batzuk hartu zituen bere garaian hezkuntzarekin eta kulturarekin, eta EKI proiektua hor kokatzen den ikasmateriala da. Lehenengoan ezaugarri eta bereizgarriak kokatu ditugu. Bigarren saioan, Euskal Curriculuma finkatzen duen horretara hurbiltzea eta dakarren ikuskera aldaketa martxan jartzeak zer eskatzen duen aztertuko dugu. Ikaslea erdigunean badago iraskasleak ze eskuhartze hartu behar duen aztertuko dugu. Ebaluazioan zentratuko gara azken bi saioetan. Batetik, nola uztartu ebaluzioa eredu pedagokioarekin. Eta bestetik saioan ebaluazio hezigarriari emango diogu indarra.

 

Zein dira orain arte atera dituzuen ondorioak edo emaitzak?

Harritokieta Beobide: 2013an atera ziren lehenengo materialak, baina bost urte lehenago hasi ginen lanean. Proiektu bezala DBH osorako materialarekin hasi ginen eta gaur egun lehen hezkuntzako laugarren mailatatik aurrera hasten dira EKI proiektuarekin. Konpetentzietan oinarritutako ikasketa bat eta irakaskuntza bat posible eta egingarria dela konturatu gara. Horrek berak inplikatzen du metodologia eta irakaslearen rol aldaketa handi bat. Egingarria da, baina ez da aski ikasmateriala aldatzearekin. Eskolaren inguruko hainbat ezaugarri aldatu eta egokitu behar dira ikaslearen konpetentziaren garapena lortu nahi badugu.

Zertan laguntzen du proiektuka lan egiteak?

Maite Gomez: EKI proiektuaren ezaugarri nagusienetako bat da konpetentzien garapenean oinarritzen dela. Ikasleari gutxienez bi arazo egoera jartzen zaizkio. Arazo egoera horiek familia berekoak izaten dira eta ikasleari proposatzen dizkiogu. Helburua egoera berriei aurrei egiteko tresnak garatzea izango litzateke.

Harritokieta Beobide: Azkenean egoerak direlako tresna bakarra konpetentzien garapena lortzeko. Ezagutzaren eskuratzearekin ez da aski. Ikasleak ezagutza horiek aplikatu eta erabili egin beharko ditu arazo egoerei aurre eginez eta horrela bermatuko dugu ikasleen konpetentzia garatzen dela.

Beste ezaugarrietako bat integrazioaren pedagogia da. Zer da hori?

Maite Gomez: Ikasleekin aurrera eramateko eredu pedagogiko bat aukeratu behar zen eta integrazioarena aukeratu zen. Lovainako talde batekin aritu ginen lanean eta guk nahi genuen horretara gehien hurbiltzen zen eredua zen. Integrazioaren pedagokiak, konpetentziak eta egoerak binomio bat sortzen du eta ikasleak ekintzaren aurrean jartzen ditu.

Ikas-irakas prozesuak ebaluazioan ere badu bere pisua. Zergatik da garrantzitsua koherentzia hori mantetzea?

Harritokieta Beobide: Ikaslearen konpetentziaren garapena bermatu nahi badugu, ezin dugu ezagutzak ebaluatzen bakarrik jarraitu. Bestela ezagutzak irakasten bakarrik bukatuko genuke. Ebaluazioak hori egiten duelako: Zer ebaluatuko dut? Hori bakarrik prestatuko dut. Eta ikasleen kasuan ere gauza bera, irakasleak zer ebaluatuko duen jakinda hori bakarrik ikasiko luke. Ezagutza ebaluatu behar dela ez dago zalantzarik, baina ikaslearen konpetentziaren garapena ere ebaluatu behar da. Ikasleak hori ere jakin behar du, arazoei nola aurre egiten dien ebaluatuko dela.

Nola joango dira garatzen Euskal Curriculuma eta EKI?

Maite Gomez: Gauza asko ditugu hobetzeko eta etengabe ari gara ikasten. Buru belarri gabiltza ikas-irakas ebaluazioarekin lanean koherentzia uztartzeko. Proiektu eta egoera interdisziplinarrak pentsatzen ere ari gara arloen arteko zubiak eraikitzeko. Erronka asko ditugu, aniztasunaren ikuspegia nola tratatu adibidez. Sortu genuen EKI proiektuak ertz asko dituela konturatu garelako. Beti ikaslearen arrakasta zihurtatzeko eta material hobeak egiteko.

Harritokieta Beobide: Proiektua sortu genuenean arlo klasikoagoekin hasi ginen: matematika, hizkuntzak, natura… Momentu honetan EKI Berriak deitzen diogu, beste arloetara ere zabaldu dugulako, teknologiara edo musikara adibidez. Ikasleak ikutzen dituen arlo guztietara zabaldu dugu, eredu berdinetik eta koherentziaz joan daitezen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude