Angel Bidaurrazaga: “Osasunaren inguruan negozioa sustatzea arriskutsua iruditzen zaigu”

UEUko Osasun sailak, UPV/EHUren laguntzarekin, osasunari buruzko mahai-inguru zikloa antolatu du martxorako Bilbon. Mahai-inguruak Bilboko UPV/EHUren esperientzien geletako egoitzan izango dira. Angel Bidaurrazaga Vandierdonch doktore, mediku eta UEUko osasun saileko kidearekin izan gara.

Zerk eraman zaituzte hitzaldi ziklo hau antolatzera?
Osasun politika, hezkuntza eta genetikaren berritasunak dakartzan etika arazoak gai interesgarritzat hartu ditugu, publiko zabalari zuzendutako mahai inguruak antolatzeko.

“Osasuna ezkerretik” izango da aurreneko mahai- ingurua. Moderatzaile lana egingo duzu bertan. Zer da aztertuko dena zehatz-mehatz?
Osasun politikan ezkerreko alderdiek dituzten asmo nagusiak azaltzeko saiakera egin nahi dugu, askotan eskuinaren pribatizazio joerak oso gizarteratuta daudelako gure irudiz. Osasunaren inguruan negozioa sustatzea arriskutsua iruditzen zaigu.

Osasun hezkuntzaz ere jardungo duzue aurrerago, zein ikuspuntutatik?
Ikuspegi akademikoaz gain gizartearen osasun arloko jakintza apalduz joan da eta beste bide batzuen beharra ikusten dugu. Ikasketak gainera oso ikuspuntu biologistatik eta farmakoen gainean antolatuta daudela uste dugu; eta beste osasun faktore ugari bidean geratzen dira.

Beste zein gai landuko duzue?
Genetikaren aurrerapen itzelak arrisku batzuk dakartza: froga genetikoen manipulazio komertziala, jendearen hipokondria areagotzea; eta aurrerapenen aurrean, lege edo araudien falta arazo berrien aurrean.

Nori zuzendutako zikloa da?
Jende orokorrari zuzenduta dago, heziketa modu bat bezala ikusten ditugu mahai inguru hauek, unibertsitatearen transmisio bezala gizarteari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude