Ainhoa Berciano Alcaraz ertz asko dituen matematikaria da. Irakasle, ikertzaile eta kudeatzaile lanetan dihardu eta Matematikari Euskaldunen IV. Topaketa honetan hitzaldi nagusia emateko ardura izan du. “Prozesu matematikoen garrantzia matematikaren irakaskuntzan” hitzaldiarekin matematikak hezkuntzan duen garrantziaz aritu da.
Izenburu zabala duen hitzaldia aurkeztu duzu, zein izan da zure helburua?
Matematika irakasteko ze marko teoriko dauden aurkeztu nahi nuen. Marko teoriko hauek klasean martxan jarriz gero printzipio batzuk hartuta eta txertatuta ikasgelan izan daitezkeen onurak zein diren aurkeztu ditut.
3 matematikariren teoriak kontuan hartuta ikusi dugu matematika nola landu behar den ikasgelan modu esanguratsu batean. Prozesu matematikoen oinarria kontuan hartuta saiatu gara hor agertzen diren prozesu matematiko guztiak lantzen klasean modu sistematiko batean. Matematika errealistan oinarrituta ikusi dugu nola landu behar genukeen matematika eta nola pasa zehaztasunetik abstrakziora. Metodo hauek aplikatuta ikusi nahi izan dugu nolako garapen matematikoa izan duten ikasleek horri esker eta behin prozesuak txertatuta ze motatako argudio matematikoak ematen zituzten umeek fase desberdinetan.
Haur hezkuntzatik hasita eman behar genieke garrantzia matematikei?
Bai jakina. Haur hezkuntzan matematikari dagozkion kontzeptu eta gaitasun oinarrizkoak hasten dira lantzen. Orientazioarekiko kontzeptu batzuk adibidez haur hezkuntzan landu behar dira. Modu natural batean ikusi behar dute haurrek ze kontzeptu matematiko dauden lotuta orientazioarekin. Gaitasun matematikoak lantzen hasi behar da haur hezkuntzatik, ez zenbakiak ikasten bakarrik. Pentsamentu matematikoa zenbakiak baino askoz zabalagoa delako. Zenbakien esan nahia eta pentsamedu numerikoa ikasi behar dira baina baita geometriarekin loturiko kontzeptuak. Haur hezkuntzako umerrekin modu erraz eta ludikoan jolastu behar dugu matematika hurbilekoa izan dadin eurentzat.
Adin nagusiagoetan matematika klase magistralekin jarraitu beharko litzateke ala ikasleei protagonismoa eman?
Ez litzateke metodo bakarra modu unibertsalean tratatu behar. Matematika irakasteko eta ikasteko klase magistralak erabil daitezke, baina ikasleek haien ezagutzaren protagonista ere izan behar dute. Ikasleek eurek, protagonista izateko aukera izan behar dute klasean ideak azaltzeko edo argudio matematikoak justifikatzeko. Denak ez du ikaslearen gain geratu behar, bestela matematikaren didaktika ikertzeak ez luke zentzurik izango. Momentu batzuetan klase magistralak eman behar dira eta beste batzuetan ikasleen autonomia bultzatzeko problema matematikoak planteatu behar zaizkie eurek topa dezaten erantzuna. Irakasleok jakin behar ditugu nolako ikasleak ditugun estrategia desberdinak erabili eta egokitzeko.
Irakaskuntzan hasi zinenetik aldatu da matematikak irakasteko modua?
Eskolak asko aldatu dira eta espero dut aldatuko zela irakasteko modua ere. Mailaren, eskolaren arabera, irakasle batzuek agian gehiago erabiltzen dute klase magistrala beste batzuek ez hainbeste. Geroz eta aniztasun handiagoa dugu ikasleen artean eta aniztasun hori kontuan hartzen dugu irakasleok. Beti izango dugun kezketako bat izango da ikasleei nola eman behar dutena eta erantzun horiek emateko gauza berriak martxan jarri eta ikertzea. Eskolaren estruktura oso desberdina da, gelak oso desberdinak dira, baina egia da hezkuntzari begira, kasu batzuetan metodologiak berdinak izaten jarraitzen dutela. Oreka bilatzea da gakoa.
Matematika irakasle izango direnei ze aholku emango zenieke?
Ez naiz aholkuak eman oso zalea, baina bi gomendio emango nituzke. Batetik oso garrantzitsua dela matematikaren didaktikan formakuntza egitea. Metodologia berri bat martxan jarri nahi badute dituen alderdi onak eta txarrak aztertu behar direla. Zerbait berritzailea egin nahi baduzu klasean, ikertu egin behar da, ikusteko ea zure esperientziak dioena egiazkoa den ala ez ikusteko. Irakasle bezala ikasi behar dugu gure lanari buruzko ikerketa egiten eta horretarako formakuntza falta zaigu. Modan dagoen metodologia bat, zergatik dago modan? Atzean ikerketa bat du edo publizitate ona du? Hori ere aztertu beharko litzateke.
Bigarren aholkua berriz genero ikuspegiarekin dago lotuta. 12 urtetik aurrerako neskek zientziarekiko eta matematikekiko afektibitate negatiboa erakusten dute edo ez dute euren burua STEM disziplinetan ikusten eta hori bultzau behar dugu. Neskak oso onak dira arlo hauetan ere, baino heltzen doazen bezala ez dute euren burua STEM gaietan ikusten eta ahalduntze hori bultzatzea irakasleon lana da. STEM arloek ezin dute gizartearen erdia galdu, emakumeok ere badugu zeresana. Neskengan foku berezia jarri behar dugu, beraien autestima hobetu, gai direla erakutsi eta bidea egin dezaten.