Nerea Redondo: “Hizkuntza emozionalaren hiztegia oso mugatua dugu”

UEUren udaberriko eskaintzaren barruan, “Emoziotegia” izeneko ikastaroa izango da Iruñean Nerea Redondo Otamendiren eskutik. Formakuntza Erraztailea eta Coaching metodologian aritua da Redondo. Soziologian Lizentziaduna ere bada eta PNL Masterduna.

Emozio guztiak ez dira berdin onartzen. Sentimendu onak eta txarrak al daude?
Sentimendu guztiek, guretzat garrantzitsua den zerbaitez abisatzen digute. Onak edo txarrak baino, hauekin nola sentitzen garen, zertan eragiten diguten, zertarako erabili ditzakegun, nola erreakzionatzen dugun… Aipatutako adibide hauetan arreta jartzea da proposatzen dudana.

Ezagutzen al ditugu gure sentimenduak?
Hizkuntza emozionalaren hiztegia oso mugatua izan ohi dugu. Ondo edo gaizki ez dira sentimenduak, bakoitzaren balorazioak baizik. Gutako gehiengoak nola gauden galdetzen digutenean ondo edo gaizki esateko ohitura daukagu. 

Zer dakar sentimenduak ez identifikatzeak?
Besteon jokaera, esaten dutena, egiten digutena, epaitzea dakar sentimenduak ez identifikatzeak. Ni ondo edo gaizki sentituko naiz, beste horrek egiten duen edo esaten duenaren arabera, edo kanpo faktoreen arabera. 

Eta, alderantziz, emozioak lantzeak zertan lagunduko digu?
Ni neu erdigunean jartzen eta nire esku, nire gain dauden baliabideak erabiltzeko aukera zabalduko dut. Nik zer sentitzen dudan, nondik datorren sentimendu hori, zer egiteko ohitura dudan identifikatuko dut, eta sentimendu hori nola kudeatu ikasi dezaket. Ez naiz era batean edo bestean sentituko besteen arabera; baizik eta nik nire sentimenduen, nire funtzionatzeko eraren ardura hartu, eta aldaketarako aukera irekiko zait.

Ez ditugu besteak aldatuko, eta ez dira gure arazo guztiak konponduko; baina, nik beste era batean biziko dut; nire pertsonatik, nire entrenamenduaren arabera; nire esku dagoena nik kudeatuz eta ez besteek. Ariketa honek ikuspegia aldatzen lagunduko dit, eta honek niregan nire garapen pertsonalean eragina edukiko du. Ni indartu eta ahaldunduko nau, tresna bat gehiago edukiko dut bizitzako motxilan. 

Zer da ikastaroan zehatz-mehatz landuko duzuna? Zein izango da metodologia?
Lehenik sentimenduen hiztegia osatuko dugu guztion artean, horregatik Emoziotegia izenburua. Hortik aurrera, pertsona bakoitza desberdina dela abiapuntu hartuta; eta, gainera, une bakoitzean desberdin gaudela ohartu eta onartuz; harremanetan sakonduko dugu. Horretarako sentimendu desberdinen atzean zein beste sentimendu dauden aurkitzeko tresnak landuko ditugu; eta sentimendu desberdin hauek sentitu eta kudeatzeko abileziak ere entrenatuko ditugu. Metodologia parte hartzailea da, inor behartu gabe noski, ariketa eta praktika bidez esperimentatuko dugu. Zerbaitek funtzionatzen ez duela erabaki aurretik, probatzea izango da nire gonbidapena beti.

Nori zuzendutako ikastaroa da?
Edonori. Sentitzen dut, beraz existitzen naiz!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude