Amaia Alvarez Uria: “Kulturaren historia idaztean boterea duen kolektiboak aukeratzen du kanona”

Euskal kultur sorkuntza kultur kritika feministaren begiradapean”  jardunaldia izango da datorren martxoaren 28an Eibarren. Helburuetako bat Euskal literaturaren historiografiako hutsune batzuk betetzea da; eta horren harira, Amaia Alvarez Uria UPV/EHUko irakasleak “Kulturaren historiografia: berrikusketa feministak. Katalina Eleizegiren antzerkigintza eta Mayi Peloten zientzia-fikziozko narrazioak” izeneko hitzaldia emango du.

Euskal literaturaren historiografiako hutsune batzuk betetzea da jardunaldion helburuetako bat. Zenbat emakume sortzaile historiografiak ahaztuta…
Kulturara hurbiltzen garenean hasierako inpresioa oso androzentrikoa izaten da, erreferenteak beti dira gizonak. Euskal kulturaren kasuan Google-en bilaketa azkar bat egiten badugu, literaturan Gabriel Aresti eta Bernardo Atxaga agertuko zaizkigu, musikan Kortatu eta SuTaGar, eta zineman Tasio eta Handia. Historia idaztean boterea duen kolektiboak aukeratzen du kanona, klasikoak zein izan behar diren; egiteko modu eredugarriak zehazten dituzte. Sistema kapitalista, patriarkal eta arrazista honetan badakigu zeinek topatuko dituen ateak zabalik eta zeinek ez. Horregatik da garrantzitsua baztertutako, desagerrazitako, eta gutxietsitako sortzaileak bilatzea eta argitara ekartzea; haien artean emakume sortzaileak.

Tesia Katalina Eleizegi antzerkigilearen inguruan egin zenuen. Zerk eraman zintuen berarengana? Zein izan da Eleizegiren ekarpena?
Hasieran euskal literaturako emakume idazleak ezagutzea nuen helburu, haiek idatzitako lanen berri izatea. Euskal Filologia egin nuenean faltan izan nituen andrazkoen lanetara ailegatzea. Zer idatzi dute euskal emakume idazleek literatura garaikidean? Hori errazagoa zen. Eskuragarriagoa. Baina, zer idatzi zuten gerra zibilaren aurretik? Zein andra zebilen idazten XX. mendearen hasieran? Bizenta Mogel eta gero, nortzuk etorri ziren? Hor topatu nuen Katalina Eleizegi, beste batzuen artean.

Eleizegik bere antzezlanetan emakume protagonistak taularatzen zituen. Ahotsa ematen zien, ez bakarrik eredu hegemonikoak zirenei, beste antzerkigileek egiten zuten bezala, baizik eta “bestelako” emakumeei ere bai (sorgina, ez-euskalduna, ama-lurra, haur eta zaharrak, emakume modernoa, aberats eta pobreak, “gizon bezala bizi zen emakumea”, …). Bere garaikideek ez bezala garaiko aniztasuna azaltzen zuen tentsioan zeuden izateko eta bizitzeko moduak elkarren ondoan kokatuz.

Hasieran berarengana hurbildu nintzen Katalina Erausori buruzko antzezlana idatzi zuelako eta euskal erreferente “transgenero”tzat hartu daitekeena izan zuelako ardatz idatzi zuen azken antzezlanetako batean; baina denborarekin joan naiz beste antzezlan batzuetan ere harribitxiak topatzen. Seguru nago, etorkizunean, jarraituko dudala beste ertz batzuk deskubritzen Eleizegiren lanetan.

Mayi Pelot idazlea ere ekarriko duzu plazaren erdigunera. Euskal literaturan zientzia fikzioa lantzen aitzindarietako bat. Peloten kasuan erabiltzen zuen hizkuntza da nabarmendu beharrekoa?
Mayi Pelotengana nire bizitzan une desberdinetan hurbildu naiz eta aldi bakoitzean bere inguruan eta bere obraren inguruan dauden misterioak argitzen saiatu naiz. Oso informazio gutxi dago berari buruz eta bere lana duela gutxi arte oso ezezaguna zen Euskal Herrian, bereziki Hegoaldean. Bere heriotzaren berri izan genuenean Sareinak taldekoak Maiatz taldekoekin kontaktuan jarri ginen eta Baionako Zizpa gaztetxean omenalditxoa antolatu genion. Horren aitzakian bere lan guztiak bildu eta argitaratzea lortu genuen. Polita izango litzateke norbait animatuko balitz bere lana aztertzera. Ez delako soilik interesgarria hizkuntzarekin egin zuen lanketa (neologismoak asmatu zituen objektu eta leku futuristak izendatzeko, adibidez), gaztetan ikasi zuen hizkuntzan. Zientzia fikzioan ere bere ekarpentxoa egin zuen euskal letretan. Frantsesez eta beste erdal hizkuntza batzuetan irakurritakoak izan zituen eredu bereak euskaraz idazteko. Gainera, garaiko beldur eta kezkak agertzen dira bere lanetan; izan ere, egungo Black mirror edo Years and years modukoak eman zituen literatur lanen formatuan. Hori bakarrik narrazioetan. Oraindik ez direlako ikertu bere olerkiak eta haietan egiten zituen jolasak hitz eta fonemekin; edo nori eskaintzen zizkion bere testuak Maiatz aldizkarian eta zein harreman sare zuten 80ko hamarkada gorabeheratsuan.

Zer azpimarratu nahiko zenuke zure hitzartzean?
Kontuan izanda Euskal kultur sorkuntza eta kritika feminista graduondokoaren lehen promozioa izango dela bertan, gustatuko litzaidake bi emakume literaturgile hauek deskubritzean sentitu dudan ilusioa eta kuriositatea transmititzea; eta, agian, baten bat animatu euskal literaturaren historia osatzera; edo euskal kulturan orain arte egon diren hutsuneak betetzera. Jendea behar da nire belaunaldian jaso dugun historia osatzeko eta eraldatzeko, belaunaldi berriek erreferente errealak, anitzak eta askotarikoak izan ditzaten, “egon direlako gaude eta egongo gara” esan dezaten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude