Aitzol Astigarraga: “Buru-belarri gabiltza Euskarazko Online Unibertsitatea sortzen”

UEUk, UPV/EHUren zentro atxiki gisa, irakasleen prestakuntza unibertsitate masterra emango du lehendabiziko aldiz 2020-2021 ikasturtean; euskaraz eta online izango da. Izena emateko epea zabalik dago dagoeneko, eta masterraren gainean gehiago jakin asmoz, Aitzol Astigarraga Pagoaga arduradunarekin izan gara.

2020/2021 ikasturterako Irakasleen Prestakuntza Unibertsitate Masterra eskainiko du UEUk. Euskaraz eta online izango da. Pausu garrantzitsua da UEUrentzat…
Bai, zalantzarik gabe. Batetik, aspaldiko eskaera bati erantzuna emango diolako. Urtero ikasle ugarik erdal unibertsitateetara jotzen du master hau egitera; aurrez aurrekoa lanagatik edo bestelako kontziliazio arazoengatik egiterik ez, eta hemengo online eskaintza urrian lekurik topatzen ez dutelako. Gure online eskaintzarekin, 120 ikasleri lekua egingo die UEUk, euskaraz eta euskal curriculumean prestatu daitezen irakasle izateko. Bestetik, hasieratik helburu izan dugun euskarazko unibertsitate ireki baterantz emandako pausu garrantzitsua ere bada. Orain artean, 12 graduondoko eskaini ditugu online, berezko titulu gisa. EHUrekin lankidetza sinatu eta master ofizial bat emango dugun lehen aldia da. 2016an UEUk Euskarazko Online Unibertsitatea sortzeko proposamena publiko egin zuen eta ordutik hona horretan gabiltza buru-belarri. Pausu garrantzitsua da, baina honen atzetik gehiago ere eman nahi genituzke.

UPV/EHUk eskaintzen duen masterraren online modalitatea da…
Hala da, bai. UPV/EHUk eskaintzen duen Irakasleen Prestakuntza Masterrak bi modalitate izango ditu datorren ikasturtetik aurrera: presentziala bata, UPV/EHUk berak emango duena; eta online modalitatea bestea, UEUren bitartez izango dena. Masterra bat bakarra izango da, eta ikasleak bi modalitateen artean aukeratu ahal izango du.

Horretarako, UPV/EHUrekin hitzarmena sinatu zuen UEUk eta, GOI (Goimailako Online Institutua) ikastegiaren bitartez, haren Ikastegi Atxiki bihurtu. Atxikitze formula erabili da, EHUk bere egitura eta baliabideen bitartez modalitate berriari egokiro erantzuteko ahalmenik ez daukalako, gaur egun. UEUri aitortu dio online modalitate hori abiatu eta kudeatzeko gaitasuna, eta horretarako eskumena eman.

Masterra lehenengoz eskainiko duen arren, UEUk badu esperientzia online irakaskuntzan eta bere online pedagogia ereduan oinarrituko da masterra. Zein ezaugarri ditu pedagogia honek?
Online irakaskuntzarako eredu pedagogikoak lau printzipio nagusi dauzka. Lehenengoa pertsonengan zentratua dela: gaitasunetan oinarritutako irakaskuntza bideratzen dugu. Bigarrena balioetan oinarrituta dagoela: teknologia ikaskuntza sozialaren zerbitzura jartzen dugu. Hirugarrena ikaskuntza era autonomo eta esanguratsua bultzatzen duena dela: ebaluazio formatiboa ahalbidetzen dugu. Azkenik, irakastetik ikastera jauzi egin nahi duela: ikaslea erdigunean jarriz, irakaskuntzatik ikaskuntzarako bidea sustatzen dugu.

Printzipioak, bere horretan, hitz hutsetan geratzeko arriskua handia da. Gure erabaki eta praktikak eredu horrek ezarritako norabidean hartzea da egiteko zailenetakoa. Horretan gabiltza UEUn aspaldiko urteetan: 2017an aurkeztu genuen Online Eredu Pedagogikoaren lehen bertsioa. Ordutik hona eskarmentu handia izan dugu goi-mailako online irakaskuntzan eta aurten eredu hori berrikusten eta eguneratzen ari gara.

