“Kultur esparruen arteko zubiak eta dinamikak eraikitzea beharrezkoa da”

“Euskal kultur sorkuntza kultur kritika feministaren begiradapean” jardunaldia antolatu du UEUk datorren martxoaren 28rako Eibarren. Iratxe Retolaza Gutierrez eta Amaia Serrano Mariezkurrena UEUko literatura saileko sailburuak dira antolatzaileak. Izena emateko epea irekita dago.

Non kokatu behar dugu jardunaldi hau?
Euskal Kultur Sorkuntza eta Kritika Feminista graduondokoaren testuinguruan antolatu dugu jardunaldia, hiru helburu hauek uztartzeko asmoz: lehenik, graduondoko ikasleek jardunaldi hauetan aukera izango dute Kultur Kritika Feministaren ikuspegitik interesgarri izan daitezkeen bestelako ekarpenak eta ahotsak ezagutzeko: bigarrenik, graduondokoan ikasle ez direnei, baina Kultur Kritika Feministan interesa dutenei, esparru horren inguruko gogoeta-gune batean parte hartzeko aukera eman nahi genien; hirugarrenik, zubiak eraiki nahi genituen graduondoko ikasleen eta bestelako eragile zein parte-hartzaileen artean, euskal kulturako sare feminista sendotzeari begira.

Zeintzuk dira une honetan kultur kritika feministaren erronkak?
Erronka ugari ditu, baina, erronka nagusietariko batzuk hauek dira: batetik, euskal kulturatik eta euskal kulturari erreparatzeko baliagarri diren Kultur Kritika eta Teoria Feministak garatzea premiazkoa da, geure kultur dinamikak geure begirada feministatik aztertzeko eta birpentsatzeko; bestetik, euskal kulturan kritika zein teoriaren ikuspegitik askotan esparruak modu berezituan aztertzen dira, baita kritika feministaren ikuspegitik ere; eta gure ustez, kultur esparruen arteko zubiak eta dinamikak eraikitzea beharrezkoa da; are gehiago, Kultur Kritika eta Teoria Feminista zorrotz bat garatu nahi badugu.

Euskal literaturaren historiografiako hutsune batzuk betetzea dela diozue jardunaldion helburuetako bat. Antzerkian eta zientzia-fikzioan jarri duzue azpimarra. Zergatik?
Kultur Historiografian askotxo dira ahaztu diren ekarpenak; oro har, euskal kulturaren transmisioan zein gizarteratzean etenak egon direlako; baina eten horiek areagotu egin dira sortzaile emakumeen kasuan. Hain zuen ere, sortzaile emakume batzuen ekarpena berreskuratu eta aztertu du Amaia Alvarez Uriak, eta historiografian eginiko arakatze-lan hori izango du hizpide, bi sortzaile hauen eskutik: Katalina Eleizegi eta Mayi Pelot.

Atzera begirakoaz gain, historiaren berrirakurketaz gain, Euskal kultur sorkuntza garaikidean abian jarritako proiektuak ere izango dituzue aipagai. Zein eratako proiektuak dira?
Kultur sorkuntzari erreparatzeko ikuspegi propioa garatu duten proiektuak izango ditugu hizpide, eta sortzaile emakumeek gidaturiko proiektuetan arreta jarri nahi izan dugu. Proiektu horietan esku-hartzea, parte-hartzea eta komunitatearen ideiak ere jorratzen dira, eta ahotsa eman nahi izan diegu ekimen horiek sustatu eta indartu dituztenei, prozesuak nolakoak izan diren ezagutzeko. Esate baterako, Azala sormen-gunea edo Elirale konpainiaren ekimenak ditugu halakoak, edo Garaion Sorgingunea. Ez dugu horien guztien lekukotza eta ahotsa entzungo; baina, horietariko batzuen ekarpenak jasoko ditugu, eta bide batez, beste proiektuen berri ere emango dugu.

Euskal Kultur sorkuntzaren inguruko jardunaldia bada ere, kultur kudeaketan sortzen diren genero-logikez eta genero-gatazkez hitz egiteko tartea ere izango da. Hauek identifikatzea da helburua?
Hori da. Izan ere, kultur kritika feministak ez du bakarrik sormen-prozesua, obra artistikoa edo historiografia aztergai, kultur ekimenen kudeaketa-prozesuak ere baditu gogoetagai. Horregatik, kultur kudeaketan ibilbide luzea duten emakumeak gonbidatu ditugu, euren esperientziaren berri izateko, eta ibilbide horretan genero-logikarik antzeman duten jakiteko. Bide batez, kudeatzaile horien jarduna ikusgai egin nahi dugu; betiere sukalde-lan hori bigarren mailan geratu ohi delako, ezkutuan, eta kudeaketa premiazko jarduna da kultur sorkuntzen gizarteratzean zein zabalkundean.

Zer lortu nahiko zenukete jardunaldi hauekin?
Batetik, kultur esparruan jarduten duten eragile zenbaiten lana ikusgai egin nahi dugu (ikertzaile, kritikari, irakasle, sortzaile, kudeatzaile…); bestetik, kultur kritika feministaren inguruko gogoeta-gune bat sortu nahi dugu, erronkak eta premiak identifikatzeko; azkenik, euskal kulturaren esparru ezberdinetan (literaturan, antzerkian, komikian, artean…) eta hainbat jardunetan (sorkuntzan, kultur dinamizazioan, kultur kudeaketan, ikerkuntzan, unibertsitatean…) dauden dinamikez jardun nahi dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude