Donostiako Antigua-Luberri ikastetxea hartu dute UEUko 48. ikastaroek. Bertan, “Software librea ikastetxean: Luberri sistemaren instalazioa eta administrazioa” ikastaroa teoriko praktikoa egin dute. Alain Urizar informatikaria eta Antigua-Luberri BHIko IKT dinamizatzailea da ikastaroko arduradunetako eta irakasleetako bat eta Luberri sistemak eskaintzen dituen abantailei buruz galdetu diogu besteak beste.
• Zer eskaintzen du Luberri Sistema eragileak?
Sistema eragile batek Euskal Herriko ikastetxe batean behar duena eskaintzen du Luberrik. Ezaugarri nagusienen artean leudeke alde batetik egokitasuna, ikastetxeetara guztiz moldagarria baita eta hemen pentsatuta dagoela. Alegia, hemengo errealitatearentzat sortua eta hezkuntzarako egokiak diren aplikazioak ditu. Ia dena euskaratuta dago eta irekia denez, euskaratu gabe dagoena ere euskaratu daiteke.
Bestetik sistema eragile segurua da, ez garenez beste norbaiten hodeian identifikatzen, gure datuen segurtasuna babestua dago. Bere diseinuagatik, Linux sistemak edo Windows sistemak baino seguruagoa da eta gainera ez du birusik izaten. Ezezagunagoa denez erosotasuna kentzen dio, baina erabilera intuitiboa duenez erraz ikasten da eta oso erabilterraza da.
• Nondik sortu zen Luberri bezalako sistema eragile bat sortzeko beharra?
Gaur egun bezala, duela dozena bat urte ere, ikastetxeetan Windows zen nagusi. Alde batetik, dirutza publikoa uzten da Microsofteko lizentzietan (baita antibirusetan ere). Bestalde, nahiko sistema zurruna da, beraz ezin da ikastetxe bakoitzaren beharretara moldatu. Eta aldaketak ez dakigu non erabakitzen diren. Azkenik, gure ikasleen pribatutasunaren gaineko zalantzak ere hor daude. Hau guztiagatik, horri alternatiba justuago bat eskainiko zion sistema sortzea erabaki zen.
• Gaur egun zenbat ikastetxetan erabiltzen da Luberri?
40 ikastetxe ingurutan erabiltzen da, batzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago. Ikastetxeetaz gain Berritzeguneetan ere erabiltzean da, baita etxe askotan ere.
• Ubuntun oinarrituta, ze abantaila ditu?
Orain arte Ubuntu erabili bada ere, hemendik aurrera agian Mint erabiliko da. Bata zein bestea Linux gainean eraikitako sistemak dira. Abantaila nagusia software librea izatea da. Kodea irekia da, horrek gardena eta moldagarria izatea ahalbideratzen du. Beste abantaila aipagarri bat komunitatearena da. Sistema hauen atzean komunitate bat egoten da. Luberriren kasuan probak egiten ditu, hobekuntzak proposatu, akatsak zuzendu eta euskaratze lanak egiten ditu.
• Zergatik sustatu beharko litzateke Luberri bezalako sistema eragile bat ikastetxeetan?
Orain arte esandakoetan nahiko arrazoi badauden arren, beste bat gehituko nuke. Hain zuzen ere, burujabetzan sakontzeko sustatu beharko litzateke. Hau da, enpresa handien atzaparretatik aldentzeko, beraientzako bezeroak ez sortzeko.
• Zertan handitzen du ikasle eta irakasleen eraginkortasuna?
Aipatutakoz gain, Windows erabiliz ikasleak 200€ inguruko gastua egitera behartzen ditugu. Luberri eta bere aplikazioak erabiliz ikasleek ez dute lizentzietan dirurik gastatu behar.
• Orain arte erabiltzen den ikastetxeetan nolako erantzuna du irakasle eta ikasleen artean?
Hasieran errezelo apur batekin, ezezagunagoa delako. Behin erabiltzen hasita eta beldur hori gaindituta, ondo. Gainera, gaitasun digitalak garatzen laguntzen du, beste sistema eta ingurune bat eskaintzen dituelako.
• Ikastaro teorikoa eta praktikoa da, zer da bertaratutakoei eskaini nahi izan diezuena?
Gure asmoa teorikoa baino praktikoa izatea da. Instalazio bat (edo bi) egingo ditugu, deskargatu, prestatu, instalatu, eta konfiguratu. Nola egin ikastez gain, beldurra gal dezaten nahi dugu, instalazio eta konfigurazioekin trebatu daitezela. Luberri komunitatera kide berriak gehitu nahi ditugu.
• Zein izan dira probatu dituzuen aplikazioak?
Luberrik berak dituenak probatuko ditugu: bulegoa, grafikoak, hezkuntza… eta on-line irakaskuntzarako egokiak izan daitezkeen tresnak ere bai: OBS, Vokscreen, Peek… Baina bereziki Epoptes aplikazioa probatu nahi dugu. Gelaren monitorizazio eta kudeaketarako oso tresna interesgarria dela iruditzen zaigulako.