Momentuz, hiru espezialitate izango dira online. Zeintzuk?
Aurrez aurreko masterrean eskaera handiena zeukaten 3 espezialitateak aukeratu ditugu lehenbiziko ikasturterako: Natur Zientziak eta Matematika; Giza eta Gizarte Zientziak; eta Hizkuntza eta Literatura. Gure asmoa da, hala ere, bigarren ikasturtetik aurrera eskaintza hori zabaldu eta espezialitate berriak eskaini ahal izatea.

Espezialitate bakoitzean, 40 ikasle onartuko ditugu gehienez, hau da, 120 guztira. Talde txikiekin aritzea online irakaskuntzaren kalitatea bermatzearren egin dugu. Ikasleen jarraipena eta dinamizazioa egokiak izan daitezen.

Online izango den arren, aurrez aurreko ebaluazio-saioak ere izango dira…
Ikasturte osorako 9 saio presentzial programatu ditugu, guztiak larunbat goizetan. Aurrez aurreko saioak moduluetako irakasgaiei amaiera emateko, curriculumaren jarraipenerako eta Master Amaierako lanaren gidaritza eta tutoretza-lanak egiteko baliatuko dira, besteak beste. Ez dira guztiak ebaluazio-saioak izango, beraz. Asteburuetan kokatu ditugu saioak lanarekin edo bestelako jarduerekin bateragarritasuna errazte aldera, ikasleek beraiek hala eskatuta.

Eta nahitaezko praktikak ere izango dira ikastetxeetan…
Martxoan, ikasgaiak amaitzean, 190 orduko praktikaldia burutu beharko du ikasleak ikastetxe edo hezkuntza-erakunde batean, 8 astetan zehar eta aurrez aurreko modalitatean.

Praktika horiek aukera egokia eskaintzen dute irakaskuntza esperientziari buruzko hausnarketa egiteko, ordura arteko gaietan lortutako ezagutzak oinarri hartuta.

Berrikuntza Ikasgelan hautazko ibilbidea ere eskainiko da. Zertan datza?
Espezialitate bakoitzean ikasle talde txiki batek Berrikuntza Ikasgelan hautazko ibilbidea egiteko aukera izango du, 6 ECTStako karga izango duen ikasgaiaren bitartez. Berrikuntza eta ikerkuntza ardatz dituen ikasgai honetan, ikasleak aukeratutako hezkuntza zentroan modu praktikoan eskuratuko ditu ikasgaiari lotutako gaitasunak, trebakuntza praktikoaren iraupena luzatuz. Ikastolen Elkartearekin lankidetzan jarri dugu martxan ibilbide hau, ikasleek berrikuntza egitasmoak bertatik ezagutu eta ekarpenak egiteko aukera izango dutelarik.

Izen emateko epea zabalik dago. Izena eman nahi dutenek zer hartu beharko dute kontuan? (hizkuntza eskakizunak, epeak….)
Izen-ematea webgunetik bertatik egin daiteke pausu gutxi batzuetan. Lehenbiziko lana espezialitatea aukeratzea izango da. Gure titulazioaren arabera, bata ala bestea egokituko zaigu. Webgunean, espezialitate bakoitzari dagozkion sarbideko tituluak zeintzuk diren zehazten da. Behin espezialitatea aukeratuta, izen-emate formularioa bete beharko dugu eta ondoko dokumentuak aurkeztu: Ziurtagiri Akademikoa (batezbesteko nota jasotzen duen agiria), atzerriko hizkuntzako B1 mailaren titulu baliokidea eta euskarako B2 mailako ziurtagiria.

Garai aldrebesak bizitzea egokitzen ari zaigu eta dokumentuak eta ziurtagiriak biltzea ez da kasu batzuetan batere erraza. Maiatzak 25 arteko epea dago eta lasai hartu, epe barruan iristen diren eskaera guztiak berdin kontsideratuko ditugu-eta. Data hurbildu ahala arazoak bere horretan segitzen badu, jarri gurekin harremanetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude