Oier Ateka “Osasun langileen formakuntza sistema aspaldi geratu zen zaharkituta”

UEUko Osasun sailak “Osasun Hezkuntza” ren inguruko mahai-ingurua antolatu du Bilbon martxoaren 12rako. UPV/EHUren laguntzarekin antolatutako osasunari buruzko mahai-inguru zikloaren barruan antolatu dute eta Oier Ateka Barrutia UEUko osasun sailburuak egingo du moderatzaile lana. Barne medikuntzako sendagilea da Ateka eta UPV/EHUko irakaslea.

Ziklo hau zein hutsune betetzera dator?
UEUko Osasun Sailetik aspalditik ikusten genuen badaudela, osasun langile, irakasle eta ikasle zein populazio orokorrari eragiten dioten gai asko, ikuspuntu kritiko eta zabal batetik lantzeko beharra. Gai asko planteatu genituen eta, azkenean, hasteko, aukeratu ditugun hirurekin abiatzea erabaki genuen: politika, hezkuntza eta genomikaren aspektu etikoak.

Osasun hezkuntza izeneko mahai inguruan izango zara moderatzaile. Zein ikuspuntutatik landuko duzue gaia?
Gaur egun, gure osasun hezkuntza modeloari buruzko eztabaida guneak topatzea zaila da. Gure helburua gaiari daukan garrantzia onartzea da; momentu honetan gai horren esparru ezberdinetan zer esana daukaten talde eta erakundeetako partaide ezberdinak elkartuz, beraien ikuspuntuak azaldu eta eztabaidatzeko. Bertan, osasunaren hezkuntzari buruzko gai potolo eta garrantzitsu asko era dinamiko baten azaltzea eta lantzea espero dugu.

Zer azpimarratzea gustatuko litzaizuke?
Osasun langileen formakuntzaren sistema eta modeloa aspaldi zaharkituta geratu zen. XXI. mendean metodologia eta plan berritzaileak planteatu behar ditugu eta UEUko Osasun Sailetik helburu horrekin eztabaida gune eta formakuntza ekimenak sustatzeko erronkan jarduten jarraitu nahi dugu. Horren isla martxoko mahai inguru ziklo hau, non profesionalak zein kaleko jende guztia gonbidatuta dagoen.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude